Bost final ditu aurretik Tolosalak maila mantentzeko

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 15a, 11:58

Areto futboleko talde tolosarrak lehen urtea du Hirugarren Mailan. Lehen fasean azken postuan geratu ondoren, bigarren faseari gogo handiz ekin diote.

Hirugarren Mailan lehen denboraldia egiten ari da areto futboleko Tolosala taldea, eta urte berezia egokitu zaie bizitzea estreinako aldi honetan. Lehen fasean beren multzoan azken postuan geratu ziren, eta orain bigarren fasean murgilduta daude, mailaz ez jaisteko borrokatzen. Partida bat jokatu dute eta orain beste bost falta zaizkie. «Bost final izango balira bezala jokatuko ditugu», esan du Jon Kortajarena entrenatzaileak.

Denboraldiaren hasiera gorabeheratsua izan zen taldearentzat. «Ilusioz hasi ginen, gehienontzat maila berria zelako. Badaude taldean Hirugarren Mailan edo Bigaren B Mailan jokatu dutenak, baina taldearentzat egoera berria zen», azaldu du Kortajarenak. «Denboraldiko bigarren lagunartekoan positibo bat izan genuen, eta taldean bazegoen aurrera egin nahi ez zuen jendea». Bilera bat egin zuten eta erabaki zuten nahi zuenak jokatuko zuela, eta hasiera batean jokalari batzuk ez ziren agertu. «Federazioak test batzuk eman zizkigun eta horiek baliatu genituen entrenamenduetarako, horrela entrenamenduak segurtasunez egiteko. Horrekin, utzi zuten jokalariak itzuli ziren, eta aurrera egin genuen».

Nabaritu dute Euskal Ligatik Hirugarren Mailara igotzeak suposatzen duen aldea. «Partidak ondo jokatu arren, ez baduzu golik sartzen, beste taldeak sartu egiten ditu, eta azkenean lehen fasean puntu gutxi lortu ditugu», esan du Kortajarenak. «Bestalde, kontziente ginen ez ginela maila berrira iritsi eta partida guztiak irabazten hasiko. Hori bai, ilusioak hor jarraitzen du, gure helburua maila mantentzea da, eta hor jarraitzen dugu».

Bigarren faseko lehen partida irabazi dute, Batzarre taldea 10-3 gailenduz. Asteburuan Skorpio Akideba taldearen aurka jokatuko dute. Sailkapenean azken postuan dago aurkaria, Tolosala baino hiru puntu gutxiagorekin, baina partida bat gutxiago jokatu du tolosarrek baino. «Partida hori bai ala bai irabazi beharra dugu. Ezin dugu, esaterako, berdinketaren bila joan», esan du Kortajarenak.

Zazpi talde daude oraingo fase honetan eta azkena jaisten da mailaz. Hala ere, kontuan izan behar da Bigarren B Mailatik talde euskaldun bat jaisten bada, Hirugarren Mailako azken bigarrena ere jaitsi egingo dela. Beraz, azken bigarren geratzeak agian ez die balio Tolosalakoei. «Geratzen zaizkigun bost partidak irabaztera joan behar dugu», esan du Kortajarenak. «Lehenengo partida ondo atera zitzaigun, eta ondo jolastu genuen. Ilusioz gaude, eta ea maila mantentzea lortzen dugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!