Infantil mailako mutilek bigarren postua lortu dute Espainiako Batel Txapelketan

Ataria 2021eko apirilaren 29a

TAK klubeko bi ontzik parte hartu dute asteburuan Galizian jokatu den Espainiako Batel Txapelketan. Infantil mailako mutilek bigarren egin zuten, eta kadete mailako neskek kontsolazio finala irabazi zuten, orokorrean seigarren geratuz.

Lortutako emaitzak «bikainetik gora» izan direla dio Jon Jauregi TAK klubeko entrenatzaileak: «Hasteko, TAK bezalako klub txiki batentzat bi batel Espainiako Txapelketara eramatea asko da, eta gainera bat finalean sartu zen eta ia bandera irabazi zuen. Pena da neskak finaletik kanpo geratu izana segundo batengatik bakarrik».

Infantil mutilak, hain justu, ez ziren banderatik oso urruti aritu. «Lehenengo luzean ez ziren ondo hasi, eta hiru-lau segundo galdu zituzten, baina gero gai izan ziren itzulerako luzean bi segundo berreskuratu eta gauzak asko estutzeko», esan du Jauregik. «Azkenean bi segundo eskasengatik Galiziako talde batek irabazi zuen estropada».

Txapelketei dagokionez batel denboraldia bukatu da. «Astebete edo bi aste atseden hartu eta berriro itzuliko dira neska-mutilak uretara», azaldu du Jauregik. «Aurten koronabirusarengatik gutxi ibiltzeko aukera izan dute, eta horregatik klubak aukera eman die arraunlariei maiatza eta ekainean arraunean segitzeko, datorren urteari begira gehiegi ez galtzeko».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!