Santa Luzia-Guadalupe eremua garatzeko oinarriak landu dituzte

Ataria 2021eko apirilaren 29a

Eremuaren garapena ahalbideratzeko diagnostikoa egiteaz gain, ekintza plana ere idatzi du Tolosako Udalak; jasotako proposamenak biltzen dituen lan bat da.

Tolosako Udalaren 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Plana programan jasotako lan lerro estrategikoetako bat da hiri birsorkuntza integratua bultzatzea. Bada, horren baitan kokatzen da Santa Luzia eta Guadalupe auzoen arteko eremuaren birsortzea. «Degradatutako gunea da, zailtasun handikoa, baina aldi berean, kokapenagatik garrantzitsua eta aukera ezberdin asko eskaintzen dituena», azaldu dute udaletik.

Gauzak horrela, eremu honen garapena ahalbidetzeko lehen urratsak egin dituztela adierazi dute udaletik. «Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak baliatuta, eremuaren azterketa egin ahal izan dugu. Egungo egoeraren deskribapena egitearekin batera, paisaia-balioengatik babestu beharreko eremuak zehaztu dira». Diagnostiko horretatik abiatuta, Paisaiaren Ekintza Plana ere garatu dute, eremua eraberritzeko ekintza txikiak nahiz eraldaketa handikoak jasotzen dituena.

Besteak beste, bide ardatzei eta konexioei, bertako hormari, landarediari, ibai ertzeko oinezkoen ardatzari, mugikortasunari, irisgarritasunari, aisialdirako eremuei eta eraikigarritasunari lotutako helburu orokorrak eta zehatzak, irizpideak eta ekintza ildo nagusiak zehazten ditu ekintza planak. «Proposatutako neurri batzuk xumeagoak dira, eta beste batzuk, berriz, etorkizunera begira pentsatutakoak, zailtasun eta anbizio handikoak».

Dokumentuan jaso eta deskribatzen diren ekintzak, berriz, bost multzotan daude banatuta. Batetik, eremuaren konektibitatea eta bide-egitura aurkitzen da. «Horretarako, besteak beste, eremura sartzeko korapilo berria egitea edota Donostia hiribidea eraberritzea proposatzen da». Bestetik, Oria ibaiaren eskuinaldea berreskuratzeko eta erabiltzeko asmoa du udalak. «Bertako landaredia berreskuratzea eta lehengoratzea proposatzen da», adierazi dute udaletik.

Aipatutako ekintzez gain, eremuaren antolamendu eta erabilerari dagokionez, zonifikazio berria egin, antolamenduz kanpoko eraikinen balorazioa eta zehaztapena prestatu eta egun daudenen apaindura hobetu nahi da. «Halaber, espazio libre publikoak sortzea eta tratatzea da helburua. Horretarako, AP-1 errepideko hormaren paisaia-tratamendua egitea, aisiarako eta jardueretarako espazio libreak sortzea, eremuko landare tratamendua egin eta hiri-argiteria hobetzea proposatzen da». Azkenik, dagoen ondare arkitektonikoaren kudeaketan ere jarri nahi dute fokua. Besteak beste, bidezainen Herri Lanen Etxea, hiltegiaren eraikina eta Guadalupeko paper-fabrika zaharra aipatzen dira ekintza honetan.

Berrikuspenaren zain

Beraz, dokumentu honen bitartez, etorkizunean eremu horretan aurrera eraman beharreko lan ildoen oinarriak zehaztu eta landu dituzte. «HAPOaren berrikuspena egiten denean, Plan Orokorrean jasoko ditugu», aurreratu dute udaletik. «Oinarriak baino ez dira landu, baina, aurrera begira eta ingurumen ikuspegitik, plan garrantzitsua da, gunearen garapena errazteaz gain, bertako ondarearen, naturaren, ekologiaren eta paisaiaren balioak berreskuratzen ere lagunduko duelako», gaineratu dute.

Ikuspegia etorkizunean jarrita garatutako ekintza plana denez, hura abiapuntu izanik, datozen urteetan, eremua txukuntzeko neurriak hartu ahalko ditu udalak. «Berrikuspenaren ondoren, epe ertain eta luzera begira landutako proposamen horiek bideratzeko aukera izango dugu». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!