Tolosako Asanblada Feministak elkarretaratzea deitu du biharko

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 23a, 13:04

13:00etan elkartuko dira Tolosako Trianguloa plazan Zizurkilen emandako eraso matxista salatzeko.

Tolosako Asanblada Feministako kideek elkarretaratze deialdia egin dute biharko. Trianguloan elkartuko dira 13:00etan Zizurkilen pasa den asteburuan eman den eraso sexista salatzeko. Indarkeria matxista arbuiatuko dute asanbladako kideek eta herritarrei egin die dei bertan parte hartzeko.

Tolosako Udalaren atxikimendua

Tolosako Udalak adierazi duenez, jasotako informazioaren arabera, tolosarra da erasoa jasan zuen emakumea; hori dela eta, gertakariaren berri izan bezain laster, martxan jarri du protokoloa. "Protokolo Mahaian dauden zerbitzuak (Ertzaintza, Osakidetza, Gizarte Zerbitzuak eta GFAko Larrialdietako Zerbitzua) gertatutakoari erantzuna eta jarraipena ematen ari dira, emakumeari behar duen laguntza emateko", esan dute udaletik.

Bestetik, udalak, erasoa jasan duen emakumearen esku jarri ditu baliabide guztiak. "Behar duen laguntza psikologikoa eta juridikoa eskainiko diogu, pertsona erasotua babestu eta arretarik egokiena emateko, bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz".

Gertatutako erasoa salatzeko, Tolosako Asanblada Feministak egindako deialdira atxikitu da udala. "Babes osoa azaldu nahi diogu erasotuari. Erabat gaitzesten eta irmoki salatzen dugu gertatutakoa, eta horrelako jardueren aurka jarduten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!