«Diskoa kalean dugu, baina guk oraindik ez dugu plazarik jotzeko»

Asier Imaz - Eneritz Maiz 2021ko api. 22a, 19:59
Argazkia: Don Inorrez / David Herranz

'Esku hutsik' izeneko bigarren diskoa kaleratu du Don Inorrez talde tolosarrak; Imanol Ubeda taldeko kideak egoera «arraroa» bizitzen ari direla kontatu du.

Don Inorrez talde tolosarrak bigarren diskoa kaleratua du. Andaluzian grabatu duten lan berriari Esku hutsik izena jarri diote, eta Imanol Ubeda taldeko kideak «esku hutsik etorri gara, eta esku hutsik jarraitzen dugu», adierazi du. Diskoak salgai daude dagoeneko, baina Don Inorrez zuzenean entzuteko aukerarik ez da momentuz. Ez ohikoa den arren, ez dute kontzerturik lotuta.

'Esku hutsik' izena jarri diozue diskoari. Zer adierazi nahi izan duzue?

Diskoko kanta bat da Esku hutsik, eta Pello Lizarralde idazleak egin zuen letra hori nahita guretzat. Nire alaba jaio berritan bidali zidan eta istorio bat kontatzen du. Narrazio edo istorio txiki bat letra batean jasoa da. Azalera edo diskoaren izenburura eraman dugu titulua, zeren garai hau oso-oso konplikatua da denontzat, baina bereziki esango nuke musikarientzat, eta batez ere, musikari profesionalentzat. Ostalariak gora eta ostalariak behera, eta arrazoi osoz segur aski, baina badaude beste sektore batzuk ere oso jipoituak izaten ari direnak eta horien artean daude musikariak.

Baita musikarien atzean egoten diren argi eta soinu teknikariak ere.

Dudarik gabe. Askotan gu gara aho bero batzuk eta fokua gugan jartzen dute. Gure inguruan eta gure atzean, ezker-eskuin jendea asko dago. Modu anonimoan lanean, gurea bezalako proiektuak aurrera ateratzen, eta horientzat ere oso garai txarrak izaten ari dira. Lehen modu prekarioan bazeuden, orain esku hutsik geratu dira asko eta asko.

Egoeraren irtenbidea nondik bideratuko zenuke?

Oso zaila da honi konponbide bakar bat ematea. Beste sektore askoren moduan, musikarien sektorea oso atomizatua dago eta kasuistika oso ezberdinak daude segmentuen arabera. Oro har, erroan badagoela zerbait esango nuke, eta ez da hartzen zerbait garrantzitsu moduan. Askotan lotu da kultura entretenimendura, eta nik uste dut entretenimendutik harago doala kultur sortzaile askoren ekarpena. Irtenbide estrukturalak behar direla uste dut, ez bakarrik partxe bat edo beste. Baina behin hasita laguntza batzuk zehaztea sektore konkretu batzuentzat egingarria izan daiteke. Etxebizitzen krisiarekin banketxeak babestu zituzten moduan, orain langileak babestea tokatzen zaie, eta horien artean daude musikariak.

'Barre ala negar' deskribatzen ari zaren errealitate horren izenburua izan daiteke.

Izan daiteke. Nik kantu horretan adierazi nahi nuen, behin honetaraz gero, jada adin honetan, ez dakizu oso ondo non zauden. Ez zara gaztea, baina ez zaude erretiratzeko moduan. Toki bila zaude. Argazkitik kanpo geratzeko beldur hori duzu. Musikaren sektorea oso bizia da. Liluragarria da zenbat proposamen sortzen diren, eta asko eta asko ze interesgarriak diren. Normala den moduan gauza berriak gailentzen joaten dira, eta ez hain berriak direnek atzera egiten dute. Dramatismoan erori gabe eta kiroltasunez, halako parodia moduko bat da eta gure buruari eskainitako abesti bat.

Karlos Aranzegi izan duzu alboan, eta Andaluzia aldean ibili zarete Paco Locorekin. Bide Ertzeanen itzaletik aldendu nahian edo?

Nik uste dut baietz. Zaila da. Urte asko egin ditugu Bide Ertzeanekin, eta oraindik orain, jende askok Bide Ertzeanekin lotzen gaitu. Musikalki bagenuen beste zerbait egiteko gogoa. Power pop estilora lotutako zerbait, eta hor Karlos Aranzegiren intuizioa oso garrantzitsua izan zen. Berak kantu horietarako oso egoki ikusten zuen Paco Loco ekoizlea. Eta bere intuizioari jarraituz El Puerto de Santa Mariaraino joan ginen duela hiru urte. Gure aurreikuspenak bete ziren; guk bilatzen genuen hori topatu genuen. Eta hain justu bigarren diskoa grabatzerako orduan ere berriro itzuli gara Paco Locorengana. Sonoritate aldetik eta artistikoki hasieran ezarritako premisa horiek berritu nahi genituelako.

Gustura lanarekin?

Bai, bueno grabazio bat beti da mendi errusiar bat. Gorabehera asko ditu. Hor bertan egiten duzun lana betiko geratzen da, eta beti da tentsioa. Era berean, Paco Loco oso ekoizle langilea da, eta badaki beti lan giro eder bat sortzen, eta grabazio oso atsegina izan da. Zentzu horretan oso pozik etorri gara, grabazioa oso atsegina izan zelako. Eta emaitzarekin ere oso pozik gaude, baina behar bezala epaitzeko agian distantzia hartzea behar dugu. Oraingoz gu pozik gaude, baina falta dena da eta oso garrantzitsua dena, entzuleek entzutea eta entzuleen iritziak jasotzea. Horrekin batera plazara bueltatzea.

Nola duzue plazara bueltatzeko agenda?

Bada hutsik. Esku hutsik etorri gara eta esku hutsik jarraitzen dugu. Egia esan, ez dakit zer esan. Gu saiatzen ari gara emanaldiak lotzen, baina oraingoz ez daukagu data bat lotuta. Lehen ere guretzat ez dira inoiz izan gauzak errazak. Gu ez gara jende asko mugitzen duen talde bat, eta plazak ere ez ditugu asko egin, baina orain pandemiarekin pentsa, duela hiru urte Bilboko Kafe Antzokian jo genuen eta orain itxita dago. Durangoko Plateruenean jo genuen eta hori itxi egin dute. Berako Kataku ostatuan jo genuen eta jada hor ezin dira kontzertuak egin. Gure plaza izan diren asko jada ez daude, eta berrietara ezin gara iritsi oraingoz, orduan, ea pandemiaren kontu hau arintzen den pixka bat, eta jotzeko aukerak sortzen zaizkigun. Guretzako hau oso arraroa da. Normalean disko bat atera orduko beti bagenuen kontzertu bat edo beste lotuta, eta orain da eguna diskoa kalean duguna, baina guk oraindik ez dugu plazarik jotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!