Tolosa CF atletismoko emakumeen taldea txapeldunorde Euskadiko Txapelketan

Ataria 2021eko apirilaren 19a

Euskadiko Kluben Arteko Txapelketan parte hartu duten Tolosa CF-ko atletak. Argazkia: Shrabani Aranzabe

Euskadiko Kluben Arteko Txapelketan lortu dute bigarren postua. Gizonezkoen taldea bosgarren izan da.

Tolosa CF atletismoko emakumezkoen taldeak lehendabizikoz lortu du aire libreko Euskadiko Kluben Arteko Txapelketan txapeldunorde izatea. Asteburuan izan zen lorpena, Anoetako miniestadioan. «Izugarria» izan dela azaldu dute klubetik, gogora ekarriz pista estalian emaitza hori aurreko urtean lortu zela eta dagoeneko podiumeko hirugarren postuan zenbaitetan zapaldu dutela. Denen parte hartzea «bikaina» izan zela azaldu dute klubetik, eta marka pertsonal ugari lortu zirela. Lehen postuan Atletiko San Sebastian sailkatu zen eta hirugarren Bat taldea.

Gizonezkoen taldeari dagokionez, «meritu handiko» bosgarren postua lortu zuen. «Oso ondo lehiatu ziren orokorrean eta lortutako postua talde nahiko konpentsatu bati esker izan da», azaldu dute klubetik. Gizonezkoen lehen hiru postuak Real Sociedad, Bat taldea eta Durangorentzat izan ziren. Hori horrela, beste urtebetez, arazorik gabe maila gorenean mantenduko dira Tolosa CF-ko bi taldeak.

Emaitza aipagarrienei dagokienez, lehen postua lortu zuten Maialen Muñozek 3.000 metrotan, Irati Azpilgainek luzera jauzian eta Maria Felisa Okomok pisu jaurtiketan. Bestalde, 4x100 metrotan bigarren postua eta klubeko errekorra lortu zuten Irati Azpilgainek, Nora Ituartek, Ainhoa Gibelaldek eta June Lopetegik, 49,18ko denborarekin. 4x400 metrotan ere klubeko errekorra egin zuten Ainara Lakuntzak, Paula De Juanek, Ainhoa Muruak eta Iratxe Martinek, 4.01,50ko denborarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!