Garrido eta Zubeldia, eskarmentua gehituz Espainiako selekzioan

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 14a, 07:58
Joseba Zubeldia teknikaria eta Nahia Garriado igerilaria. TOLOSALDEA IKT

«Oso gustura» izan dira Nahia Garrido igerilaria eta Joseba Zubeldia teknikaria infantil mailako egonaldian

Tolosaldea IKTko Nahia Garrido igerilaria eta Joseba Zubeldia teknikaria infantil mailako Espainiako selekzioaren egonaldian izan dira orain gutxi. Nazioarteko txapelketetarako gutxienekoak ezartzen ditu Espainiako Federazioak, eta Mediterranean Cup txapelketarako egonaldia prestatu zuten, nahiz eta azkenean proba hori atzeratu eta ziurrenik irailean egingo den. Malagan izan ziren Espainiako Txapelketan Tolosaldea IKTko bost igerilari, orain dela bost aste inguru, eta Garridok gutxienekoak lortu zituen, eta horregatik parte hartu zuen egonaldian. «Ezustekoa izan zen niri ere deitzea bertan izateko», azaldu du Zubeldiak. «Tarteka klubetako entrenatzaileak eramaten dituzte, selekzioaren talde teknikoaren laguntzaile izateko, eta dirudienez arduradunak errotazio moduko bat egin nahi du eta oraingoan guri egokitu zaigu».

Egonaldian «oso gustura» egon direla azaldu du Zubeldiak. «Nahiko intentsua ere izan da. Goiz eta arratsalde entrenatzen genuen, ia denbora guztian uretan. Lehorreko saioak egiten ziren, eta psikologoarekin ere jarduera dezente egiten zituzten. Ez ginen gelditzen: goizeko seietan jaiki eta iluntzera arte dena emanda aritu ginen». Zubeldiaren kasuan entrenamenduak aurrera eramaten laguntzen zuen, besteak beste, denborak hartu eta azalpenak ematen. «Bestalde, kontu bitxi bat ere izan zen. Egoitzatik igerilekura bizikletaz joaten ginen, eta arraroa badirudi ere, igerilari askok ez zekiten bizikletan ibiltzen, eta hor laguntzea ere tokatu zitzaigun».

Garridok Espainiako Txapelketan bizkar estiloan bi domina lortu zituen, 100 eta 200 metrotan zehazki, eta bi proba horietan lortu zituen nazioarteko probetan lehiatzeko gutxieneko denborak. «Oso gustura gaude klubeko igerilari bat horrelako maila batean dagoela ikusita», esan du Zubeldiak. «Infantil taldea da gehien lehiatu dena eta dezente igo du bere maila. Espainiako Txapelketara joateko aukera oso murriztua zegoen, klubetik bost igerilari joan ziren, eta finalista postu mordo bat lortu zituzten. Jauzi bat egin dugu».

Egonaldian «beste dimentsio bat» ikusi dutela gaineratu du Zubeldiak. «Askotan konplexua dugu eta pixka bat ikara ematen du gehiago entrenatzeak; gehiegizko ikusten da. Bada, guk han ikusi dugu dezente gehiago entrenatzen dutela. Beste bolumen eta konpromiso bat ikusi dugu. Ea bizitako esperientzia horretatik zerbait eraman dezakegun klubera».

BARRIOLA ANAI-ARREBAK

Eneko eta Maddi Barriola anai-arrebek martxoan parte hartu zuten Espainiako Txapelketan, absolutu mailan. Bertan Beñat Bidaola teknikariarekin izan ziren. Enekok 100 metro eta 200 metro bizkar estiloko probetan parte hartu zuen, eta Maddik 200 metro tximeleta estiloan. «Ez zen beraien ibilbideko txapelketarik onena izan, baina meritu handia dute, txapelketara sailkatzea oso zaila zegoelako, eta beren maila handia dela erakutsi dute hori lortuz», azaldu du Zubeldiak.

Tolosaldea IKTkoen hurrengo txapelketa Euskal Herriko Kopa izango da, hilaren 24 eta 25ean jokatuko dena. Bertan taldeka lehiatuko dira Hegoaldeko lau herrialdeetako zortzi klub onenak, nesketan zein mutiletan. «Gure txapelketa kuttuna da, urteroko kalitatea neurtzeko termometro on bat», esan du Zubeldiak. «Nahiko emaitza politak lortu izan ditugu azken urteotan, eta aurten ere asmo horrekin joango gara».

Maddi eta Eneko Barriola igerilariak eta Beñat Bidaola teknikaria, Espainiako Txapelketan. TOLOSALDEA IKT

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!