«Haurrek erreakzionatzeko beste denbora bat behar dute eta helduoi ahaztu egiten zaigu askotan»

Irati Saizar Artola 2021ko api. 24a, 08:58

'Izadi' ikuskizunaren une bat Leire Amonarrizekin. MARCOS G PUNTO

Etxeko txiki zein handiagoentzat, Izadi ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, gaur, 16:00etan, Tolosako Leidor aretoan; Leire Amonarriz pedagogo, ikerlari eta dantzari tolosarrak zuzendutako lana da taula gainean gozatuko dena.

Bereziki haur jaioberrientzat, baina, aldi berean, familia guztiarentzat begirako ikuskizuna eskainiko du Leire Amonarriz (Tolosa, 1979) pedagogo, ikerlari eta dantzariak, bere jaioterrian. Musika, dantza eta objektuak uztartuko ditu orain gutxi taularatu duen Izadi ikuskizunean. Hitzik esan gabe, soinuan eta mugimenduetan murgilduta «esperientzia intimo bat» eskaintzera dator, Alberto Almazan dantzariarekin batera.

Jaioterrira zatoz lan berri batekin. Berezia izango da? 

Egia esan oso berezia izango da. Gehienbat Madrilen zabaldu dut lana eta herrira etortzea beti da momentu berezi bat, eta ikuskizun hori ere momentu berezi bat bezala sentituko dut.

'Izadi' izeneko lan bat duzu eskuartean. Nolakoa da?

Izadiren sorkuntza prozesuan begiak 0-3 urte bitarteko haur txikiengan jarri ditut. Orain gutxi ama izan naiz, urte eta erdiko haurra dut eta bere garapen prozesuarekin batera aurrera eraman dudan sorkuntza bat izan da. Nik beti pentsatu izan dut ume txikiek ikasteko eta mundua ezagutzeko duten gaitasun hori, zentzumenen bidez atentzioa jartzeko duten gaitasun hori, non, errazionamenduak ez duen tokirik, guztiok dugun gaitasun bat dela. Beraz, pertsona helduak ere gonbidatzen ditut esperientzia hori jasotzera Leidorrera.

Haiku izeneko poesia japoniarrean bilatu duzu inspirazioa lanerako.

Errimarik gabeko poesia laburrak dira haikuak. Normalean, naturan inspiratuta daude, naturaren handitasuna modu oso kontzentratuan erretratatzeko gaitasuna dute. Zentzuak ageri dira momentuaren esperientziaren isla direnak. Hortik joan da Izadiren eraikuntza: istorio konkreturik gabeko poema bisualak planteatzen ditut.

«Beti pentsatu izan dut umeek zentzumenen bidez atentzioa jartzeko duten gaitasun hori guztiok dugula»

Musika, dantza eta elementuak ditu oinarri lanak.

Dantza munduan jaso dut formakuntza, baina azken urteotan jaioberriekin lan egiten duen musika pedagogo batekin egin dut lan, eta arlo horretatik lan asko egin dut irakaskuntzan, dantza eta musikaren erlazioak bilatuz. Eta lan honetan, objektuek ere balioa hartzen dute. Konfinamendu garaian kakorratzarekin lan egiten hasi nintzen, eta teknika horren bidez sortutako objektuak ere ikuskizunean ikusgai daude. Prozesuan zehar txotxongilo batekin ere egin dugu topo, eta txotxongiloen lengoaiak ere badu garrantzia lanean.

Eta soinuak ere badu bere lekua ikuskizunean. 

Bai, handia gainera. Oholtzan bertan soinua sortzen dugu. Aurrez eginiko musika ere erabiltzen dugu, baina presentzia handia du guk eraikitzen dugun soinu espazioak.

Ikuskizunean istorio konkreturik ez duzula kontatzen aipatu duzu. Nolako lana da ba?

Esperientzia sentsorial bat da. Jaioberriek mundua ikusteko duten moduan sartzen bagara, esaterako, argi batek deitzen die atentzioa, soinu batek bestela. Eta lan honetan publikoaren atentzioa toki batetik bestera mugitzen da, etengabe.

Zure konpainiak 'El lagarto baila' du izena. Haurrei begira egiten duzue beti lan?

Dantza profesionalean ibili nintzen urte luzez lanean, eta gero, dantza pedagogian lizentziatu nintzen. Dantza bidezko hezkuntza lantzen duen metodologia batekin egin nuen topo eta izugarri konektatu nuen ideia horrekin. Ikusi nuen guztiok dugula dantza egiteko gaitasuna eta nolabait, beste arteekin erlazionatuz, guztiok garela artista. Nik konpainia sortu nuenean, nire ideia zen klasean egiten nituen ariketak eta sorkuntza prozesuak taulara eramatea. Eta oholtza ere espazio pedagogiko kultural bat bezala ulertzea nahiko nuke.

«Esperientzia sentsorial bat da; lan honetan publikoaren atentzioa toki batetik bestera mugitzen da»

Oholtzatik haurrekin konexio hori bilatzen duzue? 

