Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokietan izena emateko epea zabalik

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 19a, 17:59

Gaurtik hasita, maiatzaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak. 19 etxebizitza huts zozketatuko dira eta itxaron zerrenda osatuko da kontratuak amaitzean libre geratzen diren etxebizitzak betetzeko.

Etxebizitza alorrean tolosarrei aukera berriak eskaintzeko, aurtengo laguntza, kanpaina eta deialdien artean, udalak jada jarri du lehena martxan: gazteei zuzendutako Euskal Herria plazako bizitokiei dagokiena. Gaurtik aurrera, eta maiatzaren 14ra bitarte egin daitezke etxebizitza horietan alokairuan bizi ahal izateko eskaerak.

Aurreko itxaron zerrenda agortuta, hutsik geratuko diren 19 etxebizitzak zozketatu eta itxaron zerrenda berria osatuko da, kontratuak amaitzean libre geratzen diren etxebizitzak itxaron zerrendaren bitartez betetzeko. Eskaera guztiak jaso ondoren, zozketarako onartutako eta ez onartutako herritarren behin behineko zerrenda osatuko da, eta jendaurrean jarriko da www.tolosa.eus webgunean. Ondoren, behin betiko zerrenda argitaratuko eta onartuko da, azkenik zozketa egin eta etxebizitzak esleitu eta itxaron zerrenda osatzeko.

Etxebizitzen ezaugarriak

Euskal Herria plazako eraikinean, tipologia ezberdineko 25 etxebizitza daude guztira, 3 solairutan banatuta. Lehenengo solairuan, bizitoki batzuei erantsitako 12 trasteleku daude. Espazio amankomunak ere badira, hala nola, terraza eta garbigailuen gela.

Udalak etxebizitza bat erreserbatuko du mugikortasun urri-iraunkorra duten gazteentzat. Horrez gain, beren kargura adingabeak edo adinekoak dituztenentzat bi logeletako bizitokia gordeko da, eta beste egoera batzuetan dauden kolektiboentzat (indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeak, ezintasun psikikoa duten pertsonak...), berriz, babes bereziko bi bizitoki gordeko dira. Horientzat gordetako apartamenduak hutsik geratuko balira, baldintzak betetzen dituzten beste eskatzaileen artean zozketatuko dira.

Bete beharreko baldintzak

Euskal Herria plazako bizitokietara hautatzeko, hainbat baldintza bete behar dituzte herritarrek. Adinari dagokionez, eskaera aurkezteko urtearen amaieran (abenduak 31) 18 urte beteak izatea edo 35 urte baino gehiago ez izatea. Udalerriarekin izan beharreko loturari dagokionez, ondorengo baldintzetako bat betetzea eskatzen da: Tolosan erroldatuta egotea eta Tolosa ohiko bizilekua izatea (urtebetez gutxienez), Tolosan 10 urtez erroldatuta bizi izana edota Tolosarekin lanerako lotura izatea (gutxienez 5 urtekoa).

Bestetik, eta ahalmen ekonomikoari dagokionez, jabetzan beste etxebizitzarik ez izatea eskatzen da. Gainera, baldintza ekonomikoei dagokienez, urteko 3.000- 25.000 arteko diru sarrera haztatua izatea ere eskatzen da; 2019ko errenta aitorpena hartuko da kontuan. Bizitoki bakoitzeko esleipendunak ordaindu beharreko hileko kanona pertsonaren edo bizikidetza unitatearen diru sarreren araberako izango da.

Urtean 0-15.000 € bitartean:

  • Logela 1: hilean 150€
  • 2 logela: hilean 180€

Urtean 15.000-21.000 € bitartean:

  • Logela 1: hilean 200€
  • 2 logela: hilean 240€

Urtean 21.000-25.000 € bitartean:

  • Logela 1: hilean 250€
  • 2 logela: hilean 300€

Gehienez ere 3 urterako esleituko dira bizitokiak, eta ezingo da kontratua luzatu, ahalik eta gazte gehienek bizitokiak erabiltzeko aukera izan dezaten.

Eskaerak egiteko laguntza

Tolosako udalaren webgunean kontsultatu daiteke informazio guztia: etxebizitzen inguruko zehaztasunak, etxebizitzen eta eraikinaren argazkiak, deialdian parte hartzeko oinarriak, eskaera orria... Gaur hasi, eta maiatzaren 14ra bitarte aurkeztu daitezke eskaerak, herritarren arreta zerbitzuko (UDATE) Udalaren Erregistro Orokorrean, edo telematikoki, udalaren erregistro elektronikoaren bidez.

Eskaerak egiten laguntzeko eta herritarrak informatzeko, administrari bat kontratatu du udalak, eta herritarren arreta zerbitzuaren alboan egongo da kokatuta. Berarekin harremanetan jartzeko, herritarrek ondorengo ordutegian jo beharko dute berarengana: 8:00-14:15. 943 697 491 (luzapena 126) telefono zenbakira deituta, edo etxebizitzak@tolosa.eus helbide elektronikora idatzita ere jarri daitezke harremanetan. Aurrez aurreko arretarako beharrezkoa izango da zita eskatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!