Gaur egun, hondakinen %70 bereizten da Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 15a, 11:59

Hondakinen bilketa hobetzeko asmoz, udalak abian jarritako sentsibilizazio kanpainak «erantzun oso ona» izan du; 656 herritarrek hartu dute parte otarraren zozketan.

Hondakinen bilketa datuak hobetu, ohiturak aldatu eta azken aldian herrian atzemandako arazoei irtenbidea ematen saiatzeko, Birzikla dezagun gehiago eta hobeto sentsibilizazio kanpaina jarri zuen martxan Tolosako Udalak. Hilabete bat igaro ostean, ekimenak «oso emaitza onak» utzi dituela adierazi du Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak. Herritarren aldetik ere, erantzuna «oso ona» izan dela esan du. «Tolosarrek adierazitako interesak, etorkizunera begira ditugun helburuak betetzera doan herria dela ikusi da».

Gaur egungo bilketa datuak hobetze aldera, herritarrak informatzea izan da kanpainaren helburua. «Honen emaitza zehatzak, ordea, denboran zehar ikusiko ditugu. Izan ere, mota honetako kanpainak ez dira hasi eta bukatzen, lanketa pedagogikoak jarraipena izan behar duelako denboran», esan du Amantegik.

Artelaz enpresak egin du hilabetez luzatu den kanpainaren jarraipena eta azterketa. «Lanketa berezia egin du, batez ere, tamaina handiko hondakinen, kartoi komertzialaren bilketaren eta edukiontzi grisera zein marroira botatzen diren hondakinen inguruan. Horrez gain, kartoia uzteko guneak K ikurrarekin margotu dira», azaldu du zinegotziak.

HELBURUA, HIRU LAURDEN

Kanpainaren lehen balorazioa egin ondoren, Amantegik emandako datuen arabera, gaur egun, hondakinen %70 bereizten da Tolosan. «Herritarrak kontzientziatuta daude, eta horren isla dira ditugun bilketa datu onak. Baina horiek oraindik hobetu ditzakegu. 2023rako gaikako bilketa tasa %75era igotzea baita erronka nagusiena».

Helburu horretara iristeko, eta herritarrak gehiago kontzientziatzeko helburuarekin, udalak ekimen berriak egiten jarraituko duela aurreratu du. «Esaterako, hondakin organikoen harira, mankomunitatearekin elkarlanean ariko gara, kanpainarako sortutako esku-orriak hainbat hizkuntzatara itzuliz, informazioa tolosar guztiengana heltzeko. Gainera, kanpainan zehar herritarren partetik jaso ditugun ohiko zalantzekin txosten bat egingo dugu. Ingurumena zaintzeko eta kontserbatzeko ezinbestekoa da gaikako bilketa egokia egitea, eta aldi berean, herritarrei erraztasunak ematea».

HONDAKIN HANDIEKIN, KEZKA

Kanpaina hastearekin batera, haren berri emateko, lanketa pedagogikoa abiatu zuen udalak. «8.000 esku-orri banatu ziren Tolosako etxebizitza guztietara, hondakinen sailkapenari eta bilketari buruz», adierazi du Iñigo Muñoz ingurumen teknikariak. «Tolosako komertzioetara bideratutako informazio kanpaina zehatza ere egin da, eta guztietan, kartoia uzteko K guneen inguruko informazioa eman da, puntu guztien kokapena zehazten duen mapa batekin batera».

Hain zuzen, kartoi komertziala eta tamaina handiko hondakinak dira udalaren kezka nagusietako bat. «Hori dela eta, ingurumen hezitzaileek pegatinak jarri dituzte edukiontzi grisetan, baita gaizki utzita agertu diren tamaina handiko hondakinetan ere», esan du Muñozek.

412 BISITA

Bi astez, edukiontziak dauden guneetan, herritarrei informazioa eskaintzen aritu ziren ingurumen hezitzaileetako bat da Aiala Ezeiza. «Guztira, 800 lagunekin hitz egin dugu, eta edukiontzi ezberdinetara bota daitezkeen edo ezin diren elementu jakin batzuen inguruko zalantzak argitu ditugu», adierazi du.

Herriko 362 komertzio eta 47 tabernatara ere egin dituzte bisitak. «103 establezimendutan ez zuten K puntuen berri, baina gehiengoak adierazi du gune horiek erabiltzen hasiko direla». Bestalde, Ezeizak jakinarazi du tamaina handiko hondakinen birziklapenerako pegatinak mantenduko direla.

Azkenik, hezitzaileek egindako elkarrizketetan parte hartu duten herritarrek, bertako produktuekin osatutako otar bat eskuratzeko aukera izan dute. 656 herritarrek hartu dute parte zozketan eta Arantxa Larrañaga izan da sariduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!