Mahala Binakako Euskal Pentatloia 2021

Herri kirolen lehia eta festa

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 5a, 11:58

Tolosako zezen plazan elkartu ziren txapelketan parte hartuko duten ia kirolari guztiak.

Maiatzean zein ekainean Tolosako zezen plazan herri kirolari ugari elkartuko dira, binakako pentatloi txapeldun berriak izateko asmoz.

Mahala Binakako Pentatloi Txapelketa hartuko du Tolosako zezen plazak. Aurtengoan gizonezkoetan kanporaketa ere egingo da, hamabi bikotek eman baitute izena, eta lehenengo aldiz egingo da emakumezkoen lehia. Gizonezkoen kanporaketa maiatzaren 29an izango da eta bi finalak ekainaren 20an egingo dira.

Hogeita hamar kirolari izango dira, beraz, lehian aurtengo binakako txapelketan, eta orain gutxi ia guztiak elkartu ziren Tolosako zezen plazan, argazkiak atera eta irudiak hartzeko. «Sentsazio berezia izan zen», azaldu du Gari Etxeberria amasarrak, txapelketaren antolatzaileak. «Txapelketa gorpuzten ari dela ikusi da, eta zezen plazan egindako topaketan ikusi zen jendea gogoz dagoela, lehiarako prestatzen ari dela, eta ez datorrela jolasera».

Gizonezkoetan, askotariko bikoteak daude. Eskualdeko parte hartzaile bakarra da Iñaki Errazkin tolosarra eta iazkoan bezala, Aratz Mugertzarekin osatuko du bikotea. Iaz ezin izan zuten bukatu proba, Mugertzak arazo fisikoak izan zituelako. Errazkinek banakakoan erakutsi zuen maila duela, finalera sartuz. Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a osaba-ilobek osatzen dute beste bikoteetako bat. Izeta III.a harri-jasotze mundutik dator eta bere iloba krosfitetik. Azken hau iazko Binakako Pentatloi Txapelketako irabazlea izan zen Arria V.a-rekin. Benat Amade eta Aritz Irazabal bizkaitarrek parte hartuko dute ere. Amade iaz Bizkaiko txapelduna izan zen euskal pentatloian. Jagoba Otaegi harri-jasotzaile eta Luis Txapartegi aizkolari aizarnarrek osatuko dute beste bikote bat.

Kepa Peñagarikano pilotari ohi eta Gorka Etxeberria harri-jasotzaile gipuzkoarrak ariko dira elkarrekin. Bizkaitik etorriko dira Ousmane Drame eta Mikel Agirre. Dramek Senegalgo jatorria du, eta azken urteotan herri kirolen munduan sartuta dabil. Agirre harri-jasotzen ibilitakoa da, eta iazko txapelketan parte hartu zuen. Espainiatik, Segoviatik zehazki, Dani España eta Julio Jimenez ariko dira, azken hau harri-jasotzen aritutakoa.

Jon Unanue Goenatxo III.a harri jasotzaile azkoitiarrak eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak bikote interesgarria osatzen dute. Ea nola eramaten duten bakoitzak bere kirolean duen maila pentatloian. Antzeko bikotea osatzen dute Aitzol Atutxa aizkolariak eta Inhar Urruzuno harri-jasotzaileak. Bizkaitarrek zeresana ematea espero da. Bizkaitik ere etorriko dira Jon Gisasola Zelai V.a eta Ioritz Gisasola Zelai IV.a lehengusuak. Nafarrak ere izango dira lehian, Xabier Urrutia eta Julen Kañamares. Aurreko urtean Tolosan izan ziren eta aurten errepikatuko dute. Joxe Martin Bustinza Tubi bizkaitarrak eta Jokin Eizmendi gipuzkoarrak osatuko dute beste bikotea. Tubi lastoa altxatzen eta lastoa botatzen Euskal Herriko txapelduna izan da azken hamar urteetan, eta Eizmendi goi mailako harri-jasotzailea da.

SEI BIKOTE FINALERA

Gizonezkoen kanporaketan, hamabi bikoteetatik sei azkarrenak pasako dira finalera. Kanporaketan, harri-jasotzen 20 jasoaldi egin beharko ditu bikote bakoitzak 100 kiloko bolarekin eta gutxien jasotzen duenak behintzat zortzi jasoaldi egin beharko ditu. Giza proban bi plaza egin behar dituzte 400 kiloko harriarekin, eta bakoitzak bana egin beharko du. Aizkoran bi kanaerdiko, eta enbor erdi bakoitzeko gutxien egiten duenak gutxienez hamabost kolpe eman behar dizkio. 50 kiloko txingekin sei plaza egin behar dituzte, bakoitzak hiruna. Korrikako saioan bi kilometro, eta gutxien egiten duenak gutxienez 8 itzuli plazari. Kanporaketan lau txanda izango dira, eta txanda bakoitzean hiru bikote ariko dira. Lehen sei denbora onena egiten dutenek pasako dira finalera.

Emakumezkoak lehen aldiz ariko dira euskal pentatloian lehiatzen. Hiru bikotek parte hartuko dute, zuzenean finala jokatuz. Karmele Gisasola Zelai III.a bizkaitarrak eta Uxue Ansorregi gipuzkoarrak osatutakoa izango da bikoteetako bat. Bestea Garazi Arruti eta Lucia Orbe bizkaitarrek osatu dute. Eta hirugarrena Claudia Lucia Muñoz eta Julia Martinez espainiarrek osatu dute, Segovia eta Avilatik datozenak, hain justu. Gizonezkoek kanporaketan egingo duten lan bera izango da, baina pisuak aldatuta. Harria 63 kilokoa izango da, giza probakoa 250 kilokoa, aizkoran 45 ontzako enborrak moztu beharko dituzte, eta txingak 25 kilokoak izango dira. Azken finean, kirol bakoitzeko txapelketan erabiltzen diren pisuak erabiliko dituzte.

Txapelketak babesle nagusiaren izena du aurten, Leaburuko Mahala etxearena. «Eskertzekoa da egin duten apustua», esan du Etxeberriak. Horrez gain, ETBk jarraipena egingo dio txapelketari. Gizonezkoen kanporaketa egunean emango du eta bi finalak zuzenean eskainiko ditu. Oraingoz ez dakite antolatzaileek publikoak egon ahal izango duen, eta hala bada, ze kopurutan izango den. «Euskal pentatloiak publiko aldetik sekulako arrakasta izan du», esan du Etxeberriak. «Iazko saioak mugatu behar izan ziren eta pena izan zen plaza ez betetzea, baina aurtengoan iazko jende kopurua sartu ahal bada, gustura hartuko genuke. Ea behintzat jendea sartu ahal den ikustera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!