Martxan da 'Tolosa Herria 2021' argazki lehiaketa

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 3a, 18:59

Tolosako Targazki elkarteak antolatzen du, urtero, eta ekainaren 20ra bitarte bidali daitezke gai askeko irudiak; argazkilari onenek Argizaiola lehiaketan parte hartzeko gonbidapena jasoko dute.

Tolosako Targazki elkarteak urtero antolatzen du Tolosa Herria lehiaketa, udalaren eta Tolargiren babesarekin. Euskal Herria mailan egin ohi den Argizaiola lehiaketara sailkatzeko baliagarria izaten da Tolosakoa, eta aurtengo edizioa ere martxan da dagoeneko. “Herritarrak argazkiak egitera animatu nahi ditugu, argazkilari profesionalak nahiz hasiberriak”, diote elkartetik. 

Bi kategoria izango dira. Maila nagusian, 16 urtetik gorakoek soilik hartu dezakete parte, eta hiru argazkiko bilduma bat aurkeztu beharko du egile bakoitzak; elkarrekin baloratuko dira argazki guztiak, sail bat balitz bezala. Bestetik, gazteen kategorian, 8 eta 16 urte bitarteko argazkilariak aurkeztu ahal izango dira. Bakoitzak lau argazki aurkeztu ahalko ditu, eta kasu honetan, bakarka baloratuko dira. 

Bai kategoria batean nahiz bestean, antolatzaileek ez dute onartuko aurreko edizioetara aurkeztutako irudirik. “Argazki guztiak egileak berak egindakoak izan beharko dute, hau da, ezin izango du berea ez den elementurik sartu irudian; gainera, aurkeztutako argazkiek ezin izango dute inolako identifikaziorik edo ur-markarik eraman”. Antolakuntzak, gainera, argazkiak lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea izango du, “baldin eta argazki horiek legearen aurkakoak badira”.

Gai askea izango da aurtengoa, bai irudiaren adierazpenari dagokionez, baita teknika arloari begira ere. Ezaugarriei dagokionez, jpg formatuan aurkeztu beharko dira irudiak, gehienez ere, 4.000 pixeleko neurriarekin eta 5 MB-eko pisuarekin. Behin aukeraketa eginda, zenbakia (seriean dagokion ordenaren araberakoa) eta izenburua jarriz izendatu behar dira irudiak.

Epeak eta sariak

Izen ematea doakoa da, eta internet bidez soilik egin daiteke, ondorengo helbidean: targazki.fotogenius.es. Informazio gehiagorako edo zalantzaren bat argitu nahi izanez gero, www.targazki.com webgunea bisitatu edo targazki@gmail.com helbidera mezua bidali daiteke.

Ekainaren 20ra bitarte bidali daitezke irudiak, eta ekainaren 27an emango du jakitera epaimahaiak bere erabakia. Azkenik, uztailaren 10ean egingo da sari banaketa ekitaldia, 12:00etan hasita, Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorraren kanpoaldean. “Argazkilaritzan ospe handia duten zenbait argazkilari esanguratsuk osatuko dute epaimahaia, eta bere epaia apelaezina izango da”, adierazi dute antolatzaileek.

Maila bakoitzean, sari ezberdinak egongo dira argazkilari onenentzat. Nagusien mailan, 300 euro eta urrezko domina irabazlearentzat, 200 euro eta zilarrezko domina bigarren sailkatuarentzat, eta 100 euro eta brontzezko domina hirugarren sailkatuarentzat. Tolosako argazkilari onenek ere sariak izango dituzte. Lehenak, 200 euro jasoko ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, 100na euro. Hirurentzat, gainera, dominak egongo dira.

Gazteen mailari dagokionez, lehen sailkatuak 100 euroko saria jasoko du, argazki materialean; horrez gain, urrezko domina ere jasoko du. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, zilarrezko eta brontzezko dominak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Gainera, bi kategorietan lehen hiru postuetan sailkatzen direnek, Argizaiola lehiaketan parte hartzeko gonbidapena jasoko dute.

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, maila eta sari ezberdinetako lanik onenak biltzen dituen erakusketa egingo da, Gipuzkoako Artxibo Orokorraren kanpokaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!