Haurrentzako bederatzi jolastoki eraberritu ditu udalak

Ataria 2021eko apirilaren 26a

Eremu batzuetan zorua berritu da, eta beste batzuetan jolas zaharrak berriengatik ordezkatu dira. Horrela, amaitutzat eman du udalak jolaserako eremu egoki eta seguruak eskaintzeko haur jolastokiak berritzeko lehen fasea.

Herrian dauden jolaserako guneak eraberritzeko lanen lehen fasean, bederatzi haur parke eta jolastoki eraberritu ditu Tolosako Udalak. "Tolosarrei herri atsegin eta zaindua eskaintzeko eta Tolosa irisgarriagoa, erabilgarriagoa eta seguruagoa izatea da helburua", adierazi dute. 

Guztira, haurrentzako 30 jolastoki daude Tolosan. Lanekin hasi aurretik, horien inguruko azterketa egin zuen udalak, jolastoki bakoitzaren egoera ezagutu eta lehentasunak eta faseak zehazteko. Lehentasunak kontuan izanda, ekintza plan bat jarraituz, behar handiena zuten lehen bederatzi haur jolastoki erabat eraberritu dira lehen fasean: Armeria eta Agaramundu plazetakoak, Amaiur parkekoa, Larramendi auzoko hirurak, Zuloaga eta Alliri auzoetakoak eta Bizkai kalekoa.

Lehen fase honen kasuan, jolastoki batzuetan zorua berritu da eta beste batzuk erabat birgaitu dira, jolas berriekin. Bestalde, hiru jolastoki desmuntatu dira, bi Larramendi auzoan eta bestea Zuloagan; orain, espazio horiei erabilgarritasun handiagoa emateko bideak eta aukerak aztertzen ari da udala.

Udalak herriko haur jolastokiak berritzen jarraituko du epe ertainean, jolaserako eremu egoki eta seguruak eskaintzeko helburuarekin. "Urte honetan bertan, lanen bigarren faseari ekitea da asmoa".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!