Hizkuntzaren beste ezaugarri batez ere ikaragarri jardun gara: komunikatzeko bere balioaz. Besterik ez, komunikatzeko balio dute hizkuntzek nonbait, ez dute beste ezaugarri garrantzitsurik.
Maiztxo sumatu dut faltan, ordea, hizkuntzek duten aparteko garrantzia mundu ikuskera berezia emateko sapiensari, izaera eta pentsamendua sortzeko duten ahalmenean. Ez dakit zergatik Hizkuntza Politika zuzendu dutenek izan duten isilpean beti hizkuntzaren gaitasun hau; zergatik ez duten honetaz jardun, berez duen garrantzi itzela emanez. Beti harritu izan nau jarrera horrek. Zer ezkutatu nahi dute mundu ikuskera berezia ematen duela hizkuntzak ez adierazita? Zeren beldur dira egia hau lau haizeetara ez zabaltzeko?
«Nire hizkuntzaren mugak nire mundu ikuskeraren mugak dira», (Ludwig Wittgenstein).
Joshua Fishman munduko soziolinguista ezagunetarikoa eta aditu bikaina honelaxe mintzo zaigu: «Hizkuntza bat desagertzen denean galtzen dira geroko belaunaldi askoren integrazio soziokulturala, kohesioa, naturaltasuna, isilpeko sormena, ziurtasunezko identitate sentimendua -nahiz eta kontzientzia politikorik ez izan- eta herri baten autoestimuaren sentimendua. Hemen aipaturiko ondorio hauek kalte fisiko nahiz mentala eragiten dute gizartearen hurrengo belaunaldietan. Hizkuntza horretako hiztunak ez dira hiltzen, baina mendeetako jakintza eta mundua ikusteko, aztertzeko era bat, ez hobea, ez okerragoa, beste modu bat, ordea, bai. Eta hori, asko galtzea da, biodibertsitate ekologikoa galtzea beste edo gehiago. Gure espezieari pentsamendua pobretzen dio hizkuntza galtzeak edota hizkuntza txikitzeak, eman dezakeena ez emateak.
“Hizkuntza bat desagertzen denean galtzen dira geroko belaunaldi askoren integrazio soziokulturala, kohesioa, naturaltasuna, isilpeko sormena, ziurtasunezko identitate sentimendua"
George Steinerrek zioen hizkuntza bakoitzak bere erara ikusten zuela sapiensaren biziraupenaren aukera. Munduaren mapa desberdina ere marrazten duela hizkuntza bakoitzak zioen Steiner jakintsuak. Beste ikuskera zoragarria ematen digula hizkuntzak, bizitzeko modua, izateko era sortzen digula hizkuntzak.
Euskal Herria osatzen duten zazpi probintzietako biztanle orok jakin beharko luke zer duen gizateriak jokoan euskarak bere indar guztiaz ekoizpen egokia ematen ez badu; are gehiago, desagertuz gero. Bazterreko hizkuntza gutxitua izanik ere, asko galtzen du munduak, bere gaitasunaren zati handia. Bere ikuskera berezia ez baita agerian geratzen behar adinako indarrez, ezta bere herrian ere; hortaz, gutxiago beste hizkuntzetako herritarrentzat.
Ezkutuan gordetzen den egia hau euskal herritarrongan beharrezko indar eta zabalkundeaz ematea guztiz beharrezkoa izateaz gain, premiazkoa ere badugula esango nuke, hizkuntza kontzientzia pizteko eta areagotzeko. Baliabideak baditugu, gogoa behar. Gertatuko ote? Askoz hobe hala bada!