Redline Mekanika Takek porrotarekin hasi du igoera fasea

Imanol Garcia Landa 2021eko apirilaren 28a

Saskibaloi taldeak asteburuan jokatu zuen igoera faseko lehen partida, eta 51-47 galdu zuen Getxo taldearen aurka.

Goar Artetxe entrenatzaileak azaldu duenez, «oso partida gogorra izan zen. Getxo da gure mailako talde indartsuena, eta lehen itzulian lehen postuan sailkatu ziren. Oso talde fisikoa da, kontaktu askorekin, defentsa gogorra dute, eta bagenekien oso puntu gutxiko partida izango zela». Partidan zehar atzetik joan ziren Takekoak, eta azkeneko laurdenean lortu zuten pixka bat bere jokoa egitea eta partida berdintzea. «20 segundoren faltan berdinduta geunden eta azkeneko bi jokaldietan beraiek asmatu zuten eta guk ez», zehaztu du Artetxek. «Galdu egin dugu, baina beste jardunaldi batzuk geratzen dira, eta hor segituko dugu».

Lau talde daude lehian igoera fasean eta lehen biak igotzen dira mailaz. Datorren larunbatean, etxean jokatuko dute Fundacion Bilbao Basket taldearen aurka. «Ziurrenik Getxo izango da igoko den taldeetako bat eta guk borrokatuko dugu igoko den beste taldea izateko», esan du Artetxek. «Behin egoera honetan gaudela, anbiziotsuak izango gara. Igoera lortzen badugu, ezin hobe, baina ez badugu lortzen ez dut nahi taldea edo zaleak sentsazio gazi-gozoarekin geratzea, oso denboraldi ona egiten ari baikara».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!