Inoiz baino xumeagoa, beti bezain garrantzitsua

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 22a, 11:59
Tolosaldean Lanbide Heziketa zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeetako ordezkariak, Trianguloa plazan. JOSU ARTUTXA

VI. Lanbide Heziketa Azoka ospatuko da, bihar, Trianguloa plazan; aurten, ordea, gonbidatutako 200 ikasleentzat soilik egongo da zabalik

2016az geroztik, indar handia hartu duen ekimena da Lanbide Heziketa Azoka, Tolosaldeko ikastetxe ezberdinen eskaintzek topo egiten duten gunea. Bosgarren edizioa izango da biharkoa; berez, iaz ospatu behar zuten, baina salbuespen egoera zela eta, bertan behera utzi zuten azken unean. «Ahalegin berezia egin nahi izan dugu aurten, proiektu honen oinarria den azoka presentziala aurrera eramateko», azaldu dute antolatzaileek.

Orain arte, bi eguneko azoka izaten zen; aurten, ordea, ostiralera mugatu behar izan dute, segurtasun neurriak bermatu ahal izateko. 09:00etatik 14:00etara egongo da zabalik azoka, baina eskualdeko ikastetxeetako DBH-ko eta batxilergoko ikasle gonbidatuentzat bakarrik. «Hamaika ikastetxeetatik, zazpik baieztatu dute euren presentzia, eta guztira, 200 ikasle inguru igaroko dira azokatik. Harrituta gaude emandako erantzunarekin, presentziala egitearekin bagenituelako zenbait zalantza. Ikaragarria izan da, eta uste genuena baino ikasle gehiago datoz; azkenean, ordutegia ere luzatu behar izan dugu».

Ezarritako neurriak betetzea ezinbestekoa denez, elkarrekin ez nahasteko, ikastetxe bakoitzeko ikasle taldeak aurrez adostutako ordutegi bat izango du; horiek, gainera, multzo txikiagoetan banatuko dituzte, azokara txandakatuz sartzeko. «Bisita gidatuak egingo dira eta azokako postu guztietatik igaroko dira ikasleak. Hori onuragarria da, bestela, askatasun handiagoa izaten dute mugitzeko, eta despistatuago ibiltzen dira. Modu honetan, bisita pertsonalizatuagoa izango da, eta xehetasun handiagoarekin jasoko dute informazioa».

Egiturari dagokionez, berdin mantenduko da, nahiz eta azokara eramango den material erakusgarria, batez ere, informatiboa izango den. «Ez dugu aurreikusten tresna manipulagarriak eramatea, elkarrekintza suposatzen duten elementuak, alegia. Hortaz, informaziorako liburuxkak edota esku-orri eramangarriak izango dira. Zuzeneko arreta eskaini nahi diegu ikasleei, euren jakin-mina ase eta zalantza guztiak argitzeko».

JAKIN-MINA AREAGOTZEN

Tolosaldea LHII, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Fraisoro Eskola, Don Bosco LHII eta Pen?ascal Kooperatiba dira eskualdean Lanbide Heziketa zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeak. «Gure lana balioan jarri eta Tolosaldean dagoen kalitatezko eskaintza zabala ezagutaraztea dira azokaren helburu nagusiak. Hala ere, baditu bestelako erronkak ere, besteak beste, esperientziak partekatuz, ikasle, irakasle eta enpresen arteko harremanak eta sinergiak sustatzea, ikasketen ezaugarri orokorrak ikasleei zuzenean azaltzea eta emakumeen parte hartzea eta presentzia bultzatzea».

Aurten ere, iaz eskualdeko hezkuntza zentroekin abiatutako ibilbideari jarraipena ematea da Lanbide Heziketako ikastetxeen asmoa, bertako orientatzaileekin harremana berretsiz eta sortutako materiala helaraziz. «Elkarrekin eta herri mailan lankidetzan jarraitzeko borondatea dugu. Urrats xumea badirudi ere, ezinbesteko da, eskola horien orientaziorako eredu izaten jarraitzeko eta beraiek ere azokaren parte sentiarazteko».

Urtetik urtera, gizarteak, oro har, Lanbide Heziketarekiko «interes handiagoa» erakusten duela diote zuzendariek. «Gorakada bat izan da, zalantzarik gabe. Eskaintza geroz eta aberatsagoa da, profesionalak hezten ditugu eta lanpostu bat lortzen duten ikasleen tasa handia dugu». Gazteen kasuan, eskaintza geroz eta hobeto ezagutzen dutela eta jakin-mina ere handiagoa dela diote. «Gurasoek, berriz, beste aurreiritzi bat dute, eta horiengana heltzea ez da horren erraza».

Ikasleen profila ere aldatzen joan dela aitortzen dute. «Gaur egun, gustuko dutena ikasten dute, eta helburu finkorik gabe etortzen dira. Lanbide Heziketak unibertsitaterako bidea ere ireki dezake. Norberaren ikasketa prozesuko bide bat da, heldutasun puntu bat ematen duena, eta hori balioan jarri behar da.

IKASTURTE BEREZIA

Hezkuntza zentro askotan bezala, irailean zalantza ugari izan zituzten Lanbide Heziketa zentroetako zuzendariek. «Ahal dugun moduan ari gara egoerari aurre egiten, eta uste genuena baino arrakastatsuagoa izaten ari da, genituen beldur guztiak gainditzea lortu dugulako. Inoizko esfortzu handiena eskatu du eta meritu handikoa izan da ikasle, irakasle eta gurasoen elkarlana».

Ikastetxe guztietan indartu behar izan dute online metodologia. Hala ere, «presentzialtasuna lehenetsiz» ari direla esan dute, ikasleak taldeetan banatuz eta taldeak elkar nahastu gabe. «Bestetik, guretzat giltzarri diren praktikaldiak bermatzen ahalegindu gara. Horiek ez egitea hutsune handia litzateke, ikasleak, enpresara joan eta bere lanbidea ikusi eta bizi behar duelako».

Aipatutako salbuespen egoera, neurri batean, «jasangarria» izaten ari dela aipatu dute. «Ikasleak taldekatzeak, egoera kudeatzeko erraztasunak eman dizkigu, baina isolatuta egoteak, eragin handia izan du ikasleen arteko harremanetan, emozionalki nahiz psikologikoki. Oro har, nahiko ondo ikusten ditugu, eta zintzotasun ikaragarriarekin ari dira jokatzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!