Saio gehiago antolatu ditu Tolosatzen Eskola Irekiak

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 3a, 19:59

Maiatzeko eta ekaineko ekimenak aurkeztu dituzte gaur; emozioak lantzen jarraitzeaz gain, inklusioa, berdintasuna eta ingurunearen ezagutza izango ditu ardatz egitarau berriak.

Maiatzean emango zaie hasiera Tolosatzen Eskola Irekiko ikasturte amaierako saioen zikloari. Lehen hiruhilekoan, emozioen lanketa jorratu zen; bigarren zikloan, berriz, inklusioa, berdintasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa landuko dira, besteak beste.

Tolosatzen proiektuaren baitan kokatzen da Tolosatzen Eskola Irekia, eta herritarren parte hartzea areagotzea eta udalaren eta herritarren arteko harremanak sendotzea du helburu. Trebakuntza soziala, sendotze sozio-komunitarioa eta Tolosako herritarren eta herriaren elkar ezagutza sustatu nahi izaten dira ikasturtean zehar antolatzen diren zikloetan.

Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotziak prentsaurrekoan adierazi duenez, “gorpuzten doan proiektua da, gero eta herritar, eragile eta talde antolatu gehiago ari delako egitasmoan parte hartzen". Proiektuaren helburuak kontuan izanik, herritarrekin eta eragileekin batera osatu dute egitaraua. "Herri agenda bateratu bat landu eta eskaintzea da asmoa. Izan ere, Tolosan herritar talde eta eragile aktiboak ditugu, hainbat egitasmo antolatzen dituztenak, eta horiek Tolosatzen Eskola Irekira ekarri nahi ditugu, eskolaren bitartez ezagutzera emateko eta, bereziki, elkarren arteko sinergiak sortzeko”, azaldu du.

Lehen hiruhilekoak "harrera ona" izan zuela esan du Garikoitz Lekuona parte hartze teknikariak. "Horregatik, maiatzerako eta ekainerako hainbat saio antolatu ditugu. Maiatzean emozioak lantzen jarraituko dugu, eta inklusioa, parte hartzea eta elkartegintza ere izango dira ardatz. Ekaineko saioetan, berriz, diru laguntzak, berdintasuna eta ingurumena eta klima landuko dira, besteak beste".

Herri aliantzarekin bat

Tolosatzen Eskola Irekiaren bigarren hiruhilekoan landuko diren gaiek lotura zuzena dute Tolosatzen Herri Aliantzarekin, Tolosatzen proiektuaren baitan kokatzen den beste lan lerroarekin. "Herri aliantzaren baitan, urteko hilabete bakoitzean gai jakin bat jorratzen da Tolosan, balio zehatz batzuk sustatzeko (solidaritatea, berdintasuna, jasangarritasuna, tokikotasuna…), eta herritarrei dei egiten zaie gai horren inguruko keinu txikiak egin ditzaten", azaldu du Lekuonak.

Gauzak horrela, eskola irekiko maiatzeko saioek parte hartzearekin eta elkartegintzarekin lotura dutenez, aliantzaren baitan gai horri lotutako keinu txikiak sustatuko dira herri mailan. Ekainean gauza bera egingo da, ingurumenaren eta klimaren inguruko keinu txikiak bultzatuz.

Udalaren webguneko Tolosatzen Herri Aliantza web-orrian, bere keinu txikiak adierazteko aukera dute herritarrek. Hilabetero landuko den gaiari buruzko informazioa ere aurkituko dute bertan.

Egitaraua

Maiatzak 6, osteguna

18:00. Jatorri anitzeko bizilagunak: Tolosan pertsona migratuen eta errefuxiatuen bizipenak elkarbanatuz saioa, Topic-en. Sendotze-sozio komunitarioa lan ardatzean kokatutako ekintza da, CEAR elkartearekin elkarlanean antolatuta. Bertan, besteak beste, Tolosan eta Tolosaldean bizi diren bi emakume migratzaileek beraien bizipenak kontatuko dituzte. Ekitaldi irekia izango da, eta ez da aurrez izenik eman behar.

Maiatzak 28, ostirala

10:30 eta 17:30. Zertarako balio du bitartekaritzak? Bitartekaritza eta komunikazio ez bortitza saioa, Eralda elkartearen eskutik, kultur etxeko areto nagusian. Herritarren kapazitazioa lan ardatzean kokatutako ekintza da. Bi saio izango dira: gazteleraz (10:30-12:30) eta euskaraz (17:30-19:30). Plaza mugatuak egongo dira, eta parte hartzeko, 010 telefonora deitu (Udate, 135 luzapena) edo gobernantza@tolosa.eus helbidera mezua bidali behar da.

Ekainak 6, igandea

Goiz pasa. Ekainaren5ean ingurumenaren nazioarteko eguna ospatuko denez, ingurumen astearen barruan, txangoa antolatu dute: San Esteban auzoa - Zubi Berria (Dama berdea iturria) - San Esteban auzoa. Lurraldea ezagutzea izango da helburua.

Ekainak 12, larunbata

Goiz pasa. Sasien gainetik, hodeien azpitik txango gidatua, Uzturre magaleko hariztira. Ingurumen astearen barruan, Naturtzaindiako Jon Zulaikak gidatuta, txangoa egingo da, Tolosako baso-berritze naturalaren prozesua bertatik bertara ezagutzeko.

Goizean. Gizonon zaurgarritasuna aldaketarako giltzarri tailerra, kultur etxeko areto nagusian, Tolosako Gizon Taldearekin elkarlanean antolatuta, eta EAE mailako Jardunaldiaren baitan, Asier Baglietto Gabilondo eta Jokin Beristain Lopez de Zubiriaren eskutik.

Arratsaldean. Zer eta nola egin dezakegu gizonek berdintasunerako bidean? tailerra, Zerkausian, Hiruki Larroxa elkarteko Ibai Fresnedoren eskutik.

Saio horiez gain, Tolosa herri hezitzailea izenburupean, hiru saio burutuko dira bi hilabeteetan zehar, udal teknikariekin, Herrikide, Laskorain eta Samaniegoko ikastetxeetako zuzendariekin, guraso elkarteekin eta DBH-ko 2. mailako ikasleekin. Tolosako Udalak hezkuntza komunitatearekin batera garatzen dituen egitasmoen diagnostikoa eta ekintzen elkar-sorkuntza saioak izango dira.

Azkenik, Diru laguntzak 2021 izeneko hitzaldia eta formakuntza saioa egingo dira, udal sail ezberdinetatik, hainbat alorretako gizarte elkarte eta eragileei zuzenduta, 2021eko diru laguntza lerro ezberdinen deialdien eta berrikuntzen berri eman eta diru laguntza eskaeren inguruko azalpenak eta laguntza tresnen berri emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!