Tolofolk 2021

Kalitatez lortutako arrakastaren biharamuna

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 14a, 07:59

Pandemia bete-betean ospatu da Tolofolk jaialdiaren lehen edizioa; «apustu bat» izanik, «oso pozik» amaitu dutela esan dute antolatzaileek.

Covid-19 gaitzak oraindik gure artean jarraitzen duen honetan eta, azken asteetan, egoerak okerrerako joera hartu duenean ospatu da Tolofolk jaialdiaren lehen edizioa, hain justu, pasa den astean. «Apustu sendo bat» zen antolatzaileentzat, baina «oso pozik» daudela aitortu dute.

2019ko parranda batean sortu zen ideia, kuadrilla ezberdinetako lagun batzuk elkartu zirenean. «Kultur bizitza genuen oinarrian, eta ederki ezagutzen genuen elkar. Erdi txantxetan hasi zen kontua, baina gerora, jaialdia aurrera eramateko elkarte bat sortzeko beharra etorri zen», gogoratu du Garikoitz Llobregat Jeajeaka elkarteko kideak.

Talde eragileko kideen profilak kontuan izanik, argi zuten folk jaialdi bat antolatu nahi zutela. «Kultur ekitaldi bikainak antolatzen dira hemen, baina folkak bazuen hutsune bat, eta Tolosan ikusgarritasuna galtzen ari zen. Akaso, apustu suizida samarra izan zela esan daiteke, baina serio heldu genion».

Behin jaialdia ospatzeko hautua eginda, pandemia bete-betean egitea egokitu zaie egitaraua osatzea. «Nahiko argi genuen bost eguneko ekitaldi bat izatea nahi genuela, asteburua tartean izango zuena. Gerora, taldeekin datak eta baldintzak adostea izan zen zailena. Gipuzkoan nahiz Euskal Herrian erreferenteak diren musikari eta talde asko daude, eta horietako batzuk izan dira gure artean. Kalitatezko gauzak eskaintzeko aukera handia dugu, eta gure kasuan, kalitatezko jaialdi bat egitea lortu dugula esango nuke».

Opor arrakastatsuak

Bada, Euskal Herriko musikari onentsuenak ez ezik, nazioarteko artistak ere ekarri dituzte Tolosara. Guztiak ere, «harridura puntu batekin» geratu direla aitortu du Llobregatek. Gainera, gehienek goraipatu dute egoera honetan jaialdia aurrera eramateko izandako adorea eta egindako esfortzua. «Emanaldi guztiak kalitatezkoak izan dira, eta artistak oso gustura etorri dira, batez ere, azken urtean euren lanak erakusteko ia aukerarik izan ez dutelako». Besteak beste, Oreka TX taldeak eskainitako kontzertua nabarmendu du. «Zoragarria izan zen, oso ondo prestatutako ikuskizuna. Zuten guztia eman zuten, eta ikusleok ere nabaritu genuen.

Antolatzaileentzat opor astea izan da Pazko astea. «Guztiok ados gaude opor zoragarriak izan direla. Ez da bereziki gogorra izan; nekatuta amaitu dugu, baina oso gustura gaude. Gauza polit asko izan dira, baina noski, baita hutsuneak, akatsak edo zer hobetuak ere. Hotzean aztertu behar dugun arren, Tolosan folk jaialdi bat ospatzea posible dela, eta batez ere, garai hauetan kultur ekimenak egin daitezkeela erakutsi dugu, betiere, segurtasunez egiten bada. Oro har, jaialdi arrakastatsua izan da».

Musika jaialdietan, ordea, publikoaren erantzunak marraztu ohi du arrakastarako bidea. Bada, Llobregaten esanetan, «bikaina» izan da ikusleen emaria. «Kalkulu azkar bat eginda, 1.200 lagun baino gehiagok gozatu dute jaialdiaz. Ia aulki guztiak bete dituzte, eta zutik ere askok jarraitu dituzte kontzertuak. Bereziki, terrazetan egon zirenak eskertu nahi ditugu, tabernak ixtean, izandako jarrera eredugarriagatik. Gure aldetik, bagenuen zalantza apur bat».

Baina eskerrak ematen hasita, Llobregatek ez ditu ahaztu nahi egun guzti hauetan boluntario lanetan aritu direnak, «aukera eman eta gugan sinistu zutelako», ezta jaialdiaren babesleak ere, «emandako laguntzaz gain, artistak hain ondo zaintzeagatik». Aurrerantzean, jaialdian lan egiteko gogoz dagoen edonork, ateak zabalik izango dituela aitortu du. «Oso gustura hartuko dugu gure familian».

Ginga, herriko artistek

Ziurrenik, igandea izan zen egun bereziena. Azken kontzertuak, jaialdia goren-gorenean amaitzeko gogoa eta bertako artisten presentzia batu zituen. Goizean, Udal Txistulari Bandaren saioa izan zen; arratsaldean, berriz, Turlach taldearena. Une batean, oholtzan zeuden sei musikarietatik hiru ziren tolosarrak, eta horiei, herriko musikari gehiago eta dantzariak batu zitzaizkien.

Jaialdiarekin hasi aurretik ere, antolatzaileek argi zuten jarraipena izango zuen ekimena izango zela, eta igandeko kontzertuaren amaieran baieztatu zuten datorren urtean ere ospatuko dela. «Bagenekien ibilbide baten hasiera zela, eta sortu den interesa ikusi ondoren, segida emango diogu». Aurtengo edizioarekin, pena bakarra du Llobregatek: «Sentsazio arraro bat daukagu, jaialdia amaitu eta biharamunik ez dugulako; ez baitago horrelako jaialdiak otordu batekin amaitzea bezalakorik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!