ERREPORTAJEA

Pianoa, txistua eta mutazioak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 30a, 07:58

German Ormazabal eta Garikoitz Mendizabal musikariak, ‘Metamorfosia’ ikuskizuneko protagonistak. ASIER BASTIDA

German Ormazabal piano-jotzaile tolosarrak eta Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak, Metamorfosia izeneko emanaldia eskainiko dute, gaur, 19:00etan, Tolosako Leidor aretoan. Ganbera musika egin eta ulertzeko estilo ezberdin batekin publikoa txunditzea dute helburu.

Jaiotzen diren unetik, helduarora arte animalietan ematen den aldaketa prozesua da metamorfosia; animalia batzuen garapenean, enbrioi- eta heldutasun- faseen artean gertatzen diren aldaketa anatomikoen multzoa izendatzeko erabiltzen da. Euren bizitzetan aldaketa ugari izan dituztenak dira German Ormazabal piano-jotzaile tolosarra eta Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra, benetako bi piztia. Metamorfosi betean daude, eta gaur, euren instrumentuen bilakaeraz ariko dira, Leidorren, 19:00etatik aurrera.

Bai Ormazabalek, baita Mendizabalek ere, «bidaia musikalak» izendatzen dituzten proiektu asko elkarbanatu dituzte. «Azken aldiz bidaiatu ondoren, argi nuen, eta German ere prest ikusi nuen, biok soilik egingo genuen bidaia berri bat abiatu behar genuela», esan du txistulariak. Hori dela eta, txistua eta pianoa uztartzea erabaki dute; bi instrumentuen bilakaeraren isla baita Metamorfosia ikuskizuna. «Akademikoki ez ezik, bestela ere aspaldiko lagunak dira, eta badute zer eskainia. Bi tresnen aldaketak azaltzeko modu bitxia iruditu zitzaidan».

Elkar oso ondo ezagutu arren, bakoitzak bere bidea egin du, eta pianoarena txistuarena baino entzutetsuagoa izan da. «Txistuaren kasuan, baina, mugarri izan zen XX. mendearen bigarren laurdenean sortu zen txistulari elkartea», nabarmendu du Mendizabalek. «Mugimendu zentzuduna izan zen, une hartan, eta txistuaren inguruan, bertako zein nazioarteko musikagile handiak biltzea. Pixkanaka, txisturako eta pianorako moldaketak egiten eta obra berriak idazten hasi ziren», gaineratu du. Gerora, estiloan, idazkeran eta harremanetan bilakaerak izan direla aitortu du zestoarrak. «Guzti horrek isla du saio honetan, eta horregatik da metamorfosia, bi instrumentuek elkar ezagutu zuten unetik gaur arte izan duten bilakaera azaltzen baita».

German Ormazabal: «Eskainiko den musikak egiten du berezi saioa; beste dimentsio bat ematen dio txistuari, eta publikoak asko gozatuko du» 

Benetako aitzakia aspaldiko bi lagunek elkarrekin gozatzea bada ere, zerbait duina, profesionala eta landua eskaintzea da helburu nagusia. Horretarako, ganbera musika egin eta ulertzeko, estilo ezberdin batekin txunditu nahi dute publikoa. «Eskainiko den musikak egiten du berezi saioa», azpimarratu du tolosarrak. «Ziurrenik, musika munduan dabilen edo errepertorioa gertukoa duen entzulea ohartuko da atzetik lan handia egin dela», esan du Mendizabalek.

Atzokoaren oroitzapenak

Oso gutxitan entzundako errepertorioa joko dute. «Ohikoak ez diren obrak dira, batzuk, gainera, zailak. Badira tartean Gariri eskainitakoak ere. Txistuari beste dimentsio bat ematen dion kontzertua da, eta publikoak asko gozatuko du», azaldu du piano-jotzaileak. Txistulariaren iritziz, berari eskainitako obrak jotzeak baino garrantzi handiagoa du interpretatzeko moduak. «Interprete modura nire estilo propioa aurkitu dudala esango nuke. Horrek emanaldia janzten du; balio erantsi modura sentitzen dut».

Interpretatuko dituzten obren artean bat aukeratzea ez da lan astuna izan bi musikarientzat: Recuerdos del ayer, David Rivas zamorarrarena. «Agian, jotzeko, ez da zailenetakoa. Balada triste bat da, nostalgia puntu bat duena, eta une batean, haserre ukitu bat agertzen duena. Harrigarria da, bat-batean, barruraino heltzeko duen gaitasuna», aipatu du zestoarrak.

Arrazoi ezberdinengatik, publikoa harrapatzen duela esan du Ormazabalek. «Obra bakoitzak bere errealitatea, testuingurua eta estiloa dituen arren, ikuslea da zure lekuan jartzen zaituena, arrazoia duena, eta orain arte, beti azpimarratu izan dute doinu hau, duen melodia zoragarriagatik edo bizitzen ari garen egoeragatik, hunkigarria delako. Barruraino heltzen da, eta sentimenduetan nabari da hori».

