Miarritzeko erailketa matxista salatu dute Tolosan

Ataria 2021eko apirilaren 17a

Tolosako Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Tolosako Trianguloa plazan, Miarritzeko erailketa matxista salatzeko.

Elkarretaratzean bildu direnak "nazkatuta" daudela adierazi dute, eta ez dela eraso sexistarik egon behar aldarrikatu dute, "ez Euskal Herrian ez inon".

Honako testua zabaldu du Tolosako Asanblada Feministak:

"Herenegun 75 urteko emakume bat hil zuen tiroz 77 urteko gizonezko bikotekideak, Miarritzen. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertaturiko hirugarren hilketa matxista da.

Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria matxistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara.

Indarkeri matxistaren aurkako borrokan agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da, hezkuntzan hasita beste edozein eremutan ere. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.

Tolosako Asanblada Feministatik gogor salatu nahi dugu erailketa matxista hau. Emakumeon aurkako indarkeriaren adierazpen bortitz honen aurrean, izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!

Erasoen aurrean denak kalera!".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!