Maiatzaren Lehena 2021

Langileriaren tradizio iraultzailea aldarrikatzen jarraitu nahi dute

Ataria 2021ko api. 16a, 10:59

'Sozialismoaren aldarria berreskuratu' lelopean, maiatzaren 1aren bueltako egitaraua prestatu du Kontseilu Sozialista Tolosaldeak; langileen eguna, “antolakuntza indartzeko eguna” izango dela diote.

1886an, Estatu Batuetako Chicago Hirian eraildako bost langileren omenez, maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna, "borrokarako egun gisa" ezarri zuen Bigarren Internazionalak. Langile horiek, greba batean parte hartu izanagatik, heriotza zigorrera kondenatuak izan ziren; gertakari hark, beraz, duela 135 urte presente zegoen klase arteko gatazkaren berri ematen digu. "Ordutik hona, munduan milaka izan dira, urtez urte, langileriaren askapenaren alde dena eman dutenen omenez kaleak hartu dituzten mobilizazioak. Funtsean, langileriaren tradizio iraultzailea aldarrikatzeko eguna da maiatzaren lehena", adierazi dute Kontseilu Sozialista Tolosaldea antolakundeko kideek.

Gaur egun ere, klase zapalkuntzak gizartea "punta batetik bestera" zeharkatzen duela, eta gainera, azken urteetan ematen ari den krisi testuinguruan, kapitala, langile mugimenduak borroka bidez irabazi zituen ongizate eta askatasun esparruak "modu bortitzean, are eta gehiago" murrizten ari dela salatu dute. "Badirudi, datozen urteetan langileriak babesgabetasuna pobrezia eta askatasun falta besterik ezin dituela espero. Gauzak horrela, miseria eramangarri bihurtzea da egingarri bezala saltzen zaigun proiektu politiko bakarra".

Pandemiarekin biderkatu den egoera, "latza" dela esan dute. "Honek, ordea, langileok egunero estutzen gaituzten arazo ezberdinak azaleratzeaz gain, auzirik garrantzitsuena jartzen du mahai gainean: gizarte antolamendu kapitalista gainditu eta klaserik gabeko jendartea eraikitzeko beharra". Hori dela eta, maiatzak 1aren bueltan, "sozialismoaren aldarria berreskuratuta", langile mugimenduaren historiari euren "ekarpen xumea" egin nahi die. "Maiatzaren lehena, antolakuntza komunista indartzeko eguna izango da guretzat". 

Horretarako, apirilean zehar, hainbat hitzaldi eta ekimen prestatu dituzte eskualdeko zenbait herritan, "historiari klase perspektibatik begiratuz, eginbehar sozialistan sakontzeko eta etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko". Horrez gain, maiatzaren lehenean, Tolosako Triangulo plazatik, 20:00etan irtengo den manifestazioa antolatu dute. "Bete ditzagun Tolosaldeko kaleak sozialismoaren aldeko aldarriz”.

EGITARAUA

Apirilak 18, igandea

17:30. Dinamikaren aurkezpena, Tolosako Berdura plazan.

Apirilak 22, osteguna

18:00. Erreformismoari kritika hitzaldia, Anoetako gaztetxean. Irakaspen historikoez eta iraultzaren gaurkotasunaz ariko dira.

Apirilak 29, osteguna

18:00. Mahai-ingurua Tolosako Zerkausian, lan gatazkez eta elkartasuna antolatzearen beharraz. Tolosako Langile Autodefentsa Sarea ezagutu eta zenbait langileren esperientziak entzuteko aukera izango da.

Apirilak 30, ostirala

18:00. Parisko komunak 150 urte hitzaldia, Zizurkilgo Aiztondoko Gazte Asanbladaren lokalean. Atzoko eta gaurko iraultzari buruzko saioa.

Maiatzak 1, larunbata. Langileen Nazioarteko Eguna.

20:00. Manifestazioa, Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta, Sozialismoaren aldarria berreskuratu lelopean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!