Udaberrian, kultura ere loratuko da Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 30a, 14:59

Bertako kultura sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsiz, adin tarte eta gustu guztietarako hamahiru ikuskizun antolatu ditu udalak, ekainera bitarte.

Urtaro bakoitzaren hasieran egin ohi du Tolosako Udalak, hurrengo hiruhilekorako kultur egitarauaren aurkezpena. Aurtengo udaberrirako ere, ekintza sorta zabala prestatu dute. Udako solstiziora bitartean, hamahiru ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Leidor aretoan. «Kultura sustatzen jarraitzen dugu, kalitatezko programazioa osatuz», adierazi du Izarne Iglesias kultur zinegotziak.

Musika, dantza, antzerkia, bertsoak, bakarrizketak eta beste hainbat diziplina artistiko uztartzen ditu udaberriko eskaintzak. «Tolosar guztiak hartu dira kontuan egitaraua osatzerako garaian. Arte eszeniko guztiak biltzen ditu, eta adin tarte eta gustu guztietako herritarrentzako dago prestatua, kulturaz modu seguruan gozatu ahal izateko».

Besteak beste, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre, Aitziber Garmendia eta Ander Lipus aktoreak, Oreka TX musika taldea, Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa musikariak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eta Miren Amuriza bertsolaria igoko dira oholtza gainera. Hala ere, tartean ere izango dira eskualdeko artistak: Antton Telleria bakarrizketaria, Postal Kolekzionistak musika taldea, Leire Amonarriz dantzaria, German Ormazabal musikaria, Hodeiertz abesbatza eta kultur etxeko antzerki taldea.

Leidorreko leihatilan edo tickets.kutxabank.es webgunean eskuratu daitezke saioetarako sarrerak. «Oraindik eskuragarri dago 10 saiotarako bina sarrera deskontuarekin erosteko aukera ematen duen Eszena bonua, 50 eurotan», gogoratu du Jokin Ansorena kultur teknikariak.

Udaberriko kultur eskaintza

Apirilak 10, larunbata

19:00. Tolofolk jaialdiaren barruan, Oreka TX musika taldearen Koklea kontzertua, Leidor aretoan.

Apirilak 16, ostirala

19:00. Antton Telleria tolosarraren Nekatutak bakarrizketa saioa, Leidor aretoan (sarrerak agortuta).

Apirilak 17, larunbata

16:00. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Amaren Intxaurrak! ikuskizuna, Leidorren (sarrerak agortuta).

Apirilak 23, ostirala

19:00. GnatZinema I. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren barruan, Natura Bizia pelikula eskainiko da, Leidor aretoan.

Apirilak 24, larunbata

19:00. Izadi, el lagarto baila dantza ikuskizuna, Leire Amonarriz tolosarraren eskutik, Leidor aretoan.

Apirilak 30, ostirala

19:00. Metamorfosia saioa, Garikoitz Mendizabal txistulariaren eta German Ormazabal piano-jotzaile tolosarraren eskutik, Leidorren.

Maiatzak 7, ostirala

19:00. Artedrama konpainiaren Atzerrian Lurra Garratz antzezlana, Leidor aretoan.

Maiatzak 14, ostirala

19:00. Postal Kolekzionistak musika talde tolosarraren Bagoi hutsak bigarren diskoaren aurkezpena, Leidorren. Apirilaren 15ean kaleratuko du taldeak lan hau.

Maiatzak 21, ostirala

19:00. Miren Amurizaren eta Askoa Etxebarrieta La pulgaren Gorria ikuskizuna, Leidor aretoan.

Maiatzak 28, ostirala

19:00. Txalo produkzioak konpainiaren Konpromisoa obra, Leidorren.

Ekainak 4, ostirala

19:00. Txalo produkzioak konpainiaren Losers antzezlana, Leidorren.

Ekainak 11, ostirala

19:00. Iparragirre 200 urte. Urretxutik mundura musika saioa: Gorka Hermosa, Blanchard Strings, Marino Pardo eta Hodeiertz abesbatza.

Ekainak 18, ostirala

19:00. La Fierecilla obra, kultur etxeko antzerki taldearen eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!