Balio anitzeko perkusio jotzailea da Iraide Ansorena (Tolosa, 1987). Khami izeneko proiektua sortu zuen 2014an, eta freelance modura ibiltzen da, talde, banda edo orkestra ezberdinekin. Igandean, Turlach taldearekin ariko da, Plaza Berrian, 19:00etan.
Erraza al da musika talde eta estilo batetik bestera aritzea?
Garaiaren eta beharren arabera moldatzen naiz. Ez da erraza, baina ikuspegi zabalenetik hartuta ikasi nuen perkusio instrumentuak jotzen. Horri esker, edozertara moldatzeko gai naizela esango nuke. Azken lau urteetan, batez ere, folk estiloan murgilduta nabil.
Zer motatako kontzertua eskainiko duzue igandean?
Bi zati izango ditu. Lehenengoan, irlandar dantzen melodiak entzuteko aukera izango da. Alan Griffin irlandarrarekin, Juanjo Otxandorenarekin eta Arkaitz Minerrekin batera ariko naiz. Bere garaian, Euskal Herriko folkaren panoraman, Alboka Folk taldearekin batera arrakasta handia izan zuen Aintzina taldeko kideak dira, eta berriro oholtza baten gainean elkarrekin ikusteko aukera izango dugu. Euren errepertorioko hainbat doinu berreskuratu dituzte. Hala ere, herriko artista gehiagok ere hartuko dute parte igandeko emanaldian.
Igandean ez ezik, larunbatean ere ariko zara, ezta?
Bai. Larunbat goizean Hector Braga asturiarrarekin ariko naiz, Plaza Zaharrean. Hasieran, ikusle modura nindoan bere kontzertura, baina azkenean, partaide izatea egokituko zait. Azken momentuko ideia izan da, eta oraindik ere elkarrekin hitz egiten eta zenbait kontu zehazten ari gara. Bere diskoetako kantuak behin eta berriz entzuten nabil egun hauetan, melodiak nire memorian gorde daitezen. Nahasketa xelebrea izango da, baina gogotsu nago berarekin batera saio bat eskaintzeko.
Hain justu, berezkoa duzun freelance izaerari lotuta doa elkarrekin aritzeko ideia hau.
Nahiko konplexua da elkarren artean oso ezberdinak diren musikari edo taldeekin alde batetik bestera ibiltzea, baina gustuko dut horrela aritzea; ikasketa prozesu modura hartzen dut. Etengabe nabil musika berria entzuten, errepertorioak prestatzen, entseguak egiten, baina musikatik bizi naiz, eta hau da nire eguneroko lana, eta horrela jarraitzeko asmoa dut.
Zer iruditzen zaizu Tolofolk gisako jaialdiak antolatzea?
Jaialdiaren berri eman zidatenean, sorpresa bat izan zen niretzat. Gaur egun, banda eta orkestrekin gertatzen ari den bezala, zertxobait baztertuta dago folk mundua, masa handiagoak mugitzen dituzten beste musika mota batzuk daudelako. Meritu ikaragarria du musika jaialdi bat antolatzeak, are gehiago folk jaialdi bat bada. Oso gertu dugun altxor handi bat da folk musika, eta beharrezkoa da babestea; bestela hil egingo da, eta museoetan geratuko da bere arrastoa.
Egia da, hala ere, azken urteetan, Europan oro har, berpiztu egin dela. Instrumentu herrikoiak ikasteko gogoa handitu da, jaialdiek arrakasta handiagoa dute, eta kultura herrikoiari buruzko jakintza areagotzeko gogoa eta ilusioa ere zabaldu da.
Eta zein garrantzia duzue emakumeek folk munduan?
Musika mundua, oro har, eta ez folk musika bakarrik, maskulinizatuta dagoela esango nuke. Bitxia bada ere, duela 500 bat urte, emakumezkoen kontua zen perkusioa. Baina, gizartea aldatu den heinean, hau ere aldatu da.