MIN sarietarako hautagaien artean Tolosaldeko hainbat talde

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 30a, 14:00

Belako, Tenpora eta Sin Mala Intencion taldeak daude musika sarietarako hautagaien artean.

Espainiako musika independentearen MIN sariak ekainaren 16an banatuko dituzte, Burgosen. Musika taldeek euren hautagaitza aurkezteko aukera izan dute, eta une honetan, herritarrak dira bozka emateko aukera dutenak. Botoen arabera, aurrera egingo dute hautagaiek, eta azken fasean epaimahaiak erabakiko ditu aurtengo saridunak. Hautagaien artean euskal talde ugari daude, eta tartean, baita Tolosaldekoak ere, Tenpora, Sin Mala Intencion eta Belako kasu. 

Juantxo Zeberiok, Hasier Oleagak, Itsaso Etxebestek, Beñat Barandiaranek eta Elene Arandiak osatutako Tolosako Tenpora taldeak Berriro asma nazazu hirugarren diskoa aurkeztu zuen iaz. Bada, hainbat kategoriatan dago hautagai moduan: euskarazko album onena, artista onena, album onena, pop album onena eta ekoizpen musikal onenarena, hain justu.

Gorka Lizaso billabonatarra buru duen Sin Mala Intencion taldeak, berriz, pasa den urtean kaleratu zuen Cuando llueve demasiado bigarren diskoa. Artista onena, Punto y seguido abestiarekin urteko abesti onena, album onena, rock album onena, musika ekoizpen onena, diseinu grafiko onena eta Fuimos un volcan abestiaren bideoklipagatik bideoklip onena dira hautagaitza aurkeztu duten kategoriak.

Lander Zalakain bateria tolosarra taldekide den Belako ere hautagaien artean dago. Pasa den urtean kaleratu zuten Plastic drama diskoa euren laugarren lana da. Artista onena, abesti onena Marinela 2017 abestiagatik, album onena, rock album onena, musika ekoizpen onena, diseinu grafiko onena eta bideoklip onena Sirene abestiaren bideoklipagatik dira euren hautagaitzak.

Hiru taldeetako kideek euren zaleak animatu dituzte sare sozialen bitartez, euren hautagaiengatik bozka ematera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!