Zazpi metro kubiko hondakin bildu dituzte ikasleek, Oria ibaian

Ataria 2021eko martxoaren 30a

Uraren egunean, DBH-ko 2. eta 3. mailako 210 ikaslek egin zuten erreka garbiketa, irakasle eta udal teknikarien laguntzarekin; batez ere, plastikoa bildu zuten.

Martxoaren 22an ospatu zen Uraren Nazioarteko Eguna. Egun horren harira, Tolosako Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin eta ikastetxeekin elkarlanean, Oria ibaiaren garbiketa gauzatu zuen. Bi goizetan egin ziren garbiketak, eta guztira Tolosako hiru ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. mailetako 210 ikasle inguru aritu ziren lanean, irakasle eta udal teknikarien laguntzarekin. 

Guztira, 7 metro kubiko hondakin bildu dituzte aurtengo garbiketan. Aurreko urteetan, hondakin ugari eta bolumen handikoak jaso ziren; aurten, berriz, gehienak plastikoak edo ontzi arinak izan dira, eta kopurua txikiagoa izan da. Udal teknikarien ustez, bi arrazoirengatik izan daiteke: "azken urteetan garbiketak egin direlako eta pandemia egoeragatik denbora asko pasa dugulako etxean, eta irteerak mugatuak izan direlako". Hala ere, ontzi arinez gain, bestelako hondakinak ere aurkitu dira, hala nola, beira, oihalak, arropa, aterkiak, pneumatikoak, hesi bat, bizikleta bat, burnizko elementuak eta bi patinete.

Ikasleekin egindako garbiketak irisgarriak ziren hiru puntutan egin dira: Andre Maria elizaren atzean, Sam zubiaren eta Berazubi zubiaren artean eta Usabal kiroldegiaren inguruan. Garbiketa egin den gunearen arabera, ateratako hondakin mota ezberdina izan da. Jasotako hondakin guztiak zaku handietan bildu ziren, ondoren, garbiketa zerbitzuak jaso ahal izateko.

Ikastetxeen inplikazioa eta ikasleek egindako lana azpimarratu eta eskertu dute udaletik. "Ekimenaren balantzea oso positiboa izan da eta hainbat herritar hurbildu dira gazteek egindako lanak eskertzera". Udalak beste eragile batzuekin jarraituko du ibaiaren garbiketa egiten datozen egunetan: arrantzale taldearekin eta kontratatutako zerbitzuen bitartez. "Urrian beste garbiketa bat ere egingo dela aurreikusten da, DBH-ko 2. eta 3. mailako 100 bat ikaslerekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!