"Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematen jarraitzea da"

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 10a, 17:13

Apirilaren 25ean, Jokin Gorostidi tolosarra hil zela 15 urte beteko diren egunean, "herri honen askapen prozesuari ekarpena egin dioten Tolosako ehunka borrokalari" omenduko ditu Tolosako Sortuk, Topic-en.

Duela 50 urte, Burgosen epaitu eta heriotzera zigortu zuten Jokin Gorostidi tolosarra. Handik 8 urtera, exiliotik itzuli ondoren, zinegotzi eta legebiltzarkide izan zen. 1997an, berriz espetxeratu zuten, eta 2006ko apirilaren 25ean hil zen. "Milaka eta milaka militante batzen dituen belaunaldi ezberdinen adibide bat da", esan dute Tolosako Sortuko kideek.

Haren omenez, apirilaren 25ean, Gorostidiren heriotzaren 15. urteurrenean, ekitaldia izango da, Topic-en, 12:00etan. "Jokin bera eta herri honen askapen prozesuari ekarpena egin dioten Tolosako ehunka borrokalari omendu nahi ditugu. Herri gisako bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik"

Koronabirusaren pandemiak, "tragedia erraldoia" ekarri duela adierazi dute "Egungo sistema sozial, ekonomiko eta politikoaren gabeziak eta injustiziak sakondu, eta une berean, agerian utzi ditu. Gure ustez, komunitatea zentroan kokatzea da, askotariko aldaerak dituen krisiari aurre egiteko bidea".

Krisiak azaleratu dituen erronkei aurre egiteko "burujabe" izan behar dela esan dute. "Euskal Herritik at hartzen dira gure bizitza baldintzatzen dituzten erabakiak. Gaur hemen, bada bere buruaren jabe izan nahi duen komunitate bat, herri bat, bestela bizi nahi duena, hemen eta mundu osoan. Geroari so egin behar diogu, nondik gatozen ahaztu gabe. Bizirauteko hautua egin zutelako batzuek gaude bizirik herri gisa. Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra, injustiziaren kontra matxinatu ziren eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak".

Besteak beste, "borrokak bideak irekitzen dituela" eta "borroka askatzaileek mundua hobetzen dutela" azpimarratu dute. "Munduan eman diren aurrerapen oro borroka askatzaileen ondorioak dira. Biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazte horiek. Horregatik dago egun gure eskuetan, bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahaztuko. Ez ditugu inoiz ahaztuko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egungo aukera berriak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!