«Kontrol sozialak ordena kapitalista mantentzeko funtzioa du»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 8a, 11:58

'Kontrol Soziala ez da Segurtasuna' lelopean, mugikortasun neurrien aurrean eskualdean ezarritako kontrolak salatu nahi izan ditu Tolosako Gazte Koordinadora Sozialistak.

Osasun larrialdiaren harira, duela aste batzuetatik Tolosaldean eta Tolosan kontrol polizialak etengabe areagotu direla salatu dute Ixiar Malkorra eta Mikel Elordi Tolosako GKS-ko kideek. Batak zein besteak, gazte langileek kontrol neurriak «modu nabarmenean» pairatu dituztela salatu dute.

Duela aste batzuk, Tolosaldean kontrol sozial handiegia izaten dela salatu zenuten. Zer da aldarrikatu nahi duzuena?

Ixiar Malkorra: COVID-19aren osasun-larrialdiaren harira ezarri dituzten kontrol neurriei egiten diegu erreferentzia. Birusaren hedapena gelditzeko aitzakiapean, kontrol sozialaren areagotze nabarmena egon da. Neurri horiek klase izaera garbia dute; langileriaren pobrezia orokortuak ekar ditzakeen erantzunak prebenitzeko mekanismoa da kontrol soziala eta askatasun politikoen ezabapenarekin zuzeneko lotura du. Gure eskualdean bertan ere ikusi dugu hori; poliziaren presentzia izugarria, biltzeko eskubidearen ezabapena, kontrolak txoko guztietan… Totalitarismoa eta diziplina izan dira neurri hauen guztien muina eta gazte langileok modu nabarmenean pairatu dugu hori. Itogarria izaten ari da pandemia garaia; etengabeko kriminalizazioa, komunikabideetan sortutako iruditegi desitxuratu eta interesatua, kalean poliziaren miaketak eta identifikazioak...

Badira kontrolak ezartzea baino lehentasun handiagoak?

Mikel Elordi: Noski. Ardura eta erabaki indibidualetan jarri da fokua hasiera-hasieratik eta birusaren hedapena sektore proletarioenen jokabideak gaitzetsiz justifikatu dute gainera, bereziki gazte langileonak. Ezarri dituzten kontrol mekanismoak ontzat emateak dakarrena da gaixotasunaren hedapena langile sektoreon askatasun zibil eta politikoen kontura geldiarazteko apustua onartzea; horixe da, hain zuzen, alderdi politiko guztien onespenarekin egin dena. Osasun-larrialdi bati modu eraginkorrean aurre egiteko modu bakarra osasun izaera duten neurri planifikatu eta orokortuak hartzea da eta ez dugu halakorik ikusi azken urte osoan; etengabean kolapsora jotzen duten osasun azpiegiturak indartu zitzaketen, edo langileok lanean segurtasun handiagoz aritzeko baliabide eta berme errealak jarri, lanerako joan-etorriak seguruak izateko garraioaren maiztasunak areagotu… Hamarnaka adibide jar genitzake baina errealitatea oso bestelakoa izan da; goi-burgesiaren eta oligarkia finantzarioaren irabaziak segurtatzeari erantzun diete neurri hauek, ez beste ezeri.

Zein da zuen ustez, kontrol horien ondorio larriena?

I. M.: Burgesiak ezkutuko diktadura bat ezartzeko eta ordena soziala nahieran berregituratzeko duen gaitasuna da kontrol hau erakusten ari zaigun aspektu larriena. Kontrakotasunik ia ez da agertu hartu diren neurri hauen aurrean eta kontrol mekanismoak areagotzen ari dira etengabe. Agintariek pandemia kontrolpean mantentzeko eta hiritarron osasuna eta ongizatea bermatzeko ezintasuna erakutsi dute behin eta berriz, eta, bitartean, gero eta askatasun gutxiagoko bizi ereduak inposatzen dizkigute, gure auzoetako kaleak militarizatu... Kezkagarria da neurriek izan duten asimilazioa.

Zuek diozuenagatik, kontrol soziala ez da segurtasuna. Zein da orduan osasun egoerak okerrenera egiten duenerako proposatzen duzuen alternatiba?

M. E.: Osasun neurri errealak hartzea da alternatiba eta ez burgesiaren irabaziak mantentzera begirako neurri ekonomikoen ezarpena. Batetik, prebentzioa erraztu ahal izateko baliabideen sozializazioa; kutsatzeak ekiditeko produktuen eskurapena erraztea adibidez, edota jende pilaketak egon daitezkeen eremuetan, garraioan adibidez, zerbitzuak behar adina areagotzea. Bestetik, gaixotasunari aurre egiteko baliabideak areagotzea; osasun-zerbitzuak sendotzea, behar adina espazio egokitzea, zerbitzuek gainezka egin ez dezaten langile gehiago kontratatzea... Hau da, kontaktua mugatzeko baliabideak jartzea funtsezkoa da baina gaixotasun baten hedapenak hau eraginkortasunez tratatzeko baliabideak eta azpiegitura indartzea ere eskatzen du. Kontrol sozialak ordena kapitalista mantentzeko funtzioa betetzen du, eta zentzu horretan diogu ez dela gure segurtasunerako.

