Gernikako Arbola lorategiak ingurua eraberritzeko lanak, hasteko prest

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 20a, 18:59

Astelehenean hasiko dira anbulatorio ingurua eraberritzeko lanak, oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin; 4 fasetan gauzatuko dira eta bost hilabeteko iraupena izango dute.

Laskoain kaleko obren eta hasi berri diren Euskal Herria plazako lanen ondotik, aste honetan emango diete hasiera Gernikako Arbola lorategiak ingurua berrurbanizatzeko lanei. Ostegunean hasiko dira eremua obrarako prestatzen, eta datorren astean hasiko dira lanak. Bien bitartean, eremuan aparkatu ahal izango da. Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratuko da obra aurrera eramateaz, eta Girder Ingenieros enpresa, berriz, obra zuzentzeaz. 2.500 metro karratuko eremuan eskuartuko dute, eta guztira, 480.000 euroko kostua izango dute lanek.

Gainerako hirigintza lan gehienetan bezala, bertako irisgarritasuna hobetuz, eta herritarrentzat eremu atseginagoa eta seguruagoa eraikiz, oinezkoei lehentasuna ematea da helburua. "Ezinbestekoa da oinezkoei protagonismoa ematea, pertsonak erdigunean kokatzeko", adierazi dute udaletik. 

Obrak amaitzean, tolosarrek paseatzeko espazio gehiago izango dute, espaloiak zabaltzearekin batera, arrapalak birkokatu eta espaloi eta bidea maila berean jarriko direlako. Modu honetara, Gernikako Arbolako eremu osoari jarraitasuna eta koherentzia emango zaio, material bera erabiliz. Bestetik, abiadura moteltzeko aglomeratu inprimatua jarriko da, aurrerantzean, noranzko bakarra izango du zirkulazioak eta 14 aparkalekuko eremua izatera igaroko da.

Instalazioei dagokienez, hiri altzariak, lorategiak eta argiztapena berrituko dira. "LED argiak jarriko dira energia kontsumoa murrizteko, jasangarritasun energetikoaren aldeko apustuan urratsak eginez". Azpiegiturei dagokienez, saneamendu-sarea bereiziko da, ur horniduraren kasuan fibrozementozko hodia kenduko da, behe eta ertain tentsioko sareko kanalizazioa berrituko da eta telekomunikazioko sareko aire-linea lurperatuko da. Obrak iraun bitartean, mozketak egingo dira zerbitzu sarean, eta bi egun lehenago emango da horien berri.

Faseak eta eraginak

Lanekin hasi aurretik, informazio bilerak egin dira bizilagun eta merkatariekin, eta horien ekarpenak eskertu ditu udalak. Orain, lau fasetan gauzatuko da obra eta bost hilabeteko iraupena izango du. Lehen faseak, bi hilabete eta erdiko iraupena izango du; 2. eta 3. faseek, hilabetekoa bakoitzak; eta azken faseko lanak, hilabete erdian egingo dira.

Lehen fasean, pasarela bitartez ahalbidetuko da Beotibar pilotalekurako eta 2, 4 eta 6 zenbakidun eraikinetarako oinezkoen sarbidea. Bigarren fasean, gauza bera egingo da 8 zenbakidun eraikinekoarekin.

Kaleko aparkalekuei dagokienez, lehen bi faseetan, anbulatorioko ibilgailuek soilik erabili ahal izango dute eremua eta Alondigako aparkalekuak erabilgarri egongo dira uneoro; anbulategira joateko oinezko hiru sarbideak ere zabalik mantenduko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!