Bigarren fasea lehen postuan hasiko du asteburuan Tolosa CF-k

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 7a, 07:58
Tolosa CF eta Beasain taldeen arteko partida Berazubin. AGERREMEDIA.COM

Futboleko Hirugarren Mailako taldeak beste bederatzi talderekin jokatuko du jaitsiera ekiditeko fasea.

Lehen faseko azken jardunaldiko partida jokatzea falta zitzaion futboleko Hirugarren Mailako Tolosa CF taldeari, eta azkenean asteburu honetan jokatu dute, Deustoren aurka, 4-1 galduz. Hori horrela, zazpigarren postuan eta 24 punturekin bukatu du lehen fasea, eta bigarrengoa asteburu honetan hasiko du, jaitsiera postuetatik salbatzeko asmoz. Helburu berarekin hamar talde izango dira lehian, eta Tolosa da horien artean puntu gehien dituena.

Deustoren aurkako partidan ondo lehiatzen hasi zirela azaldu du Mikel Arruabarrena entrenatzaileak: «Gure alde ondo hasi zen partida, ordu erdi on bat egin genuen, baina gero jokaldi arraro batean penaltia adierazi zuen epaileak gure aurka, eta hortik aurrera beraiek gehiago izan ziren». Partida hori oso ondo etorri zaiela gaineratu du: «Partida hori atzeratutakoa izan arren, asteburu honetan hasten da guretzat garrantzitsuena dena, jaitsiera fasea, eta horri begira balio izan digu».

Bigarren fase honetan beste multzoko azken bost taldeen aurka bi partida jokatuko dituzte, etxekoa eta kanpokoa. Azken sailkapenean lehen fasean lortutako puntuak ere balioa izango dute, beraz, aukerak baditu maila mantentzeko Tolosak. Hamar taldeetatik azken seiak jaitsiko dira mailaz. Tolosarrek lehen partida larunbatean jokatuko dute, Berazubin, 16:30ean. Azpeitiko Lagun Onak taldea izango da aurkaria.

«Hasiera gogorra dugu. Lagun Onak beste multzoan azkena geratu da, baina talde indartsu eta ona du, eta azkenaldian hobe ari da, eta dinamika onean dabil», esan du Arruabarrenak. Horrez gain , kontuan izan behar da Ander Avellaneda tolosarra dela Lagun Onak taldeko entrenatzailea, aurreko urteetan Tolosaren entrenatzailea izandakoa. «Ondo ezagutzen dugu elkar, berak ezagutzen ditu gure jokalariak, eta partida oraindik eta gogorragoa izango da», gaineratu du Arruabarrenak. «Badaki zer gauza on eta txar ditugun, eta horregatik zaila izango da. Gure alde dugu irabazteko behar gutxiago dugula beraiek baino. Hala ere, gu irabaztera joango gara, aurreko jardunaldietan hirunaka gehitzen joatea garrantzitsua izango da guretzako». Etxeko partidetan azkenaldian taldea ondo ari dela azaldu du, eta horri eusten saiatuko dira larunbateko partidan.

Bigarren fase honetan partida guztiak garrantzitsuak izango direla azaldu du Arruabarrenak. «Espero dugu lehen fasearen hasiera errepikatzea, eta ea puntuak gehitzen hasten garen», zehaztu du. «Abantaila pixka bat dugunez sailkapenean, hasiera honetan puntu batzuk lortzea oso garrantzitsua da, jakinik gero eta jardunaldi gutxiago geldituko direla, eta partida batzuk irabazi baina beste batzuk galdu egingo dutela. Azkenean xehetasun batzuengatik erabakiko da sailkapena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!