BABESTUTAKO EDUKIA

Kirol teknikari onak lortzeko, heziketa profesionala

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 15a, 07:57
Gurutz Aginagalde eskubaloi jokalari ohia da ikastetxeko zuzendaria

Jarduera fisikoari lotutako hiru ziklo eskainiko ditu Tolosako Gainberri Lanbide Heziketako ikastetxeak: erdi mailako bat, eta goi mailako bi.

Kirolari eta jarduera fisikoari lotutako profesional onak hezi eta prestatzeko helburuarekin, 2021-2022 ikasturtetik aurrera, arlo horretako ikasketak eskainiko ditu Tolosako Gainberri heziketa eskolak; erdi mailan, bat; eta goi mailan, bi. Gurutz Aginagalde eskubaloi jokalari ohia da ikastetxeko zuzendaria eta arlo horietako heziketa eskaintza bateratu nahi du.

Erdi mailan, aisialdiko eta natura inguruneko gorputz eta kirol jarduerak gidatzeko teknikariak heziko dituzte. Bestetik, gizarte eta kirol irakaskuntzako eta animazioko goi mailako teknikariak eta egokitzapen fisikoko goi mailako teknikariak prestatzeko zikloak izango dira. Ziklo bakoitzak bi ikasturteko iraupena izango du.

Egitasmoa, ordea, ez da Lanbide Heziketara mugatzen. Izan ere, erregimen bereziko beste formazio batzuk ere eskainiko dituzte. «Aurrerantzean, Kirolaren Lege berria dela eta, arautuak izan beharko dute kirol ezberdinetako monitore edo entrenatzaile izateko federazioek ematen dituzten tituluek, eta eskolara ekarriko ditugu. Horrez gain, fundazio bat sortuko dugu eskolaren inguruan, kirol munduan dagoen heziketa guztia garatzeko. Horrela, ikastetxe berean formakuntza guztia elkartzea lortu nahi dugu, dauden aukera guztiak hemen eskaintzea. Ondorioz, Gainberri kirol heziketa arloko ikastetxe integrala izango da, erreferentziazkoa eta kirol kutsua izango duena».

Bestetik, ikasle bakoitzaren beharrak eta helburuak ondo ezagutu eta horiek lortzeko jarraipen zuzena egingo dute. «Guk aukeratuko ditugu ikasleak, gure beharren arabera. Oso argi dugu gazteen tutoretza eta jarraipena oso garrantzitsua dela, eta hori egin dezakegu. Ikasleen helburuak eta beharrak ezagutuz, jarraikortasunez lan pertsonalizatua egitea da garrantzitsuena. Horrek bereizten gaitu Lanbide Heziketako kirol zikloak eskaintzen dituzten gainerako ikastetxeengandik».

LANERAKO PRESTATUAK

Plaza kopuruari dagokionez, oraingoz, ez dute mugarik ezarri. «Talde bat osatuz gero, beste bat garatzeko aukera dugu. Hona etortzen diren ikasle guztiak hartuko ditugu, denek izango dute plaza ziurtatuta. Hori garrantzitsua da, familia asko lasaitasun horren bila datozelako». Ikasleek, gainera, metodologiari begiratzen diote askotan. Gainberrin, lan egiteko modu propioa izango dute. «Irakasleen artean, kirolariak eta arloko adituak izango dira. Ikasketei dagokionez, arlo teorikoak %30 hartuko du; praktikoak, berriz %70».

Gainberrin, bereziki, lanerako sarbidea erraztu nahi diete ikasleei. Heziketa duala eskaintzen dute horretarako. «Gipuzkoan eta Euskal Herrian, kirol instalazioak kudeatzen dituzten enpresa nahiz aisialdirako elkarte entzutetsuak ditugu gure proiektuan, eta haiekin elkarlanean aurrera eramango dugu dualtasuna, gazte horiek, etorkizun batean ahalik eta hobekien prestatuta egon daitezen. Horrela, ikasketak garatzeko, natura-guneetan eta enpresetan egingo dira praktikak».

Hala ere, lan mundurako jauzia zuzenean eman nahi ez dutenek, arlo bereko ikasketetan sakontzeko aukera izango dute. «Gu berriak bagara ere, gidatzen gaituen 20 urteko ibilbidea duen ikastetxe bat dugu atzean. Nazioartean erreferente dira, eta datu bikainak lortu dituzte orain arte, bertako ikasleen %67k baino gehiagok unibertsitaterako pausoa ematen dutelako. Aniztasun handiko jendea elkartzen zaigu, gehienak gazteak, baina askok, gurekin ikasi ondoren, jarraipena ematen diete ikasketei».

Orokorrean, espezialitate bat baino gehiagotarako postuak izan ditzaketen ikasleak heztea izango da helburua. «Hemendik irtetean, besteak beste, mendi gidariak, prestatzaile pertsonalak, gizarte nahiz kirol arloko irakasleak edo animatzaileak, turismo enpresetako gidariak edota erakunde publikoetako teknikariak izan daitezke. Azpimarratzekoa da lehen aipatutako ikastetxetik igarotzen diren ikasleen %75ak lortzen duela enpresa batean lan egitea».

BEHAR BATI ERANTZUNEZ

Tolosaldean kirola praktikatzeko joera geroz eta handiagoa dela ikusi zuen Aginagaldek. «Mugarri da kirol arloan, eta goi mailako kirolari ugari daude. Gipuzkoan badira halako heziketa zikloak, baina Tolosaldean ez, eta beraz, aukera ederra iruditu zitzaigun, behar bati zentzuzko proiektu batekin erantzuteko». Aginagaldek argi du kirola gustuko izatea eta hezitzaile izatea bi gauza ezberdin direla, baina askotan, batera doazela.

Hala ere, kirola eta jarduera fisikoa egiteko joera hazteak, prestatzaile eta gidari onak izateko beharra ere ekarri du azken urteotan. «Eskaria oso handia zen, baina eskaintzen zen formakuntza ez zetorren bat. Ezinbestekoa iruditzen zaigu alor honetako profesionalek beharrezko prestakuntza izatea, inoiz ez baita horrela izan, eta Gainberrin bultzada bat eman nahi diogu. Tolosaldean, gainera, aukera handia dugu, ingurune pribilegiatua delako, ohiko kirolak praktikatzeaz gain, mendiko, hipikako edota uretako jarduerak egin daitezkeelako».

Eskualderako, «eskaintza berri bat» dela eta, «harrera ona» izan duela eta «interes handia» piztu duela nabarmendu du Aginagaldek. «Oso pozik gaude. Hainbat ikastetxetako orientatzaileekin jarri gara harremanetan, egunero izaten ditugu deiak, baita elkarrizketak ere, bertan prestatu nahi duten ikasleekin eta euren familiekin. Izen emateek ere martxa ona daramate. Tolosaldetik ez ezik, Gipuzkoako beste leku batzuetatik ere hurbiltzen dira gugana, eta horrek indartu egiten gaitu, lanean jarraitzeko».

GAINBERRI KIROL HEZIKETA

  • Helbidea: Garmendiola aldapa, 2.
  • Helbide elektronikoa: secretaria@gainberri.com
  • Telefonoa: 691 958 701
  • Idazkaritza: Astelehenetik ostiralera (08:00-13:00).
  • Webgunea: www.gainberri.com
  • Instagram: @gainberri
  • Ate irekiak: Maiatzak 16, igandea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!