Tolosaldeko ospitale publikoaren alde egiten ari den Alkateen Mugimenduak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari bilera eskaera bat egin diola esan du. "Ospitale publikoaren proiektua gauzatzeko definitu beharreko hiru arloen lanketan dihardugu, orain hurrena iragarri genuen moduan eta zentzu horretan gure proposamenak aurkeztu eta azaldu nahi dizkiogu sailburu andereari, aurrez aurre", esan du.
Martxoaren hasieran abiarazi zuten Osasun Mahaia eta ordutik hiru arlo aztertu dituztela esan du mugimenduak. Batetik, XXI. mendera egokitutako Tolosaldea eskualdera zuzendutako osasun-ereduaz aritu dira: "osasungintzaren ikuspegitik Tolosaldearen beharrak zeintzuk diren aztertu dugu eta balizko ospitale horren egitura nolakoa izango litzatekeen definitu". Bestetik, Asuncion ospitaleko langileen egoeraren konponbidearen inguruan hitz egin dute eta esan dute Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkaritzak lan egin duela langileen ordezkariekin batera, langileen egoera bideratzeko egon daitezkeen aukerak lantzen. Azkenik, kokapena izan dute hizpide: "Azpiegitura berrien kokapen aukera posibleak bildu eta aztertu ditugu".
Lanketa horren berri eman nahi diote Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari, "etorkizuneko ospitale publiko berriaren inguruko erabakiak adosteko, eskualde osoko herritarren onurarako".
Otsailetik lanean dihardu Alkateen Mugimenduak eta 25 alkatek osatzen dute; horietako 23 dira Tolosaldekoak. Izan ere, Tolosaldeko osasun eremua 31 herrik osatzen dute, Andoain, Legorreta eta Beizama ere barnebiltzen baititu. Abaltzisketa, Belauntza, Berrobi, Larraul, Tolosa eta Andoaingo alkateak dira mugimendura batu ez direnak.