Erreportajea

Lur azpiko mundu ezezaguna bistaratzen

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko api. 30a, 11:59
'Mina azul' izeneko haitzuloa, Oiartzunen, 2015eko uztailean ateratako argazkian.

Bi urte dira Tolosan Akerbeltz espeleologia eta kultur taldea sortu zutela. Iñaki Alonsok, kideetako batek, esan du espeleologia herritarrengana gerturatu nahi dutela: "Jendeak ez du haitzuloak zaintzeko kontzientziarik".

Tolosako Amarotz auzoko mendi elkartetik sortu zen Akerbeltz espeleologia eta kultur taldea. Mendi elkarteak ez zuen espeleologia talderik. “Eta hasieran lau katu ginenez, Amarozko mendi elkartean sartu ginen”, kontatu du Iñaki Alonso Akerbeltz taldeko kideak. Lehen urteak mendi taldean egin ostean, duela bi urte sortu zuten Akerbeltz. Esku artean zituzten proiektu handiagoak aurrera ateratzeko beharrezko ikusi zuten talde hori sortzea. Egun, Gipuzkoa guztiko kideak daude taldean, eta ez espeleologoak bakarrik; espeleologiaren bueltan, arkeologoak, geografoak, etnografoak eta biologo bat ere badaude.

Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan dute kokalekua. “Aukera hori izan dugu. Leku polita da, eta leku finko bat izango dugu horrela”, dio Alonsok. Taldean egiten dutena gehienentzat “zaletasuna” dela esan du, baina arkeologoentzat lana ere badela. “Buru-belarri” aritu dira taldea sortzen eta lantzen, baina, COVID-19a dela eta, ez zaie garairik egokiena tokatu. Beraz, Alonsok aitortu du oraindik ez dutela proiektu handirik gauzatu. Helburuen artean dute gizarteratzea, eta espeleologia eta trekking egitea batzea; trekkinga mitologiarekin lotuko lukete: “Mendikute bezalako tokiak mitologiarekin edo Intxur eta Basagain historiarekin lotuko ditugu”. Espeleologiari lotuta, hiru-lau irteera umeentzat antolatzea da asmoa, eta helduentzat izango litzateke beste irteera bat.

Euren proiektuetan lanean dabiltza, oraingoz: “Egia esan, momentuz, ez gara hainbeste kide, eta ez daukagu hainbeste denbora. Azken urteak ez digu asko lagundu”, argitu du Alonsok.

Akerbeltz taldea Tolosaldean aritzen da, batik bat, baina baita Oria ibarrean ere. Orain, berriz, Araxes errekan ari dira lanean, Gipuzkoa eta Nafarroa artean. Kobazulo guztiak berrikusten eta katalogatzen ari dira. Horrez gain, topografia berritzen ere ari dira. “Arkeologia aldetik gauza guztiak ondo begiratzen ari gara, eta geolokalizazio guztiak ondo zehazten ere bai; izan ere, mapetan daude, baina gaizki jarrita”, azaldu du Alonsok. Esaterako, Araxes edo Hernio berriz aztertzen ari dira, “eta haitzulo berriak agertzen ari dira, txikiak izan arren”. Espeleologiako Gipuzkoako katalogoa baliatzen ari dira euren lanerako. “Haitzulo batzuek urteak daramatzate inork bisitatu gabe. Nola dauden begiratzen dugu guk, zein informazio duten, eta inon agertzen ez direnak ere aurkitu ditugu”.

Lan guztiak gorde egiten dituzte beti. Taldeen artean, ordea, lanak argitaratzeko orduan, “borroka txiki bat” dutela aitortu du: “Interesgarria den zerbait aurkituz gero, argitaratu egiten da; arkeologoak, biologoak edo dagokionak argitaratzen du modu ofizialean”. Katalogo bat ondo mamitzean, berriz, guztia edo ahal den guztia argitaratzea da Akerbeltz taldearen intentzioa. Kexu agertu da, hala ere: “Jendeak ez du kontzientziarik haitzuloak zaintzeko, eta, horregatik, guk ez dugu ematen guztien berri, indarrez edo bidegabeki ebasteko arriskua egoten delako”.

Webgune bat ere egina dute taldeko kideek: Akerbeltzespeleo.com. Bertan publikatzen dituzte egiten dituzten lan guztiak. “Gauza gutxi dago oraindik”, gaineratu du, baina ez daude geldirik. Horren erakusgarri, “hiru dimentsiotan egiteko topografiako proiektuarekin” ere ari dira lanean.

Alonsok Asteasuko Iturriotzen kokatu du leku kutunetako bat. “Itxita dago gaur egun, eta ezin da sartu, baina uste dut gune horrek sortu zidala espeleologiarako harra”. Etxekoa izateagatik, Uzturreko haitzuloko lakua ere “maitasun berezikoa” duela dio. “Jendea harritu egiten da argazkiak ikusten dituenean, batez ere. Oso mundu ezezaguna da”. Euren jarduna ere “oso itxia” dela aitortu du, eta espeleologia ez dela jendaurreko kirol bat: “Uzturreren azpian igaro dezakezu egun osoa, eta nahiz eta Uzturretik berrehun pertsona pasatu egun horretan, inork ez zaitu ikusiko”.

Gizarteratzeko beharra

Espeleologiaren barruan bi adar daudela azaldu du Alonsok: jendarteratu nahi dutenena eta nahi ez dutenena. Akerbeltzeko kidearen ustez, “orain arte baino gehiago” informatu beharra dago, eta haitzuloak zaintzeak duen garrantzian jarri du azpimarra: “Ura, ekosistema eta han bizi diren animaliak direla eta, haitzuloak behar bezala zaintzen erakutsi behar zaie haurrei, eta, horretarako, ezagutarazi egin behar da”.

Alonsok argi utzi du euren asmoa zein den: euren jarduna jendarteratzea, zabaltzea eta irakastea. “Eta norbaiti harra pizten bazaio, hobeto, oso gutxi baikara. Kirol hau ez du jende askok egiten”. Ateak zabalik dauzkatela jakinarazi du Alonsok, eta interesa duen edonor jar daiteke harremanetan Akerbeltz espeleologia eta kultura taldeko kideekin. Horretarako eskura jarri dituzte akerbeltz@akerbeltzespeleo. com helbide elektronikoa eta 722 84 72 65 telefono zenbakia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!