Musikaz haragoko lagunak

Tolosarekin lotura estua duten bi artista dira; Ormazabal, bertakoa delako; Mendizabal, berriz, bertako txistulari bandarekin han eta hemen aritu izan delako. Bientzat ere, «beti da berezia» bertan jotzea. «Tolosar asko kontsideratzen ditut lagun-minak. Gainera, eta zorionez Germanekin dudan lotura hautsezin honi esker, oso polita izango da», esan du zestoarrak. Tolosarraren iritziz, Leidor aretoak «nolabaiteko errespetua» ematen du beti. «Bidaia musikal beraren lekuko garen bi lagun-min elkarrekin ariko garelako ere berezia izango da».

Garikoitz Mendizabal: «Txistuak eta pianoak elkar ezagutu zuten unetik gaur arte izan duten bilakaera islatzen da, eta hortik dator metamorfosia izena» 

Gainera, arestian aipatu modura, gaurkoa ez da elkarren ondoan egongo diren lehen aldia. Bientzat ere, «oso pozgarria» da bestearekin oholtza partekatzea. «Benetako plazera eta luxua da berarekin jotzea, bilakaera aberatsa duelako», aitortu du Ormazabalek. «Adiskidetasun berezia bizitzen ari gara, eta egiten ari garen bidea opari eder bat da, gozamen hutsa, duela urte batzuk neure buruan irudikatu ere egiten ez nuena», gaineratu du Mendizabalek. Umorea tarteko, elkar ulertzea erraza zaiela adierazi du tolosarrak. «Tarteka eztabaidatzen dugu, batez ere, irizpide musikal ezberdinak ditugulako, baina halakorik ez balego, ez ginateke egiazko bikotea izango, eta egiak beti ondo funtzionatzen du».

 

Tradizioa eta sormenaren arteko orekan

Animalia askok ez dute jaioberritan helduen itxura. Haien enbriotik larba bat eratzen da, eta hau, zenbait fase igaro ondoren, animalia heldu bilakatzen. Metamorfosia oso hedatua dago animalien erreinuan, ornogabeen artean batez ere. Multzo horretakoak dira intsektuak, moluskoak, krustazeoak... Kordatuen artean geneuzkake anfibioak eta arrain hezurdun zenbait. Esaterako, aingirak.

Ez da erabateko metamorfosira iritsiko pianoak eta txistuak ezagutu dutena. Baina bilakera handia izan dute, bakoitzak bere aldetik. Kordatua da pianoa. Teklei loturiko sokek ematen diote noiz piano eta noiz forte jo ahal izateko aukera. Tekla horien pisuaren handitzeak teknikoki aldaketa ekarri zuen musika-tresnarenzat. Txistuaren ezaugarri teknikoekin gauza bertsua gertatu da... Bilakera horiek ez dira kasualitatez gertatzen ordea. Areto txikietatik areto handiagoetarako jauziak badu zerikusia pianoaren bilakeran; txistuarenean kalerako eta bandarako musika izatetik beste tresna batzurekin jotzeko prestatu nahiak ekarri du bilakaera.

Tradizioa eta sormenaren arteko orekan bizi gara. Bati uko egin gabe besteari ateak zabaltzea da gure asmoa. Eta bien arteko alanbre fin horretatik erori gabe ibiltzen asmatzea, gure helburua.

Andoni Egaña

 

Eraldaketa prozesu baten hainbat estetika


Txistuaren eta pianoaren soinuak ganberako musika formatuan konbinatzea, eraldaketa prozesu baten zati bat da; bi instrumentuen arteko soinu-topaketen ohiko erabileraren eraldaketa.

Txisturako literaturaren bilakaerak garai ezberdinak bizi izan ditu, bakarka jotzen zen musika tresna izanik beste hainbat musika tresnekin elkartu da, eta ondorioz musika tresna beraren ezaugarri fisikoak finkatu eta egonkortzeaz gain, txisturako berezko errepertorioa eraikitzen joan da. Garikoitz Mendizabalek eta German Ormazabalek aurkezten diguten diskoak, errepertorioa sortu eta eraldatzeko prozesuan jasotako hainbat estetika erakusten dizkigu.

Proposamen honetan sei egileren lanak bildu dituzte. Zaharrenen artean, XX. mende hasieran txistuari bere ekarpena egin zioten bi konpositore nabarmentzen dira. Besteak beste, Eduardo Gorosarri organo-jotzailearen Hiru ataletako Alborada entzun dezakegu, Ramon Lazkanok txisturako eta pianorako egokitua. Tomas Garbizu eskarmentu handiko lezoar organo-jotzaile ohiaren Euskal suitea II lana ere entzun daiteke, forma barrokoak melodia tradizionalekin uztartuz.

Disko honetan, Naji Hakim beirutarrak txisturako idatzitako bi pieza ere proposatzen dira, hiru mugimendutan osaturiko Txisturako kontzertua, Mendizabalentzat espresuki egina, eta Basque Antology, hau ere hiru mugimendutan idatzitakoa. Zestoarrarentzat idatzitako beste bi kantu ere entzungo dira: Eduardo Morenoren Txistu eta pianorako Rapsodia eta David Rivas egile gaztearen Recuerdos del ayer, txistuarekin zerikusi gutxi duten unibertsoetatik sortutako soinuekin osatua.

Modu honetan, organo-jotzaileek eta talde handientzako lanen ohiko egileek sortutako musikarekin, pausoz pauso, aurrera doa txistuaren eta ganbera-musikaren sorkuntzaren metamorfosia.

Jon Bagues

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!