Komertzio txikia suspertzeko, bonu berriak salgai

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 30a, 19:59

Astelehenean jarriko dira salgai Suspertu Tolosa kanpainaren hirugarren edizioko bonuak; 20 euroko bonu bakarra izango da, eta gehienez ere hiru bonu erosi ahal izango ditu herritar bakoitzak.

Oraindik ere pandemiaren eragina nabaria da hiri ekonomia osatzen duten sektoreen egunerokoan. Hori dela eta, egoera konplexu eta ezohiko horri laguntza eskaintzen jarraitzeko helburuarekin, hainbat neurri hartu ditu aurten udalak, besteak beste, hondakinen tasen %100eko hobaria eman zaie herritarrei, eta gauza bera egin da espazio publikoak erabiltzen dituzten ostalari eta azokako ekoizleekin, terrazen eta postuen tasekin.

Orain, berriz, Tolosa biziberritzen jarraitzeko asmoarekin, Suspertu bonu kanpaina berria jarriko du abian, Tolosa&Co merkatarien elkartearekin elkarlanean. "Joan den urteko kanpainak izandako arrakastaren bideari eutsi nahi diogu", adierazi du Nerea Letamendia, Merkataritza, Feriak eta Turismoa saileko zinegotziak. "Merkataritza eta zerbitzu establezimenduak hauspotzea du helburu, baina baita herrian kontsumitzeko eta tokiko saltokiak babesten jarraitzeko kontzientzia piztea ere", gaineratu du.

Apirilean zabaldu zen kanpaina berrian parte hartzeko izen ematea, eta Letamendiaren hitzetan, parte hartzaile kopuruari dagokionez, "harrera paregabea" izan du hirugarren edizio honek. "160 saltokik baino gehiagok eman dute izena, iaz baino 20 gehiagok. Lehen edizioan, 140 saltoki inguru izan ziren", azaldu du.

Bonu bakarra, 8.000 ale

Astelehenean, hilak 3, abiatuko da bonuen salmenta, 10:30eatik aurrera, eta www.suspertutolosa.eus webgunean erosi ahal izango dira, hilaren 15era arte edo bonu guztiak agortu arte. Orotara, 8.000 ale jarriko ditu salgai udalak. Pertsona bakoitzak bonu bakarra erosi ahal izango du saltoki bakoitzeko eta, orotara, gehienez ere hiru bonu. 

Bonuak erosi ahal izateko, ezinbestekoa izango da aipatutako webgunean erregistratzea. "Kontuan izan, erregistratzean utzitako NAN zenbaki berarekin egin beharko dela, gerora, bonuaren erabilera, aukeratutako saltokian", gogorarazi du zinegotziak. Bonuak erosi ondoren, posta elektronikora bidaliko dira, eta dendetan erabili ahal izateko inprimatu egin beharko dira. Behin bonuak eskuratuta, herritarrek irailaren 30era bitarte erabili ahal izango dituzte, hautatutako saltoki edo establezimenduetan.

Letamendiak esan du joan den urteko kanpainen balorazioko iritziak kontutan hartu ondoren, "zenbait hobekuntza" txertatu direla aurtengo kanpainan. Esate baterako, aurten ez dira salneurri ezberdinetako bonuak izango. Bonu mota bakarra jarriko da eskuragarri: 20 eurokoa. "Horietako bakoitzari 10 euro gehituko dizkio udalak, eta erosketa txartelen azken balioa 30 eurokoa izango da", azaldu du.

Informazio puntu berria

Iazko esperientziarekin alderatuta, bada beste hobekuntza nagusi bat. Informazio puntu bat jarriko da Trianguloa plazan, erosketa prozesuan laguntza behar dutenei arreta eman ahal izateko edo erosketa online egiteko baliabiderik ez dutenengana iristeko. "Bonuak fisikoki erosi ahal izango dira, baita online erositakoak inprimatu ere. Dena dela, eta bizi dugun egoera ikusita, online egiteko moduan direnek, bide hori hobetsi dezatela eskatzen dugu", esan du Letamendiak.

Erosketa prozesuan arazorik izanez gero, bi komunikazio aukera zabaldu ditu udalak; batetik, info@suspertutoloas.eus helbide elektronikoa; bestetik, 943 697 454 telefono zenbakia, 10:30eatik 13:30eara.

Etorkizunerako lankidetza

Zinegotziaren hitzetan, oraindik "beharrezkoa" da tokiko saltokiei "gure babesa eta laguntza ematea", pandemiaren ondorioei "elkarrekin" aurre egiten jarraitzeko. "Baina era berean, etorkizunera begirako erronkei aurre egiteko lanean ari gara, Tolosarentzat eta tolosarrontzat garrantzia handiko sektorea delako, saltokiek herriari bizia ematen diotelako, eta indarrak batzea funtsezkoa da orain, baina baita etorkizunean ere”, nabarmendu du.

Letamendiak orain artean egoerara egokitzeko merkataritza sektoreak egindako ahalagin eta lana nabarmendu nahi izan ditu, eta “eredugarriak” izan direla azpimarratu du. “Etorkizunean ere, tolosa aire libreko merkataritza gune indartsua izatea nahi dugu”, esan du.

Bonu berrien salmentarekin, iazko kanpainarekin eta saltokien izen-ematearekin adina arrakasta izatea da udalaren helburua, eta horretarako, Letamendiak tokiko establezimenduak babestera deitu ditu herritarrak. “Kanpaina hau baliabide publiko eta pribatuen lankidetza bat da; udalak 90.000 euro bideratu ditu, iaz baino 10.000 euro gehiago, baina herritarren parte hartzea eta babesa ezinbestekoa da, inpaktu ekonomiko handiagoa sortzeko”, aitortu du. Horrela, bonuen salmentari esker, Tolosako komertzio txikia suspertzeko, gutxienez, 240.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortzea aurreikusten du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!