Izadi aurkeztutako aurreko espazioa oso txikia zen, oso intimoa. Izan ere, gertutasuna bilatzen duen ikuskizuna da Izadi, eta kasu honetan, Leidorren izango gara eta guretzat erronka izango da horrelako espazio handi batean harreman hori gertukoa sentitzea. Hala ere, beti dago kontaktua ikuslearekin. Publikoan zerbait gertatzen denean, guk oholtzatik entzuten dugu eta agian, haur batek zerbait esan edo soinuren bat egiten badu, hori jaso egin daiteke eta horrekin jolastu. Esperientzia kolektibo bat da publikoarekin batera egiten duguna.

Oholtzan ez zaude bakarrik, ordea.

Alberto Almazan izan ohi dut ondoan. Trasdanza izeneko proiektu batean lanean ezagutu genuen elkar Madrilen. El lagarto baila proiektuan ia hasieratik egon da nirekin. Aurreko ikuskizunean ere, 2x4 deiturikoan, elkarrekin dantzatu genuen eta konexio polita lortu dugu oholtzan. Nik sortu dut El lagarto baila konpainia, ni naiz zuzendaria, baina Alberto gabe ez nuke ulertuko. Identitate handia ematen dio proiektuari.

'Izadi'-ren aurretik '2x4' ikuskizuna sortu zenuen. Ildo bereko lana da hori ere? 

Ez, 2x4 ikuskizuna hiru urtetik gorako haurrentzat dago zuzenduta, eta pertsonaia konkretuagoak ditu; nolabaiteko istorio bat kontatzen du. Ikuskizuna ikustera joan diren jaioberriek ere oso harrera ona egin diote, ordea, oso plastikoa baita, eta mugimendu asko du. Baina zaharragoek beste istorio bat jasotzen dute. Nire lehen sorkuntza lana izan da 2x4, eta kasu honetan, Izadirekin, bestelako konexio bat sentitu dut. Uste dut Izadik kapa gehiago edo konplexutasun gehiago duela, nahiz eta printzipioz sinpleagoa eman.

Eszenografia aldetik diozu? Edo maila pedagogikoagatik ari zara?

Maila pedagogikoan esango nuke. Zehatzagoa da 0-3 urte artekoentzat zerbait sortzea, eta jakin egin behar da nola egin. Haurrek erreakzionatzeko beste denbora bat behar dute, denboraren bizipena desberdina da adinaren arabera, eta helduoi askotan ahaztu egiten zaigu. Badut anekdota bat: haurrarekin asko joaten naiz antzokira eta izugarri disfrutatzen dut bere erreakzioei begira. Behin, ikuskizun batean, txaloka ari zen publikoa, eta nire umea haiei begira zegoen, adi; txaloen eszena amaitu eta zerbait oso-oso motela hasi zenean, orduan hasi zen txaloka nire umea. Orduan ulertu nuen haurrek erreakzionatzeko denbora gehiago behar dutela. Izadik hori eskaintzen du, kontenplaziorako denbora, horretan saiatzen gara behintzat.

Ikuskizun asko daude haur jaioberrientzat bideratuta?

Ez daude gehiegi egia esan. Gainera, ez daude espazio asko horrelako publikoa jasotzeko prestatuta, ez daude eraikita jaioberrientzat ikuskizunak eskaintzeko. Nire apustua ama bezala dudan esperientzia pertsonala arlo pedagogikoan oholtzara eramatea izan da, behar bat ere sentitu dut horretarako. Erronka izan da horrelako haur txikientzat ikuskizun bat prestatzea.

Erronka gaur ere izango duzu, zure jaioterrian. Izan ere, urteak dira Madrilen bizi zarela.

Dantza munduan Tolosan hasi nintzen, kultur etxean, Katixa Perearekin. Gero Bilbora joan nintzen ikastera eta dantza munduarekin jarraitu nuen, eta momentu batean erabaki nuen nire bizitza dantzara dedikatu nahi nuela, baina, beti, irakaskuntza puntutik. Zortea izan dut eta taula gainean esperientzia izateko aukera eduki dut, dantzari guztiek ez dutelako aukera hori izaten. Madrilera dantzan formatzera joan nintzen, gero dantzako irakasle izan ahal izateko, eta bueltatzeko asmoa nuen, baina bizitzak momentuz han jarraitzera eraman nau. Orain, ordea, han eta hemen erdizka ibiltzen naiz, zeren, Bilboko Dantzerti goi mailako eskolako irakaslea ere banaiz eta asteko egun batzuetan Bilbon lan egiten dut, eta beste egun batzuetan Madrilen egoten naiz. Tarteka, Tolosara etortzen naiz familia bisitatzera. 

Zer esango zenieke 'Izadi' ikustera joateko zalantzan dauden horiei?

Animatu daitezela, ez direla-eta damutuko. Gaur egungo egoerarekin, gainera, haurrekin jarduerak egitea guztiontzat da onuragarria. Espazio itxia izanagatik, asko zaintzen da segurtasuna eta Leidorrera gerturatzeko eskatuko nieke, ikuskizunak esperientzia polita eskainiko dietelako.

 

'IZADI'

 

Noiz: Gaur, larunbata, 16:00etan.

Non: Leidor aretoan, Tolosan.

Zuzendaria: Leire Amonarriz.

Koreografia eta interpretazioa: Leire Amonarriz eta Alberto Almandoz.

Iraupena: 35 minutu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!