Aste honetan hasiko dira Euskal Herria plazako arkupeetako zoladura berritzeko lanak

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 13a, 11:58

Topic museoa dagoen aldean hasiko dituzte obrak; datozen egunetan, obra-itxidura jarri eta itxitako eremuan zoladura eraisteko lanei ekingo diete.

Aste honetan emango zaie hasiera Euskal Herria plazako arkupe azpiko zorua berritzeko lanei, Topic museoko eta Bide-Bide ostalaritza zerbitzua dauden arkupeko aldetik hasita. Atzo hasi ziren obrarako etxolak jartzen, eta datozen egunetan obra-itxidura jarri eta aipatutako eremuan zoladura eraisteko lanei ekingo diete.

Lau fasetan gauzatuko dira lanak, eta bizilagun eta herritarren artean ahalik eta eragozpen gutxien sortu nahi da. Horregatik, eraikinetarako sarrera bermatuta egongo da uneoro, eta plazarako hiru sarbideetatik bi irekita egongo dira obrek irauten duten bitartean. Gainera, ez da zerbitzu-sareen mozketarik aurreikusten.

Arkupeetako zorua berritzearekin batera, hiri altzariak (eserlekuak eta iturria) eta saneamendu sareko hartuneak berritu, eta sare elektrikoaren kanalizazio osagarria gauzatuko da. Fase bakoitzean, arkupeen alde bat berrituko da hurrenkera honetan: Topic museoaren aldekoa, Antonio Lekuona kalearen aldekoa, Andia kalearen aldekoa eta Rondilla kalearen aldekoa. Azken fase batean, obraren eremu osoko amaierako lanak egingo dira. Guztira, hamabost asteko iraupena eta 271.000 euroko aurrekontua izango dute lanek.

Udala herriko eremu ezberdinak eraberritzeko egiten ari den ahalegin eta plangintzaren baitan kokatzen da Euskal Herria plazako arkupe azpiko zoladuraren berritzea, tolosarrei herri garbia, atsegina eta zaindua eskaintzea helburu hartuta dagoena balioan jarriz eta mantentzeko lanak gauzatuz, espazio publikoa egoera onean mantentzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!