Bere ibilbide profesionaleko partida garrantzitsuena jokatuko du igande honetan Jon Ander Peña (Tolosa, 1997) pilotariak. Jon Ander Albisu atzelari duela, Elezkano II.aren eta Zabaletaren aurka jokatu du Binakako Pilota Txapelketaren finala, Bilboko Bizkaia frontoian.
Dagoeneko sinisten duzu finalista zarela?
Egia esan bai. Atzo [igandean] oso pozik geunden, euforia sentsazioa genuen, pixka bat shockean, baina gaur [astelehena] goizean jaiki garenean lasaiago eta hotzago pentsatzen hasi gara, eta kontziente gara non gauden, nola gauden eta nola aurre egin behar diogun egoera honi.
Lehen txapelketa lehen mailan, eta finalera. Hori pilotari gutxik lortu dute.
Hala da. Zaila da eta gauza asko eman behar dira batera. Uste dut Jon Anderrek [Jon Ander Albisu] ikaragarrizko txapelketa egin duela, nik ere txapelketa ona egin dudala eta elkarri gauza on asko eman dizkiogula. Lan askoren emaitza da.
Gogoan duzu txapelketan parte hartuko zenuela esan zizuteneko unea?
Bai, gogoan dut. Poz handia sentitu nuen. Denok amesten dugu horrelako txapelketa bat jokatzea.
Eta orduan pentsatzen zenuen finalera iristeko aukera izango zenuenik ere?
Ez, ez nuen espero. Oso erregulartasun ona erakutsi dugu txapelketan. Partida on asko egin ditugu biok; txarrak ere izan dira, baina oso gutxi. Horrek partida asko irabaztera eraman gaitu, fruitua jaso dugu, eta oso pozik gaude.
Lehen parte hartzea izateak ere lagundu izan dizu txapelketa lasaiago egiteko, presio gutxiagorekin, behintzat?
Hasieratik enpresaren konfiantzak eta gero Jon Anderrek kantxan transmititzen zidan konfiantzak asko lagundu naute egoera zail edo gogorretan aurrera egiteko. Egia esan, asko disfrutatu dut txapelketa guztian.
Txapelketak aurrera egin ahala ere, aldatu da presioaren sentsazio hori? Kanpotik behintzat ez da nabaritu, gero eta emaitza hobeak lortzen aritu zaretelako.
Aurreneko itzulian txapelketa ona egiten ari ginen, ondo lehiatzen ari ginen. Gero bigarren itzulia ikaragarria izan zen, partida asko irabaziz: oker ez banago, zazpitik sei. Gero finalerdietako txanpan aurreneko partida irabaztea lortu genuen eta bigarrengoan egurra jaso genuen. Gero burua altxatu genuen eta azken partidari ondo egin genion aurre. Behetik gora joan gara eta espero dugu igandean ere horrela jarraitzea.
Nola duzu gogoan Altuna eta Mariezkurrenaren aurkako partida ?
Aurreneko sakea kenduta, oso sartuta hasi ginen partidan, oso serio, eta abiadura handia emanez pilotari. Mariezkurrenak ez zuen bere eguna izan, baina gu gure lana oso ondo egiten ari ginen. Tartea hartu genuen, eta gero balio izan zigun aldea mantendu eta partida irabazteko.
Albisu maila handia ematen ari da txapelketan zehar. Bera atzelari izateak zer suposatu dizu?
Ikaragarrizko maila eman du, erregulartasun handia erakutsi du eta niri defentsan ikaragarri lagundu dit. Konfiantza asko eman dit. Esaten zidan nire jokoa egin behar nuela, ez nintzela kikildu behar inongo momentutan, eta uste dut ni nahiko txukun aritu naizela txapelketa guztian zehar, lan ona egin dugula, eta biok elkarri gauza asko eman dizkiogula.
Jokoan ez ezik, bestela ere lagunduko zizun, aholkuak ematen adibidez.
Partidan elkarri animatzea oso garrantzitsua da binakakoan. Binaka jokatzen duzunean ez dago dena zure esku, eta saiatu behar duzu zure laguna ahalik eta konfiantza handienarekin eta mentalki ahalik eta gogorren egoten. Berak nirekin lortu du, eta nik uste dut berari ere lagundu diodala. Biok mentalki eta bai gogoz txapelketa on bat egin dugu.
Finalean bikote indartsua duzue aurkari. Finalerdietako partidaren ondoren esan zenuen maila horretan jokatzen bazuten ia ezinezkoa zela beraiei irabaztea. Nolako finala espero duzu?
Gogorra izango dela espero dugu. Autokritika bat egin genuen finalerdietako partidaren ondoren. Guk ez genuen beharbada gure ehuneko ehuna eman, eta beraiek ikaragarri jokatu zuten. Baina aurretik pare bat aldiz irabazi diegu, eta uste dut gure lanak ia perfektu eginda aukerak ditugula partida bat irabazteko beraiei. Finala finala izaten da, tentsioko partida; ahalmena dugu partida aurrera ateratzeko eta horri eutsiko diogu. Ahal dugun ondoen prestatuko dugu partida.
Nola jokatzen saiatuko zarete?
Teoria beti eramaten duzu etxetik, baina gero partida guztiak ezberdinak dira. Zabaletaren aurka garbi dago partida gogortzen saiatu behar dugula, biok lan asko eginez, defentsan sendo egonez eta opari gutxi eginez. Aukera gutxi izango ditugu tantoak bukatzeko, baina aukera dagoenean konfiantzarekin bukatzera joango gara.
Lehen final handia, eta publikorik gabe... Pena emango dizu horrek.
Bai, halaxe da. Aurreneko finala izanik ilusio ikaragarria egingo lidake familiakoak, lagunak eta herrikoak Bilbon izateak. Baina ezin da, eta beste modu batera begiratu beharra dago: pasa dugun egoera pasa eta gero, gure lana, guri gustatzen zaiguna egiteko aukera ematen digutela. Positibo izan behar dugu, pentsatu segituan sartuko dela publikoa frontoietara eta poztasuna segituan etorriko zaigula. Baina orain horri ez diogu begiratu behar, partidan zentratu behar dugu eta gure lana ondo egin.
Gertukoek nola jarraituko dute finala?
Egia esan ez dakit zer asmo duten, eta agian ez dut jakin nahi ere. Familiakoek etxetik jarraituko gaituzte, eta sentituko dugu bultzada hori, jakingo dugu hor daudela. Dugun dena ematen saiatuko gara, poztasun txiki bat emateko.