Alokairua sustatzeko neurriak aurkeztu ditu Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 16a, 19:59
Aitziber Lazkano teknikari arduraduna eta Xabier Balerdi Etxebizitza saileko zinegotzi arduraduna.

Alokairua sustatzeko eta etxebizitza aukera berriak sortzeko aurten martxan jarriko diren laguntza, deialdi eta kanpainaren berri eman du. Administrari bat kontratu du tramiteak egiten laguntzeko.

Alokairua sustatzeko eta etxebizitza aukera berriak sortzeko diru laguntzak emango dituela esan du Tolosako Udalak. Horretarako, alokairua ordaintzen laguntzeko lerroa ireki dutela eta etxebizitza hutsak birgaitzeko diru laguntza osatuko dutela esan du Xabier Balerdi Etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak. "“Alokairuaren aldeko gure apustua garbia eta irmoa da; horregatik, aurten, alokairua sustatzeko eta gazteen emantzipazioa errazteko neurri zehatzak hartuko ditugu,  jada martxan genituen laguntzak eta programak egokituz edota ekimen berriak abiaraziz, etxebizitza hutsen azterketak agerian utzi dituen beharrei erantzuteko”, gaineratu du. Horiek horrela, informazio kanpaina bat egingo du udalak udazkenean eta Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokien eta Agaramunduko babes ofizialeko etxebizitza deialdi berriak egingo ditu, "hutsik dauden bizitokiak betetzeko".

Balerdik azaldu du etxebizitza hutsen inguruko azterketaren arabera, herrian hutsik dauden 253 etxebizitzetatik gehienak Alde Zaharrean kokatuta daudela eta askok dutela birgaitzeko beharra bizigarritasun baldintzak bete ditzaten. Babestutako etxebizitza eskatzaileen profilari dagokionez esan du, gehienak gazteak direla. 

Gauzak horrela, diru laguntza, deialdi eta kanpaina berriak abiaraziko ditu aurten udalak eta administrari bat ere kontratatu du tolosarrei tramiteak egiten laguntzeko. 

Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokiak

Aurreko itxaron zerrenda agortuta, hutsik dauden etxebizitzak betetzeko deialdi berria martxan jarriko da apirilaren 19an. Udaletxean bertan edota era telematikoan egin ahalko da eskaera. 19 etxebizitza esleitzeko zozketa egingo dute deialdi berriarekin eta itxaron zerrenda osatuko dute, kontratuak amaitzean libre geratzen diren etxebizitzak itxaron zerrendaren bitartez betetzeko. Gehienez ere 3 urteko iraupena izango dute kontratuek, ahalik eta gazte gehienek izan dezaten emantzipatzeko aukera. 

Agaramunduko Babes Ofizialeko etxebizitzak

Agaramunduko Babes Ofizialeko etxebizitzak 70 urtetik gorako herritarrei, gizarte egoera zehatzetan dauden edo mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonei bideratuak daude. Guztira 25 etxebizitza daude eraikinean eta maiatzean egingo den deialdi berriarekin, hutsik dauden 6 etxebizitza beteko dira eta itxaron zerrenda osatu. 

Deialdiaren oinarrietan aldaketa bat egin da, gainera. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek etxebizitza jabetzan badute Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren esku utzi beharko dute alokairura bideratzeko. Modu honetara, herriko alokairu eskaintza handitu nahi da.

Alokairu ordainketa errazteko diru laguntza

Oinarriak prest daudela esan du zinegotziak, agerraldi publikoan izan direla eta ekarpen bat jaso dutela. "Orain ekarpena aztertuko da ondoren Osoko Bilkurak hasierako onespena eman diezaion ordenantzari. Beharrezkoak diren administrazio pausoen ondotik egingo da deialdia". 

Diru laguntza berri honen bitartez, laguntza eskainiko diete etxebizitzarik jabetzan ez duten eta alokairuan bizi diren herritarrei. Zehazki,  18-35 urte bitarteko gazteei edota behar bereziak dituzten herritar eta familiei (bananduak, alargunak, guraso bakarreko familiak...) zuzenduta dago laguntza lerro berria. 

Alokatutako etxebizitzak Tolosan kokatuta egon beharko du, diru sarrerak kontutan izango dira laguntzak ematerakoan eta horren arabera, alokairuaren %20, %30, %40 edo %50a ordainduko da. Laguntzak urte beteko iraupena izango du eta hilean gehienez ere 250 euroko  laguntza emango da edota 300 eurokoa etxebizitza Alde Zaharrean badago,  jasoko da. Udalak 40.000 euro bideratuko ditu laguntza lerro berrira, baina eskarien arabera diru gehiago jarriko da. 

Etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko diru laguntza osagarria

Orain artean, udalak etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzak eman ditu, horiek alokairuan jar zitezen. "Etxebizitza hutsen azterketak agerian utzi du hutsik dauden etxebizitza askok birgaitze sakona behar dutela eta horregatik, udal gobernuak erabaki du Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren baitan ematen diren laguntzak (18.000 euro) osatzea, etxebizitza hutsen jabeek bizigarritasun baldintzak betetzeko beren etxeak berritu eta alokairuan jartzeko aukera gehiago izan dezaten". Horretarako, udalak hitzarmena sinatuko du Alokabide eta Etxebiderekin eta etxebizitza hutsen jabeak Bizigune programara atxiki beharko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!