BABESTUTAKO EDUKIA

Suspertu Tolosa kanpaina 10 puntutan

Ataria 2021ko mai. 3a, 07:58

90.000 euroko laguntza bideratuko du Tolosako Udalak '#suspertutolosa' kanpainara eta herrian sartuko den inpaktu ekonomikoa guztira 240.000 eurokoa izango da.

1. Noiz erosi ahal izango dira bonuak?

Gaur abiatuko da salmenta, 10:30ean, eta hilaren 15era arte, edo bonuak agortu arte iraungo du.

2. Non egin bonuen erosketa?

www.suspertutolosa.eus  webgunean. Aurten Trianguloan informazio puntu bat ere jarriko da, eta bertara ere joan ahal izango da. Hala ere, ahal den neurrian hobetsi online egitea.

3. Nola eman izena webgunean?

Erosketa online egiteko, kontua sortu behar da. Erregistratzean utzitako NAN zenbaki berarekin egin beharko da bonuaren erabilera, aukeratutako saltokian.

4. 160 saltoki.

Mota askotako saltoki eta zerbitzu establezimenduek eman dute izena, iaz baino 20 gehiagok. Erosketa egitean nahi duzun saltokia aukeratu.

5. Nahi dudan saltokirako bonua ziurtatua daukat?

Saltoki bakoitzak bonu kopuru mugatua du; hortaz, gustuko saltokirako bonurik gabe ez geratzeko, azkar mugitzea komeni da.

6. Ba al dago mugarik?

Gehienez, 3 saltokitarako bonuak erosi ahal izango dira pertsonako; eta bana saltoki bakoitzeko. Alegia: pertsona bakoitzeko gehienez 3 bonu, denak ezberdinak.

7. 10 € gehiago.

Bonu mota bakarra salduko da: 20€ko salneurria izango dute, baina udalak bakoitzari 10€ gehituko dizkionez, erabiltzaileek 30€ko erosketa txartela izango dute.

8. Behin bonua erosita, zer?

Posta elektronikora bidaliko dira, eta dendetan erabiltzeko inprimatu egin beharko dira. Trianguloko informazio puntuan inprimatzeko aukera egongo da.

9. Noiz arte erabili ahal izango dira bonuak?

Irailaren 30a bitarte, aukeratutako saltoki edo establezimenduan. Ezingo da bonua beste establezimendu batean erabili.

10. Zergatik Suspertu Tolosa berriro ere?

Batetik, herrian kontsumitzeko eta tokiko saltokiak babesteko kontzientzia pizteko. Eta, bestalde, erosketa fluxu bat sortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!