"Borrokak egiten gaitu libre"

Leyre Carrasco 2021eko apirilaren 25a

Jokin Gorostidi tolosarraren 15. urteurrenean, bera eta herri honen askapen prozesuari ekarpena egin dioten Tolosako ehunka borrokalari omendu ditu Tolosako Sortuk, gaur, Topic-en egindako ekitaldian.

Duela 50 urte, Burgosen epaitu eta heriotzera zigortu zuten Jokin Gorostidi tolosarra. Handik 8 urtera, exiliotik itzuli ondoren, zinegotzi eta legebiltzarkide izan zen. 1997an, berriz espetxeratu zuten, eta 2006ko apirilaren 25ean hil zen. Gaur, Gorostidiren 15. urteurrenean, bera eta herri honen askapen prozesuari ekarpena egin dioten Tolosako ehunka borrokalari omendu ditu Tolosako Sortuk, Topic-en egindako ekitaldian.

Eider Olazarrek egin ditu aurkezle lanak, eta bertan izan dira Iñaki Azaldegi, Alhoa Karrera eta Aitor Sukia hizlari lanetan ere. Azaldegi euskal pizkundeaz aritu da. Karrera eta Sukia berriz, politikagintzan eta kulturgintzan euren lekua egiten hasi ziren emakumeez. Pianoaren eta biolinaren doinuek girotu dituzte bakoitzaren hitzak.

Gorostidiri omenaldia

Berriki bete dira 50 urte Burgosko epaiketa egin zela, ezkertiar eta abertzaleen aurkako lehen epaiketa, alegia. Epaiketa hura eta bere ondorioak euren azalean bizitu zituzten Gorostidik eta bere emaztea Itziar Aizpuruak, zeina ekitaldian parte hartu duen. Bere hitzetan:

"Jokin eta biok borrokan elkartu eta ezagutu ginen. Edertasuna bizi izan dugu, eta noski, borrokak egin gaitu libre. Askeak sentitu gara, eta era berean, ahalegindu gara Euskal Herria askatzera. Asko dago egiteko. Borrokak batera askatzen baitu herria eta norbera. Herriaren alde egiten den heinean, norbera askatzen doa. Gainera, harro sentitzen da norbera eta libre bizitzen da norbera. Ez dago gauza handiagorik, eta hori nahiko nuke ez ahaztea: Borrokak egiten gaitu libre.

Euskal Herriaren izaera denon artean ekarri dugu gaur arte. Herri izaera denok egin dugu; gure gurasoek, guk ondoren, eta gazteok gure ondoren. Belaunaldi gazteei eskainiz ekarri dugu, baina lanez karga dugu denon artean eta aurrean. Jokinek Burgosko prozesuan zihoen bezala: "Prest nago asumitu behar den guztia asumitzeko, eta gehitzen diot, baita behar den guztia emateko ere".

Gora Euskal Herri Independente eta sozialista! Gora ezker abertzalea! Gora gu ta gutarrak!"

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!