Borroka sindikal feminista defendatzeko batu dira Tolosan

Ataria 2021eko apirilaren 23a

LAB sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute eguerdian Tolosako Trianguloan. Ekintza sindikala babestu dadin eskatuko dute.

Ekintza sindikala babesteko asmoz, LABek mobilizazioak egin ditu gaur eskualdez eskualde, eta bihar berriz, 17:00etan manifestazio bat deitu du Iruñean, Baluarte jauregitik irtenda.

Yolanda Forcelledo eta Ines Calabuig LABeko garbiketa sektoreko ordezkariak asteartean atxilotu zituzten sindikatuko beste lau kiderekin batera, eta leporatutako ekintzak aitortu zituzten. Atxilotutako sei kidetatik bostek 24 ordu eman zituzten Poliziaren egoitzan. 

LABeko kide Laida Zubillagak gaur esan du operazioak bestelako helburuak izan dituela: «Kapitalak ezin du jasan lan baldintza eta bizitza duinak eskuratzeko gure determinazioa. Sinetsarazi nahi digute emakumek ez dugula zilegitasunik eta ez garela gure borrokaren subjektu politikoak, are gutxiago lan-arloan; ez gaudela baimenduta gure eskubideak eskatzeko. Baina alferrik ari , ez baitugu atzerapausorik emango, ez dugu aldarrikapen bat bera ere alde batera utziko, ez da kide bat ere geratuko bide ertzean; denak batera eta inoiz baino indar handiagoz borrokan jarraituko dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!