Tolosa CF-ko gimnastek koska bat gora egin dute lehen mailan

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 14a, 19:59

Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko lehen mailako taldea: Aitane Goikoetxea, June Azpiazu, Ismene Agirre, Irene Arbeloa, Ane Alustiza eta Mara Herrera.

Gimnastika erritmikoko Espainiako Txapelketan laugarren postua lortu dute, orain arteko onena. Urtebetez aurrez aurreko txapelketarik egin gabe zeuden.

Urtebete ondoren, Tolosa CF-ko gimnastek azkenean lortu dute txapelketa batean parte hartzea. Lehen mailakoek laugarren postua lortu berri dute gimnastika erritmikoko Espainiako Txapelketan, Valentzian, orain arte lortutako emaitzarik onena maila horretan. Bigarren urtea da maila gorenean dagoela kluba, eta aurrekoan bosgarren izan ondoren, orain beste koska bat gora egin dute. Sei gimnastek osatzen dute lehen mailako taldea: Ismene Agirre, Aitane Goikoetxea, Ane Alustiza, Mara Herrera, Irene Arbeloa eta June Azpiazu. «Gimnasta hauentzat lehen aldia izanik, iazko emaitzak hobetu dira, eta gauzak ondo egiten ari garen seinale da hori», azaldu dute Tolosa CF-tik. «Gimnasta, familia eta klubeko kide guztiak oso pozik eta harro gaude egiten ari garen lanarekin. Esfortzuaren saria da beste urte betez Espainia mailako talde hoberenen artean egotea».

Urtebetez txapelketa batean parte hartu gabe egotea zaila izan da taldeko kideentzat. «Gizartean bizitzen ari garena ez da batere erraza gimnasta hauen adinarekin elkartzen badugu. Hala eta guztiz ere, motibazioa mantendu dute eta beren lana Valentzian erakusteko aukera izatea izan da beraientzat saririk onena. Kontuan izan behar da, gainera, debuta izan dela lehen mailan sei gimnastentzat», zehaztu dute klubetik.

Espainiako Txapelketan ere infantilen debuta izan da absolutu mailan. June Bengoetxea, Aroa Zugasti, Saioa Zeberio, Maite Iturrioz, Ane Barandiaran eta Ahetze Olano dira talde horretako gimnastak, eta 10. postua lortu zuten. «Hauentzat ere urteko unerik politena izan da itzultzea. Kontuan izan behar da, iazko martxotik ez dutela aurrez aurreko lehiaketarik izan, eta horrek beldurra eta urduritasuna areagotu du. Baina, ez da nahikoa izan, momentu guztiez gozatzeko. Akatsak izan ziren, baina urteko erronka bertan izatea zen», azaldu dute.

Bere aldetik, entrenatzaileek esan dute plangintza aldetik oso denboraldi zaila izan dela. Kirol horretan plangintzak errespetatzea funtsezkoa dela diote, maila horretako txapelketetara hobekien iristeko. Hortaz, aldaketa asko egin behar izan dituzte. «Gainera, motibazioarekin eta ezjakintasunarekin lehiatu behar izan dugu. Data ezarrita zegoen baina beste zenbaitetan ere jarrita zegoen eta bertan behera geratu da», zehaztu dute entrenatzaileek. Egoerari aurre egiteko, bi hilabetez Internet bidez antolatu diren lehiaketetan parte hartzeko aukera izan dute. «Honela, gimnastek ahalik eta gertuen sentitu dituzte tapizean lana erakusten izaten diren sentsazioak».

Hasiera batean urtarrilean ziren egitekoa Espainiako Txapelketa. Bertan behera geratu zen, eta azkenean martxoan egin dute. «Data ezagutzean gimnasten eta entrenatzaileen motibazioa areagotu egin zen», azaldu dute klubetik. «Gimnasiaz asko gozatzen dute entrenamenduetan, baina lehiatzea ere gustuko dute. Publikoa faltan sumatu zutela diote gimnastek. Zortez, gure gimnastak non, gure afizioa han».

Tolosa CF-n denboraldi honetan junior mailan ari den taldea: Ane Barandiaran, Maite Iturrioz, Ahetze Olano, Aroa Zugasti, Saioa Zeberio eta June Bengoetxea.

ARIKETA BERRIAK PRESTATZEN

Prestatzeko denbora gutxi izanik, ariketa berria aurkeztu behar baitute, ostiral honetan denboraldiko lehen kontrola dute, Tolosan bertan. Kontrol horretan Gipuzkoako epaileek ariketa berriak ikusi, aztertu eta baloratzen dituzte. Ondoren beren gomendioak eta iradokizunak entzun eta entrenatzaileek kontuan hartzen dituzte ariketa hobetzeko asmoz. Ondoren, apirilaren 25ean izango da Espainiako Taldekako Lehen Koparako sailkapena, Durangon. Taldekako kopan parte hartu nahi duten euskal talde guztiak aurkezten dira, eta sailkapen orokorreko lehen bi taldeek lortzen dute kopan parte hartzeko txartela. Espainiako Taldekako Kopako lehen fasea ekainaren 5 eta 6ko asteburuan izango da. Bigarren fasea uztailaren 16an eta 17an egingo da.

Lehen mailan taldearen ariketa berria hiru zinta eta bi pilota erabiliz izango da. Beste taldea, aurten dagoeneko infantil mailatik junior mailara pasa direnak, bi zinta eta hiru uztaiekin ari dira lanean. «Lan handia egiten ari dira. Hiru aste izan dituzte txipa aldatu, ariketa berria prestatu eta lana aurrera ateratzeko», azaldu dute entrenatzaileek.

Beste mailetako taldeei dagokionez, aurtengo ikasturtean astero plangintza egiten dute momentuko egoeraren arabera. Aurrez aurre edota Internet bidezko saioak egiten ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!