Orekari eusteko, arnasten

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 16a, 11:59
Ibai Artsuaga eta Jon Eusebi Hidalgo, Oreka taldeko kideak, joan den astean, Tolosako San Esteban auzoko belazean egindako entrenamendu batean.

Tolosan, Riverline jaialdia antolatzeko sortu zuten Oreka slackline taldea. Orain, ikastaroak eskainiz, inguruan jarduera hori sustatzea da taldeko kideen helburua.

Bi punturen artean eta lurzorutik hurbil jartzen den soka baten gainean oreka mantentzean datza slackline-a. Sokaren gainean aurrera-atzera ibiliz, jardunean zehar teknika eta jauziak hobetzea izaten da kirol hori praktikatzen dutenen helburua. Tolosako Oreka taldeko kideetako bat da Ibai Artsuaga. Lagunekin kirola praktikatzen hasi, eta 2018ko udan hiru jaialditara joan zen. “Bertan, tolosarrak ginela esan, eta guztiek lotzen gintuzten 2014tik 2016ra Oria ibaiaren gainean egin zuten Riverline jaialdiarekin; jaialdi hori berreskuratu beharra geneukala esaten ziguten”. Errealitate hori “motibazio gehigarri bat” izan zen Artsuagaren hitzetan. “Eta, jaialdia antolatu ahal izateko, beharrezkoa izan zen taldea sortzea”.

Lehen urte haietan, Espainiako Estatutik, Italiatik, Alemaniatik eta Hego Ameriketatik iritsi ziren ibiltariak Tolosara. “2019ko udan berriz antolatu genuen, eta arrakasta izugarria izan zuen”, gogoratu du Artsuagak. Iaz, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten, azken unean. “Ospe handiko ekitaldia da, waterline modalitatean Espainiako Estatuan egiten den jaialdi ofizial bakarra”. Aurtengo udan ere jaialdia antolatzeko asmotan dabiltza. “Tolosako postala den txoko horrek erakargarritasun handia du, eta bertaratzen diren ibiltariak harrituta geratzen dira. Gainera, luzera ezberdinetako hamar bat soka jartzeko aukera ematen du”.

2019ko jaialdia egin aurretik hasi zen Artsuaga taldean. Eskalada praktikatzen zuen, eta, oreka entrenatzeko, soka gainean aritzen zen tarteka. “Hain justu, 1990eko hamarkadan, eskalatzaile batzuek Yosemiteko ibarrean [Kalifornia, AEB] sortu zuten modalitate hau, oreka mantentzeko entrenamendu gisa. Jendea ezagutu, taldea osatu, eta, han eta hemen, altuera eta luzera ezberdinetako sokekin hasi ginen praktikatzen”. Artsuagak bi kirolak uztartzen zituen lehen, baina orain erabat aritzen da slackline-an.

Telebistako iragarki baten bidez sortu zitzaion grina Jon Eusebi Hidalgo Oreka taldeko kideari. “Lagunekin nengoen lokalean, eta praktikatzea oso ederra izango dela pentsatu genuen”, azaldu du. Guztien artean soka bat erosi, eta herriko hainbat txokotan hasi ziren probatzen, zaletasun modura. “Hamabost lagun ginen hasieran, baina orain ni naiz jarraitzen duen bakarra”.

Markak, lanaren fruitu

Egun, dozena erdi bat lagunek osatzen dute Oreka, eta Tolosako Ferialekua da taldearen egoitza, sokak uzteko tokia. Hala ere, herriko hainbat parke eta belazetan aritzen dira, bertatik igarotzen direnen harridurarako. “Tarteka, gure lana txalotzen dute”. Tolosan ez ezik, Amezketako Zazpi-Iturrin, Soraluzen eta Jaizkibelen ere aritzen dira, besteak beste.

Slack Herria elkarteko kide da Oreka. “Oso harreman estua daukagu beste hainbat herritako ibiltariekin; ahalmen txikiko kirol bat izanik, are estuagoa da harremana”, esan du Artsuagak. “Komunitate izaera handia daukagu. Batzuetan, kirola praktikatzeko baino, lagunekin egoteko gogo handiagoa izaten dut”.

Gutxiengoen kirola bada ere, azken urteotan “gorakada izugarria” izaten ari dela diote biek. “Jarraipena izango duela iruditzen zait”, nabarmendu du Artsuagak. “Gero eta jende gehiagok praktikatuko du. Eskalada, esaterako, Olinpiar Jokoetako kirola izango da aurten. Eta, batek daki, slackline-a ere izan daiteke noizbait”. Oreka taldeko kideak azaldu du Euskal Herrian “uste baino toki gehiago” daudela kirol hori praktikatzeko. “Mendian, askok paisaia eder bat ikusten duten tokian, guk sokak irudikatzen ditugu”, gaineratu du Hidalgok.

Gorakada horren adibide dira Euskal Herrian azken urteotan lortutako markak, highline modalitatean, batez ere; soka garaiera handietan jartzean hartzen du izen hori. “Hemen, 2012an egin zuten lehen saiakera, hamabost metroko luzerakoa. Bederatzi urte geroago, 550 metrokoa egitea lortu genuen”, azaldu du Hidalgok. “Bestalde, martxoan, 220 metro luze zen soka bat jarri genuen 100 metroko altueran, Igeldo inguruan, eta Euskal Herriko marka lortu genuen. Free solo mailan, berriz, 300 metro egitea lortu zuten, irailean, Saran [Lapurdi]”. Highline modalitatean, inolako segurtasun sistemarik gabe aritzeari deitzen zaio free solo.

Aitortza eske

Lokarriaren tentsioa ibiltariaren eskarmentuaren araberakoa izaten da. Fisikoki nahiz mentalki, entrenamendu zehatzak egitea eskatzen du kirol horrek. Horregatik, aitortza bat merezi duela uste dute bi tolosarrek. “Segurtasun aldetik, kontuz ibili behar da, soka oso altu jartzen denean, batez ere. Horregatik, segurtasun sistema bikoitza izaten dute soka eta arnes guztiek”.

Eta fisikoki sasoian egoteak “garrantzi handia” badu ere, buruak gorputzak baino lan handiagoa egiten duela esan du Hidalgok. “%80, arnasketa sakon hartzean datza; indarra, berriz, %20 da. Ahalik eta indar gutxien egin behar da mugimendu bakoitzean. Buruak huts eginez gero, ez dago zereginik”. Artsuagak zehaztu du “tentsioan eta urduri” egonda “ezinezkoa” dela aurrera egitea. “Erlaxatuta eta lasai egonez gero, ia pentsatu ere egin gabe lortzen da aurrera egitea. Altuera garaiagoetan, ordea, izugarrizko garrantzia du buruak”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!