Segurtasun Mahaia eratu dute Ertzaintzaren eta Tolosako Udaltzaingoaren ekintzak koordinatzeko

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 16a, 07:57

Tolosako herritarren babeserako segurtasun arloko eginkizunen banaketa, funtzionamendua, koordinazioa eta jarraipena egingo du, eta Oriako Ertzain-etxeko unitate buruak eta herritarren babeserako buruak, eta Tolosako alkateak eta udaltzainburuak osatuko dute.

2019 urtean Tolosako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak sinatutako hitzarmenean jasoa zegoen Ertzaintzaren eta Tolosako Udaltzaingoaren arteko dispositibo eta operazio bateratuak koordinatzeko mahaia eratzeko beharra. Beraz, Ertzaintzaren eta Tolosako Udaltzaingoaren artean segurtasun ekintzak koordinatzeko eratu den Segurtasun Mahaia, hitzarmen horren baitan sortu da, Tolosako herritarren babeserako segurtasun arloko eginkizunen banaketa, funtzionamendua, koordinazioa eta jarraipena egiteko. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Tolosako Udaleko ordezkariek osatuko dute mahaia; zehazki, Oriako Ertzain-etxeko unitate buruak eta herritarren babeserako buruak, eta Tolosako Udaletik alkateak eta udaltzainburuak.

Mahaiaren eginkizun eta helburu nagusia izango da ekintzen koordinazioa gauzatzea eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanean udalerrian egiten duten eguneroko jarduerarako baliabideen kudeaketa hobetzea. Halaber, alde biek egin beharreko dispositibo eta ekimen bateratuak planifikatuko ditu, protokoloak finkatu eta koordinazio-sistemetan hobekuntzak ezarri, besteak beste.

Mahaia sei hilean behin bilduko da, bi aldeetako batek txandaka deialdia eginda, eta ezohiko kasuetan, bi aldeetakoren batek hala eskatzen duenean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!