Ikasturte berrirako prezio publikoak izoztea erabaki du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 5a, 07:58

Guraso bakarreko familiek familia ugarien onura berdinak jasoko dituzte, eta zaurgarritasun egoeran daudenek jaitsierak izango dituzte; lehen kreditu aldaketen berri ere eman dute osoko bilkuran.

Udazkenean, 2021erako udal tasa eta zerga guztiak izoztea erabaki zuen Tolosako Udalak. Orain, berriz, hurrengo ikasturterako prezio publikoak izozteko erabakia hartu du. Gauzak horrela, Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako, kultur etxeko eta Aitzol Udal Euskaltegiko ikastaroetako prezioak bere horretan mantenduko dira 2021-2022 ikasturtean.

Neurri honen ondorioz, guraso bakarreko familiek, familia ugariek gaur egun dituzten onura berdinak izango dituzte. Musika eskolako eta kultur etxeko tailerren kasuan, %50eko jaitsiera izango dute prezioetan; euskaltegian, berriz, ez dute matrikularik ordainduko. Bestetik, zaurgarritasun egoeran dauden familiei, %25etik %95era bitarteko jaitsierak aplikatuko zaizkie, bizikidetza unitateko kide kopuruaren eta horiek dituzten diru sarrera gordinen araberakoak. Azkenik, aurrerantzean ez dira automatikoki berrituko kultur tailerretako izen emateak.

Bestalde, gizarte zerbitzuak osatu eta hobetzeko helburuarekin, azken urteotan, eskaintzen diren zerbitzuak indartu edota berriak martxan jarri dituzte. Orain, hezkuntza alorrean, alor sozialean eta alor psikosozialean esku hartzeko zerbitzua indartu nahi du udalak. Horretarako, herriko errealitatea eta beharrak ezagutzeko diagnosia egin da, eta zerbitzu integrala kontratatzeko esleipena abiatuko dute, udalbatzak, aho batez, lizitazioari ekitea onartu ondoren. «Zerbitzu landuagoa eta estrategikoa izango da, herriak behar duenari egokitua eta etorkizuneko gizartearen eta belaunaldi berrien ongizatea bilatuko duena», esan du Olatz Peon alkateak.

Orain arte, familiei zuzendutako eta bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden herritarrei laguntzeko programak gauzatu ditu udalak, arriskuan dauden adingabeentzako ingurune irekiko esku hartze zerbitzua eskaintzearekin batera. Zerbitzu berriaren bitartez, programa horiek bateratu eta egokitu nahi dituzte, esku hartze integralagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko helburuz.

Bazterkeria eta gizarteratze zailtasunak dituzten herritarretan, mendekotasun arriskukoetan, eta babesik gabeko adingabeetan esku hartuko du udalak. Guztietan, familia aholkularitza eskainiko dute, komunitatea osatzen duten gizarte eragileen formaziorako, sentsibilizaziorako eta prebentziorako programa ere garatuko da, eta dauden baliabideen eta eragileen arteko ezagutza eta lankidetza sustatuko da, tartean, ikastetxeekin eta osasun arloko profesionalekin.

Kontratazio berriarekin, hobekuntza nabariak jasango ditu zerbitzuak. Hori dela eta, aurrekontua nabarmen igoko da datorren urtera begira. Iaz, 280.000 euro bideratu zituen udalak. Aurten, 320.000 euro bideratuko dira, eta hurrengo urtean, berriz, 460.000 euro. «Langileen baldintzak duinagoak eta egonkorragoak izango dira. Zerbitzua indartzeak, udal baliabide gehiago jarri behar izatea ekarriko du; hortaz, bi urtetan, %62 igoko da aurrekontua», azaldu du Peonek.

OPOSIZIOAREN HARRIDURA

Udal gobernuaren izenean, Begoña Tolosak urteko lehen kreditu aldaketen berri eman zuena azken osoko bilkuran. Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, ohiko prozesua jarraituz, aurretiaz txertatu dira 2020an esleitutako edo izapidetzen hasitako kontratuei lotutako diru-lerroak, guztira 2,4 milioi euro, prest zeuden lizitazio, proiektu eta obrak martxan jartzeko. Gorriti plazako eranskina eraitsi eta txukunketa lanekin urtea bukatu aurretik hasteko ere, aurretiazko txertaketak egin dira. Gauza bera egin da Samaniego eskolako obraren kasuan, lanak datorren ikasturtea hasterako amaitu nahi dituztelako.

Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak harridura azaldu zuen, «ez zaigulako honen inguruko informaziorik helarazi. Honek, %9,3 areagotzen du aurrekontua, eta iazko likidazioa egin aurretik eman da, presaz, diru partidarik ez dutelako, udal gobernuaren aurrekontuak errealak ez direnaren erakusgarri».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!