Bizikletak uzteko gune berri bat ezarri du udalak

Ataria 2021eko apirilaren 6a

28 bizikletentzat lekua izango duen aparkaleku estali berria jarri da musika eskola dagoen eraikinaren atzean, mugikortasun eredu jasangarriak sustatzeko helburuarekin.

Tolosako Udalak mugikortasun jasangarrirako egindako Tolosa Badabil planean jasotako lan lerroetako bat da bizikletaren erabilera sustatzea eta bizikletentzako aparkaleku gehiago sortzea. Epe motz, ertain eta luzerako ikuspegia duten proiektu guztietatik hainbat ekintza txiki lehenetsi ditu udal gobernuak legealdi honetarako, eta horien artean kokatzen da, sortu berri den bizikletak uzteko gune estali berria.

Bizikletak aparkatzeko eremu asko daude Tolosan: Oriaburu eraikinaren kanpoaldean, Emeterio Arresen eta Nafarroa etorbidean, besteak beste. Iaz, bizikletentzako 80 aparkaleku berri jarri zituen udalak kiroldegi alboan, eta orain, aparkalekuen eskaintza zabaltzen jarraitzeko, 28 bizikletentzat lekua izango duen aparkaleku estali berria jarri da musika eskola dagoen eraikinaren atzean.

Herritarrei bizikletak aparkatzeko aukera berri bat eskaini nahi dietela azaldu du Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak. “Espazio publikoaren erabilera zuzena ere ahalbideratu nahi dugu, bizikletak ez daitezen horretarako prestatuta ez dauden eremuetan utzi. Mugikortasun eredu jasangarriak sustatzea da helburua, lanera trenez joaten diren tolosarrek bere bizikleta aparkaleku berrian utzi dezaten”, nabarmendu du.

Aparkaleku berria, beraz, mugikortasun jasangarria sustatzeko neurrietako bat da, "tolosarrentzat bizikletaz mugitzea erosoagoa izan dadin". Horrez gain, bizitegi eremu izendatu dituzte hainbat gune, oinezko zein bizikletek kale horietan lehentasuna izan dezaten; herri erdiguneko abiadura mugatuta dago (30km/h), espazio publikoa tolosarrentzat atseginagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa bilakatzeko, eta udalak kaleak eraberritzen jarraitzen du, oinezkoei lehentasuna emanez. "Lanean jarraituko dugu, pertsonak erdigunean kokatzen dituen herri ereduaren alde", adierazi du Amantegik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!