Aurten ere izango dira hiri ekonomia suspertzeko bonuak

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 13a, 14:37

Suspertu Tolosa bonuen kanpaina berrian parte hartzeko deia luzatu die, Tolosako Udalak, herriko merkataritza eta zerbitzu establezimenduei. Hilaren 23a baino lehen eman beharko dute izena; bonuen salmenta, berriz, maiatzaren 3an abiatuko da.

Bigarren urtez jarraian, Tolosa eta bere hiri ekonomia suspertzeko helburuarekin, hirugarren bonu kanpaina bat jarriko du martxan Tolosako Udalak, apirilean, Tolosa&Co merkatari elkartearen laguntzaz. "Herriko saltoki eta zerbitzu establezimenduak laguntzea izan zen Suspertu Tolosa bonuen lehen asmoa, eta ostalaritza sektoreari bultzada emateko bonuak sortu ziren gerora. Iaz izandako harrera ona eta arrakasta ikusirik, berriro ere herriko merkataritza hauspotzeko helburua izango du kanpainak", adierazi dute udaletik.

Aurtengo kanpaina, gainera, hobekuntzekin datorrela aurreratu dute. Aurrez parte hartu zuten merkatarien iritzia kontutan izan dute kanpaina osatzeko orduan. "Asebetetze inkestetan, batez beste zortzi puntu jaso zituen iazkoak; jasotako ekarpenak kontutan izanda, prozedura bera eta merkatari nahiz erabiltzaileen esperientzia hobetzeko zenbait neurri hartu dira".

Gauzak horrela, aurten bonu mota bakarra salduko da. 20 euroko salneurria izango dute, eta bakoitzari 10 euro gehituko dizkio udalak. Hortaz, erosketa txartelen azken balioa 30 eurokoa izango da. Bestalde, kanpainan parte hartzen duten establezimenduek ez dute amaierara arte itxaron beharko diru-laguntza jasotzeko. Aurten, data aurreratu eta laguntzaren %90a maiatzean jasoko dute merkatariek.

Bonuen online salmenta maiatzaren 3an abiatuko da. "Baina aurten, gainera, informazio puntu bat ere jarriko da Trianguloa plazan, laguntza behar dutenentzat edo erosketa online egiteko baliabiderik ez dutenentzat. Horrela, jende gehiagorengana iritsi ahal izatea ahalbidetu nahi da". 

Izen ematea, zabalik

Kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek aurrez eman beharko dute izena, eta apirilaren 23ra bitarte dute horretarako aukera, www.suspertutolosa.eus webgunearen bidez (galdetegia beteta) edo 943 69 74 54 telefonora deituz (10:30etatik 13:30etara).

Lau baldintza nagusi bete beharko dituzte parte hartzaileek: saltokia Tolosan bertan izatea, baimendutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan alta emanda egotea (webgunean kontsulta daitezke), zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea, eta diru-laguntzak lortzeko debeku-kausetako batean ere ez egotea. Gainerako baldintza orokorrak aipatutako webgunean daude ikusgai.

240.000 euroko inpaktua

Udalak, hiri ekonomia babesten jarraitzeko hartutako neurrien artean kokatzen da Suspertu Tolosa kanpaina. "Oraindik beharrezkoa da pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta bertakoa babesteko neurriak hartzen eta laguntza eskaintzen jarraitzea".

Helburu horrekin, 90.000 euro bideratu dituzte kanpaina honetara. "Baina bonuei esker, Tolosako saltoki, merkatari eta zerbitzuei arnasa eta babesa emateko, gutxienez 240.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortzea aurreikusten da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!