I. M.: Horrez gain, azken hilabeteotan beste ideia bat ere mahai gainera ekarri dugu osasun egoeraren harira. Badirudi gaur egun osasuna soilik koronabirusa izatearen edo ez izatearen arabera neurtzen dela eta askoz haratago doan kontua da hau. Garai jakin bakoitzeko gaitasun teknikoen eta ezagutzaren baitan aztertu eta baloratu behar da osasunaren kontzeptua eta, honenbestez, garai horri dagozkion bizi ereduei lotuta. Klase izaera nabarmena du, beraz, osasun egoera delakoak ere; gaixotasunei aurre egiteko izan baditugun gaitasun tekniko horien erabilera eta ezagutzarako sarbidea kapitalisten interesei azpiratuta ageri dira eta, hala, osasun egoera ezberdinak aurkitzen ditugu, klase sozialaren araberakoak. Gizarte kapitalistan langileriarentzako eskaintzen den bizi eredua pobrezian eta miserian oinarritzen da eta maila horretakoa da eskaintzen den osasun-zerbitzua ere, pandemia garaiak garbi erakutsi digu hau. Krisialdiaren ondorioz datorkigun oldarraldia erreparatuz, honek gehiagora joko duelakoan gaude, aurre egiteko antolatzen ez bagara behintzat. 

Irailetik otsailera bitartean errepidean izandako kontrolak grafiko batean bildu dituzue, kopuruekin. Zer da horren bitartez adierazi nahi duzuena?

M. E.: Gaur egun ezagunak dira errepideen egoera ezagutzeko aplikazio zein sare sozialetako taldeak. Hauetan erabiltzaileek jarritako informazioa erabili dugu datuak lortzeko, egunerokoan Tolosaldean ezarri diren kontrolak izan dira, edo hobe esanda, egon diren kontrol totalen azpiestimazio bat.

Urtarrileko eta otsaileko datuak aurrekoen bikoitzak dira gutxienez. Horrek argi erakusten du osasun zerbitzuak indartu ordez, egoerak okerrera egiten duenean kontrol soziala areagotzen dutela. Gainera mugikortasunerako askatasuna modu arbitrarioan ezabatu dela ikus dezakegu, osasun beharrei erantzun gabe; Gabonak ditugu horren adibide. Nahieran darabilte legea eta erabateko ziurgabetasuna eta nahasmena lortzen dute neurri hauekin, ez gu seguruago sentitzea.

Bestetik, Tolosan herriko gune ezberdinak grabatzen dituzten 43 kamera daudela ere salatu duzue.

I. M.: Burgesiak beharrezkoa du ordena mantentzea eta horretarako darabil kontrol soziala, garai historiko bakoitzean eskura dituen baliabide teknikoek baimentzen dutenaren arabera. Azken hamarkadan, teknologiaren garapena izugarria izan da eta horrek baimenduta areagotu egin da kamera bidezko kontrola ere. Langileriak ez du garapen teknologiko horren inongo onurarik jasotzen hala ere, bitarteko tekniko horiek ere kapitalaren metaketari erantzuten dietelako eta, funtsean, kapitalisten irabazi tasak mantentzeari erantzuten dietelako. Nahi edo ez, gure egunerokotasuna grabatua dago, eta informazio horrekiko ez dugu inongo kontrolik, saihestezina da babesgabe sentitzea. Honen inguruan kezkagarriena zera da; nabarmen areagotzen jarraituko duen praktika bat dela, gure askatasun zibil eta politikoen suntsipenarekin eta pobreziaren orokortzearekin batera.

Zergatik sentitzen zarete askatasunik eta babesik gabe?

M. E.: Gure bizitzen gaineko inolako kontrolik gabe gaude. Gazte langileon bizi eredua erabateko ziurgabetasunak ezaugarritzen du, eta pandemiak eta krisi testuinguruak nabarmen eragiten dute horretan. Osasun-larrialdiaren aurretik dagoeneko nabaria zen krisialdi ekonomikoa areagotu egin da COVID-19a dela eta. Dinamika kapitalistaren gainerako faseetan bezala, honetan ere irabazi tasak mantendu eta areagotzeko beharrezkoa izango da ekoizpen ereduaren berregituratzea eta bizi eredu pobreagoen asimilazioa; hori langileriak pairatuko du noski. Kontrol sozialerako mekanismo hauek utzi digutena etorkizun hurbileko bizi ereduetan errotu liteke gainera. Ikusi besterik ez dago jada etxeratze aginduak, itxialdi perimetralak edota biltzeko debekuak izan duten onarpena. Geure bizitzak lanera mugatzen dira ia osotasunean eta aisiarako aukerak gero eta mugatuagoak dira.

I. M.: Burgesiaren, politikari profesionalen eta korporazio handien apustua argia da; krisialdiari aurre egiteko berregituraketa eta hori oztopa dezaketen erantzunak neutralizatzeko estatu polizialaren sendotzea. Horren aurrean, inoiz baina garrantzitsuagoa da langileriaren askatasun zibil eta politikoak defendatzea eta horretarako indarrak batzea.

Aurrera begira, ekintza gehiago antolatuko dituzue?

M. E.: Tolosako GKS-tik, apirilaren 23-24ko astebururako jardunaldiak antolatu ditugu eta horiekin emango diogu amaiera kontrol sozialaren inguruko lanketa politikoari. Gaurkotasun eta garrantzi handiko kontua da eta beharrezkoa ikusten genuen gaian sakontzeko eta eztabaidatzeko jendaurreko espazioak sortzea ere. Hitzaldi bat antolatu dugu, kontrol sozialaren eta gazte kriminalizazioaren ingurukoa, eta baita tailer bat ere, gaion inguruan zenbait baliabide praktiko eskaintzeko. Gainera, bi egunetan izango ditugu ekimen kulturalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!