Apirila, liburuaren hilabetea

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 30a, 17:00

Tolosako Udal Liburutegiak, haur eta helduei zuzendutako ekintza ugari antolatu ditu datozen asteetarako; besteak beste, marrazkiekin muralak osatu eta liburuak zozkatuko dituzte.

Apirilaren 2a Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da; hilaren 23a, berriz, Liburuaren Eguna. Data horien baitan, Tolosako Udal Liburutegian liburuaren hilabetea izango da datorren hilabetea, eta hori ospatzeko, haur eta helduei zuzendutako hainbat ekintza antolatu dira.

Alde batetik, Tomi Ungerer ilustratzailearen obra omentzeko, hiru ipuin aukeratu dira ikastetxeetan lantzeko: Haur Hezkuntzan (lau urtetik gora), Hiru bidelapurrak; Lehen Hezkuntzan (6-7 urte) Lagun berriak; eta azkenik, hau ere Lehen Hezkuntzan (zortzi urtetik gorakoekin), Otto ilaunezko hartz baten autobiografia.

Behin irakurgaiak landuta, ipuinei buruzko marrazkiak egingo dituzte ikasleek, eta muralak osatuko dira horiekin. Ondoren, liburutegiaren webgunera igoko dira muralen argazkiak, eta apirilaren 30etik aurrera egongo dira ikusgai herritar guztientzat. Marrazkien egileen artean, gainera, liburuak zozkatuko dira. Bestetik, Tomi Ungereren hainbat obra maileguan hartzeko aukera egongo da liburutegian; bere lanaren inguruan sortutako interesgunean egongo dira.

Bestalde, hilabetean zehar gustuko liburuak gomendatzen dituzten haur eta helduen artean ere liburuak zozkatuko dira. Hiru modu daude parte hartzeko: instagram bidez, gomendioarekin story bat sortzea @tolosako_liburutegia etiketatuz, argazkia liburutegia@tolosa.eus helbide elektronikora bidaliz, edo gustuko liburuarekin liburutegira hurbilduz eta bertan argazkia eginez. Gomendioen argazkiak ikusgai egongo dira Tolosako Udal Liburutegiaren instagram kontuan eta webgunean, eta apirilaren 30ean egingo da zozketa, parte-hartzaile guztien artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!