Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana osatu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 27a, 11:58

16 ekintza zehaztu dira, sektore ezberdinen arteko koordinazioa eta planifikazioa areagotzeko eta prebentzio arloko esku-hartzeetan efikazia eta efizientzia indartu eta emaitza positiboagoak lortzeko.

Tolosako herritarrak adikzioei lotutako arazoaren inguruan sentsibilizatzeko eta formatzeko, herriko biztanle talde zaurgarrienetan prebentziozko esku-hartzearen intentsitatea indartzeko, prebentziozko esku-hartzean hobekuntza bultzatzeko eta adikzioen inguruan etengabeko berrikuntza eta egokitzapena sustatzeko, Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana osatu dute Udalak eta AGIPAD elkarteak. Tolosako errealitatea ezagutzeko, herriko hainbat eragilek ere parte hartu dute plana osatzeko prozesuan.

Jasotako datuen arabera, alkohola, tabakoa eta marihuana dira gehien kontsumitzen diren substantziak, bai gazteen artean, baita helduen artean ere. Gazteen artean alkohola kontsumitzen da gehien, baina marihuanaren, edari energetikoen eta Vaperren kontsumoa ugaritzen ari da. "Adinaren arabera, kontsumitzen den sustantzia mota ezberdina da, baina geroz eta gazteago hasten dira kontsumitzen. 20 urtetik gorako gazteen artean, kokaina, MDMA, Speed-a eta ketamina kontsumoa ere ematen da, batez ere asteburuetan edo jai egunetan", esan dute udaletik. "Helduen artean alkoholaren kontsumoa oso normalizatuta dago, eta bestelako droga mota batzuen kontsumoa ematen bada ere, kontsumo hau ezkutuagokoa da", gehitu dute.

Udaletik adierazi dutenez, sustantziarik gabeko adikzioek ere gora egin dute, tartean mugikorraren erabilerak eta apustuek. "Bideo jokoen inguruko kezka nabarmena da herriko ikastetxeetan, eta apustuak egiten hasteko adinak behera egin duela ere nabarmendu dute datuek".

Covid-19aren egoerak ere adikzioen alorrean eragina izango duela jasotzen du planak. "Pandemiak osasunean, ekonomian eta sozializazio moduetan izan duen eraginak, isla izango du adikzioetan ere, eta, horregatik, aisialdi denborak eta uneak ahalik eta seguruenak izan behar dute", azpimarratu dute. Aisialdirako ekintzak eta eremuak "herritar guztiei zabalduta" egon behar direla ere aipatu dute, "baina batez ere nerabeei eta gazteei, aisialdi alternatiboa, hezitzailea eta osasungarria erraztuz".

Esku hartze ekintzak

Adikzioen Aurkako Tolosako Planak esku-hartzeko 16 ekintza jasotzen ditu, honako hauek, esaterako:

  • Gazteei zuzendutako aisialdi eskaintzan, kale heziketako programetan edo familia esku hartze programetan parte hartzen duten nerabeekin eta gazteekin adikzioei aurre egiteko gaitasuna sustatzeko programak garatzea.
  • Herriko jai nagusien testuinguruan (inauteriak, sanjoanak…) ekintza planak jorratzen jarraitzea.
  • Antolatzen diren ekintzetan adikzioen legea betetzen dela bermatu eta alkoholdun edariak saltzen edo kontsumitzen badira kontsumo arduratsu baten aldeko mezuak indartzea.
  • Eskola programak diagnostikoak jasotako beharretara egokitu eta irakasleei prestakuntza ematea, ikasgeletan prebentzio lana finkatzeko.
  • Familia zaurgarrienekin adikzioei aurre egiteko gaitasuna sustatzeko programak garatzea.
  • Gazte lokaletan adikzioei aurre egiteko edo arriskuak murrizteko programak garatu edo daudenak indartzea.
  • Adikzioak eta mendekotasunak tratatzeko herritarrei baliabideen berri ematea eta kontzientziazio kanpainak garatzea.

Aipatutako ekintzak eta Adikzioen Aurkako Planean jasotako gainerako ildo estrategikoak eta ekintzak datozen lau urteetan, 2025era bitarte, garatzea da udalaren asmoa. Adierazi dutenez, planaren osaketan parte hartu duten eragileei aurrez aurre aurkeztu eta azaldu zaizkie proposamenaren xehetasunak. Ondorengo estekan osorik irakurri daiteke Adikzioen Aurkako Plana: https://labur.eus/Ul6Ds

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!