Lau fasetan egingo dituzte Euskal Herria plazako lanak

Ataria 2021eko martxoaren 29a

15 aste iraungo dute arkupeetako zoladura berritzeko lanek, eta hasi baino astebete lehenago jakinaraziko du udalak.

Aurtengo aurrekontuetan txertatutako hirigintza proiektuetako bat da Euskal Herria plazako arkupeetako zoladura berritzeko obra. Lan horiekin hasi aurretik, ordea, bertako bizilagun, ostalari, Bide-Bide hoteleko jabe, Topic-eko ordezkariekin eta azokako ekoizleekin bildu da udala, lanen inguruko xehetasun guztiak azaltzeko eta sortu zitezkeen zalantzak argitzeko.

Plazako arkupe azpiko zoladura berritzea da lanen helburu nagusia. Hala ere, horrez gain, hiri altzariak (besteak beste, eserlekuak eta iturria) berrituko dituzte, eta saneamendu sareko harguneak eta sare elektrikoaren kanalizazio osagarria ere gauzatuko dituzte.

Sarrera, beti bermatua

Lau fasetan gauzatuko dituzte lanak, bizilagun eta herritarren artean ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Fase bakoitzean arkupeen alde bat berrituko dute: lehenik, Topic museoaren aldekoa; ondoren, Antonio Lekuona kalearen aldekoa; gero, Andia kalearen aldekoa; eta azkenik, Rondilla kalearena. Azken fasean obraren eremu osoko amaierako lanak egingo dituzte.

Guztira, hamabost asteko iraupena eta 271.000 euroko aurrekontua izango dute lanek. «Uneoro bermatuko dugu eraikinetarako sarrera, plazarako hiru sarbideetatik bi zabalik egongo baitira obrek irauten duten bitartean, eta oraingoz behintzat, ez da zerbitzu-sareen mozketarik aurreikusten. Gainera, lanekin hasi baino astebete lehenago jakinaraziko diegu herritarrei», adierazi dute udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!