Astelehenero berritzen du Osasun sailak eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda, eta Tolosa gaurtik aurrera zerrenda horretan dago. Izan ere, COVID-19an positibo eman dutenen kopurua asko igo da bertan azken egunetan, eta ondorioz, intzidentzia metatua 400eko langatik pasa da. Hain justu, 69 positibo izan dira azken egunetan, eta 592koa da tasa une honetan.
Labik onartutako azken neurrien arabera, 400eko tasa gainditzen duten udalerriei itxiera perimetrala ezarriko zaie, eta horrekin batera, ostalaritzaren barrualdea ordu jakin batzuetan soilik egongo da irekita. Beraz, bihartik aurrera, Tolosatik ezingo dute irten herritarrek, eta bertara ere ezingo da sartu, osasun edo lan arrazoiengatik ez bada. Horrekin batera, bertako tabernetako eta jatetxeetako barnealdean 06:30tik 09:30era eta 13:00etatik 16:00etara egon ahalko da soilik. Era berean, Tolosako Udalak gogoratu du etxeratze aginduak indarrean jarraitzen duela 22:00etatik 06:00etara, eta erreserbei dagokienez esan du apirilaren 11 bitarteko ostatu erreserbetan intzidentzia tasa ez dela kontuan hartuko, baldin eta martxoak 26a baino lehen eginda badaude.
Tolosako Udalak gogoratu du era berean, Osasun Sailaren esku utzi zuela Beotibar frontoia eskualdeko herritarren txertaketa kanpaina bertan gauzatu ahal izateko. Azken jai egunetan bizkortu egin da txertaketa prozesua eta txertaketak erritmo onean doazela baieztatu du alkate Olatz Peon Ormazabalek. "Elkar babesteko eta zaintzeko txertaketa ezinbestekoa da, baina txertaketa bakarrik, oraindik orain, ez da nahikoa koronabirusaren hedapena mugatzeko eta beraz, ezin gara lasaitu, modu arduratsuan eta zuhurtzia osoz jokatzen jarraitu behar dugu gure ingurukoak zaintzeko, hedapena mugatzeko eta laugarren olatu honi aurre egiteko”, azpimarratu du alkateak.
Bestalde, eremu gorrian dago baita ere Araba, beraz, bertako herritarrek ezingo dute probintziatik atera, eta bertara ere ezingo da sartu. Tolosaz gain, ondorengoak dira eremu gorrian dauden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerriak: Arrasate, Beasain, Ermua, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Ondarroa, Oñati, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Gasteiz, Zumarraga, Berriatua, Berriz, Eltziego, Idiazabal, Iruña Oka, Bastida, Legutio, Ormaiztegi, Segura, Zaldibar, Zaldibia eta Zegama.