Gernikako Arbolako obren inguruko informazio bilerak, datorren astean

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 7a, 14:59

Apirilaren 12an, astelehenean, 19:00etan bilduko da udala bizilagunekin, eta apirilaren 14an, asteazkenean, 13:30ean merkatariekin.

Datozen hilabeteetan ekingo diete Gernikako Arbola berregituratzeko lanei. Obrekin hasi aurretik, ordea, Laskoain kalekoen eta Euskal Herria plazakoen kasuan egin den moduan, lanen zehaztasunak eman nahi ditu udalak, informazio bilerak eginez Hortaz, aurrera eramango diren obren inguruko azalpenak emateko bilera bana egingo da eremu horretako bizilagun eta merkatariekin.

Apirilaren 12an, astelehena, pleno aretoan bilduko dira udal ordezkari eta teknikariak, obra gauzatzeaz arduratuko den enpresako ordezkariak eta Gernikako Arbola inguruko bizilagunak, 19:00etan. Hilaren 14an (asteazkena), berriz, merkatariekin egingo dute bilera, 13:30ean. Proiektuaren nondik norakoak azaldu, epeak zehaztu eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzea da asmoa.

Gaur egungo osasun egoera dela eta, edukierak zaindu eta bertaratuko direnen segurtasuna bermatze aldera, bileretan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, apirilaren 9a (ostirala) baino lehen. Bileran parte hartu nahi duten merkatariek agoitia@tolosa.eus helbidera mezua bidali edo 943 697 521 telefonora deitu behar dute, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Bizilagunek, berriz, UDATE Herritarren Arreta Zerbitzuarekin jarri behar dute harremanetan, udate@tolosa.eus helbidera idatziz edo 010 edo 943 654 466 telefonoetara deituz (7:15etik 14:15era, eta ostegunetan 7:15etik 19:00etara).  

Paseatzeko espazio gehiago

Iaz, Gipuzkoako Urak Ur Kontsorzioak ur saneamendu sarea berritzeko lanak egin zituen Gernikako Arbolan, ur zikinak eta euri urak bereizteko. Lan horiek eginda, eremuaren berrurbanizazio lanei hasiera emango die udalak datozen hilabeteetan.

Obra honen helburua nagusia oinezkoei lehentasuna ematea da, espazio irisgarriagoa eta seguruagoa lortzearekin batera. Lanen ondotik, tolosarrek paseatzeko espazio gehiago izango dute tolosarrek. Espaloiak zabaldu egingo dira, bidearen maila berean jarriko da, eta abiadura moteltzeko aglomeratu inprimatua erabiliko da. Gainera, noranzko bakarra izango du zirkulazioak eta 14 aparkaleku mantenduko dira eremuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!